Bihar hasi eta hilaren 30a bitartean El País egunkariko kazetariek ez dituzte euren testuak sinatuko. Protesta gisa hartuko duten aurreneko erabakia izango da hori. Hitzarmen kolektiboaren negoziazioetan ez aurrera ez atzera baitaude orain. Eta langile batzordeak eskaera hauek egin ditu: soldatak parekatzea, kontratu finkoa ezkutuan aritzen diren hamabi langilerentzat eta enpresak konpromisoa hartzea kaleratze gehiago ez egoteko.
Langileek salatu dute El País-eko zuzendaritzak «soldata eskala bikoitza» ezarri nahi duela eta datozen hiru urteetan soldatak jaitsi nahi dituela. Langile berriei urteko 18.000 euroko soldata jarri nahi diete, eta langile batzordea horren aurka dago. Enpresak, ordea, maila horretako kontratu batzuk egin ditu jada ordezkapenetan.
El País-en aurki hamabost langile kaleratuko dituzte, Prisa taldearen eraginkortasun planarekin bat egiteko. Egunkariko langile batzordea plan horren aurka dago, ezin direlako ehunka langile kalean utzi irabaziak lortzen dituen enpresa batean.
Liberty enpresaren mende
Iazko martxoan Prisak akordio bat egin zuen Liberty Acquisition Holdings AEBetako enpresarekin. Horren ondotik, akzioen %65 kontrolatzen du Libertyk. Talde osoan 2.500 langile kaleratzeko asmoa azaldu zuen AEBetako enpresak urte hasieran.Prisako prentsa atalean 309 kaleratze iragarri dituzte 2012. urterako. Horietatik ehun Pressprint El País-eko inprentakoak izango dira.
Komunikazioa
'El País'-eko kazetariek ez dituzte testuak sinatuko astebetez
Soldatak parekatzeko, hamabi langileri kontratu finkoa egiteko eta kaleratze gehiago ez egoteko eskatzen dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu