Eliza eta Trump, kazetaritza ezinbestekoa dela erakusteko

Iruñean hitz egin du Elizaren sexu abusuen eskandalua argitaratu zuen Marty Baron 'The Washington Post'-eko gaurko zuzendariak

Marty Baron, atzo Iruñean, Hedabide tradizionalen etorkizuna hitzaldia eman ondoren. MANUEL CASTELLS-UNAV.
Edu Lartzanguren.
2017ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Spotlight filma seme-alabekin ikusi ote duen galdetu zion aurreko batean Marty Baronek lagun bati. Apaiz katolikoek eginiko sexu abusuen inguruko istorio batekin, filmak bi Oscar sari irabazi zituen iaz. Lagunak ezetz erantzun zion Baroni: «Beldur naiz filmaren eraginez kazetari bihurtu nahi izango duten». Barrez hartu zuten ateraldia kazetaritza ikasleek atzo Nafarroako Unibertsitatean, Iruñean, Baron kazetariak emaniko hitzaldian.

2013. urtetik da Baron Washington Post egunkariko zuzendaria. Miami Herald-etik eta Los Angeles Times-etik pasatu ondoren, Boston Globe zuzendu zuen 2001etik 2012ra. Orduan argitaratu zuen Eliza katolikoak hamarkada luzez ezkutaturiko sexu abusuen afera. Washington Post-en dagoenetik, lau Pulitzer sari irabazi ditu egunkariak.

Etorkizuneko kazetariei mintzatu zitzaien Baron atzo, Hedabide tradizionalen etorkizuna hitzaldian. Gaurko prentsan misioa eta negozioa ezin direla bereizi adierazi zuen: «Misioari marka esaten diote batzuek, baina nik nahiago dut arima deitu». Erakunde eta gizabanako boteretsuei kontuak eskatzea da kazetaritzaren misioaren muina, azaldu zuenez. Baron pertsonaia gisa agertzen da Spotlight filmean, Liev Schreiber aktoreak antzeztuta. Prentsa eta ikerketa kazetaritza zergatik diren ezinbestekoak erakutsi zuen sexu abusuak ezkutatu izanaren aferak, kazetariak esan zuenez.

2002an argitaratu zuen Baronen taldeak abusuen inguruko erreportaje eta albiste sorta. Ordurako aspaldikoak ziren gertaeretako batzuk. «Ezin izan genuen hori lehenago argitaratu?», galdetu zion bere buruari atzo. Eta erantzuna eman zuen jarraian: denek atera zezaketen gaia lehenago, ez bakarrik Boston Globe-k, baina ez zuten egin «Elizaren boterearengatik, irakurle batzuk haserretzeko beldurrarengatik eta katolikoen aurkako gisa etiketatua izateko beldurrez». Kontatu zuenez, «sekulako lana» izan zen frogak biltzea eta erakustea ez zela gizabanako batzuen kontua, baizik eta erakunde oso baten erantzukizuna.

Eskandalua argitara ekarri izanak erakusten du, Baronen arabera, kazetaritza nola hobetu daitekeen eta nola hobetu behar den: «Entzule hobeak izan behar dugu, eta ez gara beti behar bezain onak». Adierazi zuenez, gaurko hedabide askoren jarduna, berriz, entzutea barik, hitz egitea dela «garrasi egitea, hain zuzen». Telebistako eta Interneteko elkarrizketen tonuaz ari zen: «Horrenbeste igo dugu bolumena, non dagoeneko ez diogun elkarri entzuten».

Gizartearen bazterrean erori direnei, edo horretara bota dituztenei hobeto entzuteko beharra aldarrikatu zuen. «Ahulenen ahotsak ekar dezake boteretsuek ezkutatu nahi duten mezua. Kazetarion lana da egia horiek munduari kontatzea».

Galderen txandan, Trumpek prentsaren aurka eginiko adierazpenez aritu zen: «Irain guztiak erabili ditu kazetarion kontra», esan zuen. «Baina [AEBetako] Gobernuak gezurra esaten badu, eta hala egin du hainbatetan agintaldiko lehen astean, gezurtatzeko artikuluak argitaratuko ditugu».Edonola ere, Trumpez edozein presidentez informatuko luketen bezala informatuko dutela adierazi zuen. «Ez diogu utziko gu beldurtzen irainen bidez».

Baina Edward Snowden aferaren Washington Post-ek harturiko jarreraz galdetu zion beste entzule batek. AEBek mundu osoko agintarien eta biztanleen komunikazioak zelatatzen zituztela erakutsi zuen Snowden Segurtasun Nazionalerako Agentziako langileak. Hari ez barkatzeko eskatu zuen The Washington Post-ek egunkariak irailean, nahiz eta hari esker Pulitzer saria irabazi. AEBetako egunkari gehienetan erabat bananduta egoten dira iritzi atalak eta informazioa lantzen duten kazetariak. Azken horietaz arduratzen da Baron, eta editorialekin zerikusirik ez duela adierazi zuen. Errusian babestu behar izan duen Snowdenen defentsa berretsi zuen: «Zerbitzu publikoa egin zuen agiri haiek argitaratzean. Hala esan nuen orduan, eta horretan jarraitzen dut. Ez dut bat egiten editorialarekin. Ez dakit nola hartu zuten erabakia, eta ez nago ziur jakin nahi ote dudan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.