Duela aste batzuk Euskal Herrian izan zen Belen Pardo kazetari eta antropologo kolonbiarra. Bisita horren barruan, irrati komunitarioari eta giza eskubideei buruzko agerraldi batean parte hartu zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietako Giza Eskubideen Batzordean, eta komunikazio komunitarioari eta feministari buruzko tailer batean ere izan zen, Hernanin (Gipuzkoa). Ama Espainiakoa du, eta aita Kolonbiakoa; 1977an jaio zen kazetaria, Madrilen, eta 1978an Kolonbiara bizitzera joan.
Euskal Herritik zer mezu argirekin bueltatu zara Kolonbiara?
Gai batzuetan bat gatoz Euskal Herriko irratiak eta Kolonbiakoak: hedabide masiboek isilarazitako edo estigmatizatutako mendeko ahotsak anplifikatzeko ahalegin iraunkorra egin behar dugu.
Kolonbian zer garrantzi dute irrati komunitarioek emakumeentzat?
Kolonbiako irrati komunitarioa parte hartzearen, eskubideen aldarrikapenaren eta posizionamenduaren agertoki bat da historikoki eskubideak urratu zaizkien talde guztientzat. Emakumeentzat, bereziki, beren eskubideak defendatzeko, beren borroketan posizionatzeko eta pertsonalki eta kolektiboki hazteko gune bat da irratia. Gero eta gune komunitario gehiagotan aurkitzen ditugu emakumeek erabakiak hartzeko lekuak. Gainera, irratiek mikrofonoa ireki diete historikoki baztertuta egon diren beste talde batzuei, hala nola zaintzaileei eta askotariko genero orientazioak eta identitateak dituztenei.
Latinoamerikako irrati sareak nolakoak dira?
Latinoamerikan hainbat irrati sare daude. Eta hiru abantaila handi sortzen dizkiete irrati txikiei: sareetan parte hartzeak modua ematen du eduki hiperlokalak errazago hedatzeko sare bereko beste irrati txiki batzuetan; segurtasun inplikazioak izan ditzaketen edukiak sortzen direnean, sareekiko loturak euskarri kolektiboa eskaintzen du; eta, era berean, publizitate agentziek sareak bilatzen dituzte, eta sarea osatzen duten hedabide txikien artean banatzen edo zabaltzen dute saldu nahi duten hori.
«Irratiak balio handia du sentitzeko norbera ez dela bakarrik borrokan ari, baizik eta borroka kolektiboa dela»
Nolako lana egiten duzue Vokaribe irratian?
Duela 30 urte baino gehiago zeuden helburuek indarrean diraute: hirian dauden mendeko ahotsak zabaltzea, gazteen, emakumeen, migratzaileen eta gutxiengo etniko, kultural eta sexualetako kideen parte hartzea bultzatzea, Barranquillako hego-mendebaldeko sektore kalteberen arreta erakartzea, komunikaziorako eskubidea aldarrikatzea gainerako eskubide guztietarako sarbide gisa, eta herriaren eta hiriaren garapenari laguntzea. Orain, komunitateak ekoitzitako hamar programa iraunkor ditu irratiak, eta hamasei lagunek hartzen dute parte. Horrez gain, beste erakunde batzuek landutako aldizkako edukiak ere ematen ditu irratiak, bai Barranquillan, bai Kolonbiako beste leku batzuetan.
Matxismoari aurre egiteko nolako tresna da irrati komunitarioa?
Emakumeak ahalduntzeko eta patriarkatuari aurre egiteko beharrezko tresnetako bat da irratia. Irratiak ezin du bere kabuz konpondu gizartearen egiturazko joera bat, baina, zalantzarik gabe, gizartea eraldatzeko baliabideetako bat da. Batetik, bultzatzen du emakumeak eduki sortzaile gisa ahalduntzea. Eta, bestetik, irratiaren beste aldean daudenentzat ere funtsezkoa da: emakumeek egindako edukiak eta errealitate patriarkala zalantzan jarri eta eraldatzeko asmoa duten edukiak entzunez, etengabe entzun beharreko gaiak agendan jartzen laguntzen dugu. Irratiak balio handia du ereduak izateko eta sentitzeko norbera ez dela bakarrik borrokan ari, baizik eta borroka kolektiboa dela.
«Irrati komunitarioaren zeregina funtsezkoa da aldi historiko honetan»
Iruditzen zaizu posible dela Kolonbiako eta Euskal Herriko irratiak elkarlanean aritzea?
Mundu osoko irrati komunitarioek harremana izatea funtsezkoa da irrati bakoitza bere leku txikian eta sare bakoitza bere herrialdean indartzeko. Garrantzitsua da sare horietan beste eragile batzuk antolatzea, hala nola komunikazio kolektiboak, ikasleak eta irakasleak, eta eskubideen alde borrokatzen diren gizarte zibileko erakundeetako kideak. Elkarrizketa zabal horren bidez elikatzen da irrati komunitarioen lana. Irratiek etengabeko elkarrizketa iraunkorra eta solidarioa izan behar dute gizarte zibilarekin, programazio sendoak izan daitezen eta bizi garen munduaren konplexutasunaren berri eman dezaten.

Irratia hilko zela esan zuen baten batek, baina...
Askotan galdetzen digute irratia hil egingo ote den, eta, egia esan, bizirik eta indartsu dago. Bitarteko gisa, irratia ikus-entzunezko plataformekin lehiatzen da sare sozialetan. Irudiak pisu oso handia du, eta lehia hori asimetrikoa da. Irrati komunitarioaren eta irrati komertzialaren artean ere ez da orekarik. Baina, hala ere, irrati komunitarioaren zeregina funtsezkoa da aldi historiko honetan, gutxienez bi arrazoirengatik: irratia egiteak espektro elektromagnetikoaren gaineko kontrol ariketa bat dakar —Interneteko plataformetan ez da halakorik—, eta eskubide hori aldarrikatzen jarraitu beharreko konkista bat da, baita informazioaren zirkulazio askea bermatzeko ere. Bestalde, irratiak aukera ematen du etenaldi bat egiteko eta hausnartzeko; hau da, gainerako kontsumo baliabideek sustatzen duten berehalakotasun horretatik harago joateko. Gaitasun hori ezinbestekoa da pentsamendu kritikoa lantzeko. Horregatik, irratia lehia desorekatuetan bizi den arren, hark irautea beharrezkoa da komunikatzeko eskubidea, eta, ondorioz, gainerako eskubide guztiak bermatzeko.
Feminismoak badu eragina horretan, ezta?
Zalantzarik gabe, feminismoak zeharkakoa izan behar du irrati eskaintzan. Eta hala izan beharko luke hedabide guztietan ere, baina bereziki garrantzitsua da komunikabide libre eta komunitarioetan. Hedabide txiki horietan pentsamendu kritikoa eraikitzen da, korporazio handien eta interes indibidualisten boterea kontrolatu, eta bestelako gizarte bat eratzeko aukera zabaldu. Gizarte batek, bestelakoa izateko, feminista izan behar du.