Komunikazioa. Euskal komunikazioa eta sare sozialak (eta XVI). Jon Ordoñez. 'Berriketan.info'-ko arduraduna

«Erabilgarriagoa izango da aurki 'Berriketan.info' sakelakoetarako»

'Berriketan.info' dinamizatzeaz arduratzen da Ordoñez sarea sortu zenetik.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Andoain
2012ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
1998tik 2003ko otsailera, Euskaldunon Egunkaria-n lan egin zuen Jon Ordoñez kazetariak (Beasain, Gipuzkoa, 1977). Eta BERRIA sortu zenetik, bertan ari da.

Urtebete baino gehiago joan da Berriketan.info martxan jarri zela. Zer balantze egingo zenuke?

Balantzea ona da. Zerbait berria jarri zen martxan, eta, gaur egun, 800 kidetik gora dauzka. Une jakin batzuetan, oso emaitza ona eman du. Orain, Berria.info-ko eta Hitza.info-ko iruzkin sistema berria Berriketan.info-n oinarritu dugu, eta hortik indartuta atera da.

Erabiltzaile kopururen bat jarri duzue helburu moduan?

Mila lagunetara iritsiko gara, eta beste kopuru batzuetara ere bai. Pausoak emango ditugu, eta jendeak erantzungo duela espero dugu. Baina kopuruari baino gehiago, iruzkinari berari ematen diot nik garrantzia. Bizirik dagoen zerbait da, eta bizirik mantendu behar dute erabiltzaileek.

Gertaera jakin batzuetan emankorra izan da Berriketan.info: hauteskundeak, Frantziako Tourra, Aieteko Adierazpena... Une horietan parte hartze handiagoa lortu duzue.

Berriketan.info dinamizatu egin behar da. Eztabaida guneak guk proposa ditzakegu, baina erabiltzaileek ere bai. Guk proposamenak egin behar ditugu. Txirrindularitzarena oso kuriosoa izan zen, etapetan jendeak asko parte hartu baitzuen. Kataluniako hauteskundeetan hasi ziren guk eskatuta lagun batzuk kanpaina nola jarraitzen zuten kontatzen.

Iruzkin sistema berriarekin zer lortu nahi da?

Elkarrizketa eta eztabaida. Orain arte, Berria.info-n eta Hitza egunkarien webguneetan ez zegoen erregistratu beharrik iruzkinak egiteko, baina horrek iruzkinen gainean egotera behartzen gintuen. Lehen, albiste gutxik ematen zuten iruzkinak emateko aukera, baina, orain, guztiek.

Iruzkinei egindako erantzun gutxi egoten dira oro har. Zer diozu alor horretaz?

Horrek badauka egiteko bide bat. Gu gauzak hobetzen joango gara, eta eztabaida eta elkarrizketak egotea nahiko genuke. Alde horretatik, hori indartzeko hartu behar diren erabakiak hartuko ditugu. Gure erronka hori indartzea da. Euskal Herrian badago masa kritiko bat horretarako; beste webgune eta sare sozial batzuetan ikusten dugu.

Laster, gailu eramangarrietarako Berriketan.info-ko aplikazioa iritsiko da. Zer abantaila ekarriko dizkie kazetariei?

Abantaila nagusia izango da Berriketan.info erabilgarriagoa izango dela sakelako telefonoetan. Hainbat ekitaldiren berri izan daiteke gure sarean telefonoarekin, esate baterako, manifestazio baten berri. Eta demagun Athletic Kopako finalera iristen dela. Zabaldu dezakegu talde bat, eta finala jokatzen den hirian zaleek euskaraz kontatu ahalko dute zer bizi duten. Horrelako gauzetara iristeko beste pauso bat izango da sakelakoetara egokitzea.

Berriketan.info Twitter eta Facebookekin lot daiteke.

Bai, niri iruditzen zait gero eta gehiago erabiliko dela hori. YouTube eta Vimeo ere hor daude. Guk ez diegu bizkarra ematen beste sare sozialei. Aukera ematen dugu mezu bat aldi berean hiru saretan zabaltzeko. Horrek jende gehiagorengana iristeko aukera emango dio mezua idazten duenari.

Sare sozialetako zentsura gaia pil-pilean dago. Facebookek Sexual Herria liburuaren azala zentsuratu du. Twitterren, berriz, estatuek euren herrietan mezuak zentsuratzeko aukera izango dute. Zer diozu zentsuraz?

Twitterrek berak aitortu du lehen zentsuratzen zituela mezu batzuk. Orain, galbahea herrialdeka pasako da. Herrialde bakoitzaren kultura eta ohiturak errespetatuko direla diote, baina hori oso nahasia izan daiteke. Edonola ere, argi dago Europan bertan ez dagoela erabateko adierazpen askatasuna. Askatasun erabatekoa oso gutxitan gertatzen da.

Komunikabideek nola jokatu behar dute Twitterreko kontuarekin?

Ados nago Juan Kruz Lakastarekin, ezin dutela izan RSS jario hutsa. Sare sozialak ez daude horretarako. Hausnartu behar dugu zertarako egon behar dugun Twitterren, albisteez gain. Batetik, beharko genituzke langileak sare sozialetaz arduratzeko. Bestetik, komunikabide baten profiletik ezin dira norberaren sentsazioak agertu. Promozioak, irakurleentzako abantailak, lehiaketak eta horrelakoak eman daitezke Twitterren jendearengana iristeko. Baina erabiltzaileak guregana iristeko bidea egin behar dugu.

Berrikuntza teknologikoen alorrean,nola ikusten duzu beste komunikabideekiko elkarlana?

Beharrezkoa. Argi dut Berriketan.info guk sortu dugun arren euskarazko beste komunikabide eta kazetariek erabil dezaketela. Beste batzuena ere guretzat interesgarria izan daitekeen bezala. Garaiak, gainera, elkarlanera eta dauzkagun baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatzera behartuko gaitu.

Sare sozialen inguruko elkarrizketa sorta osorik helbide honetan irakurgai:

berria.info/guregaiak/150
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.