Modan dagoen horri in dagoela esaten zaio. Asko eta asko dira modaren sareetan erortzen direnak; hura merkaturatu, hura erosi. Baina, sare horretan erortzen direnez gain, badira sarean bertan eurentzako jantzi aproposak topatzen dituztenak ere. In dauden horiek on ere badaude; on line, hain zuzen ere. Gero eta gehiagok erosten dute arropa saguaren kliken bidez, Internet bidez. Pintzarik gabe, zintzilik dago arropa. Eta jartzeko prest, gainera.
Aukera ugari ematen ditu Internetek arropa erosteko orduan. Batetik, markek euren produktuak saltzen dituzte; denda fisiko bat izan beharrean, on line dendaren bidez daukate zerbitzua. Bestetik, hainbat marka biltzen dituzten atariak daude; epe baten buruan, eskaintza berriak sartzen dituzte katalogoetara.
Kukuxumusu da Internet bidezko saltzen duen marketako bat. 1997an hasi ziren zerbitzu hori ematen, eta Interneten saltzea gauza berria bazen ere, 400 elastiko saldu zituzten lehenengo urtean. Mikel Melero Kukuxumusuko on line dendako arduradunetako baten hitzetan, «120.000 eskari izan dira dagoeneko, eta erosleak 16 eta 45 urte bitartekoak dira gehienbat». Gainera, gehien saltzen diren produktuen artean daude gizonezkoen mahuka motzeko elastikoak.
Baina errentagarria al da sareko denda, kontuan hartuta zer aparteko gastu dituen? Katalogoa sarean eskaintzeko lan handia behar da, eta jende askok parte hartu behar du prozesuan: informatikoek, argazkilariek, diseinu departamentuak... Kukuxumusuk egiten duen eskaintza dendetan egiten duen bera da; beraz, handia da sarean zintzilik jarri beharreko katalogoa. «Errentagarriagoa da erosleari zuzenki saltzea. On line denda izatea garestia da, baina, kontuan hartzen badugu komunikazio arloan aurreratzen dena, errentagarria da», dio Melerok.
Arropa ez ezik, Euskal Herrian ekoitzitako bestelako produktuak sarean saltzen ditu Euskal Herriko Plazak ere. Jatekoa, edariak, liburuak eta diskoak ere eros daitezke hor. Jantziei dagokienez, eskaintza zabala egiten dute: emakumeentzako, gizonentzako eta haurrentzako elastikoak saltzen dituzte. Gainera, haurrentzako euskal jantziak ere badituzte. Horietaz gain, txapelak eta eguzkitako betaurrekoak ere eros daitezke. Interesa duenak www.euskalherrikoplaza.com helbidean egin dezake eskaera.
Berriki zabaldu du Zara enpresak ere sareko denda-www.zara.com-; 2007. urtetik etxerako oihal eta tresnak saltzen dituen denda martxan du Interneten. Oraingoz, Europako herrialde batzuetan ematen du zerbitzua, eta Euskal Herrian erabiltzeko prest dago jada. Dendetako prezioekin alderatuz gero, berdintsua izango da on line dendan ordaindu beharrekoa, eta egindako eskaera bi modutan jasotzeko aukera dago: norberak aukeratutako Zara denda batean edo etxean bertan -bi edo hiru egunen buruan, edo 48 ordura, Espres zerbitzua erabilita-. Horrela, Zarak Internetera egokitu du bere eskaintza, eta beste euskarri batzuetara egokitzeko ahaleginak egin ditu: iPhone-rako eta iPad-erako aplikazioak martxan daude, erosketak horien bitartez egin ahal izateko.
Marka anitzeko atariak
Outlet dendak denboraldikoa ez den arropa saltzen duten saltokiak dira; Interneten, marka anitzeko atariak ere esaten zaie. Batzuek egunero sartzen dituzte marka berriak katalogora; besteek, berriz, astero aldatzen dituzte. Marka anitzeko atari ezagunen artean daude Privalia, Private Outlet, Ofertix eta Showroomprive. Aurreko denboraldiko arropak merkeago saltzen dituzte horiek, %70eko beherapenekin askotan. Sarean denda duten hainbat markek ere atarihorietan ipintzen dituzte euren eskaintzak; Kukuxumusuk, esaterako.
Arropa bera ukitu eta ikusi gabe eroste horrek, mesfidantza eragin dezake batzuengan. Unai Arranz erabiltzaileak, birritan erosi du arropa Internet bidez, eta, behin, esperientzia ez zen guztiz positiboa izan: «Elastiko bat erosi nuen, eta argazkian agertzen zenak eta bidali zidatenak ez zuten zerikusirik». Merezi ez zuelakoan, elastikoarekin geratu zen Arranz, eta berak bezala askok egiten dutela dio: «Azkenean produktua itzuli, aldatu eta berriro bidali beharrak atzera eginarazten zaitu». Sandra Limousin multimarka atarien erabiltzailearen ustetan, aldetxarrak baditu Internet bidez erosteak; dena den, alde onak gailentzen zaizkiola azaldu du: «Askoz ere azkarragoa da, ez duzu dendaz denda ibili behar marka guztien eskaintza ikusteko; eta, merkeagoa izateaz gain, arropa aldatzea ere oso erraza da».
Erosketak, saguaren laguntzaz
Gero eta jende gehiagok erabiltzen du Internet, eta gero eta gehiagok arropa erosteko. Asko oraindik mesfidati badaude ere, beste batzuentzat abantaila handia da etxetik bertatik erosi ahal izatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu