Erronka, baina orobat makulu

Adimen artifizialak ekarri dituen aukerak xehatu dituzte EHUk antolatutako Ziberkazetaritza kongresuan, Leioan. Nabarmendu dute ikerketa kazetarientzat aspalditik dela lagungarria datu kopuru handiak antolatzeko eta aztertzeko, besteak beste.

Thomas Steinmaurer gaur, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko paraninfoan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Thomas Steinmaurer gaur, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko paraninfoan. ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
Leioa
2025eko azaroaren 10a
13:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi jarrera gailendu ohi dira adimen artifizialaren inguruan: batetik, errezeloa; bestetik, itxaropena. Lucia Virostkova Bratislavako Comenius Unibertsitateko ikerlariak onartu du teknologia horrek badituela zenbait arrisku —lanpostuen desagerpena, besteak beste—, baina «baikorra» da, oroz gain, profesionalentzako tresna baliagarria baiteritzo. Eta ez etorkizunean erabiltzeko, baizik eta dagoeneko baliatzeko. «Adimen artifizial sortzailearen eztanda gertatu aurretik ere, ikerketa kazetariak hasiak ziren esperimentatzen», ziurtatu du Virostkovak gaur, EHUko Gureiker ikerketa taldeak antolatutako Komunikazio Digitalaren eta Ziberkazetaritzaren Nazioarteko 17. Kongresuan, Leioako campusean (Bizkaia). Baina, edonola ere, ohartarazi du: «Beharrezkoa da beti gizaki batek gainbegira ditzan tresna teknologikoak».

Lan jakin batzuetarako erabiltzen dute kazetariek adimen artifiziala: ez albisteak idazteko, baizik eta, batez ere, biltzen duten informazio mordoa ordenatu eta erosoago eta eraginkorrago aztertu ahal izateko. Eta ezaugarri hori, hain justu, ezinbestekoa izan da Eslovakian harrabotsa piztu zuen krimen bat ikertzeko: Jan Kuciaken hilketa. Kuciak ikerketa kazetaria zen, eta sarri kolaboratu zuen beste profesional batzuekin: esate baterako, Panamako paperak ikertzen ibili zen. Ustelkeria zuen jopuntuan, hortaz. 2018ko otsailaren 21ean hil zituzten Kuciak eta haren bikotekide Martina Kusnirova; 27 urte zituzten. Fiskalak Marian Kocner enpresariari egotzi zion hilketa agindu izana: Kocnerren «praktika ustelen» inguruan idatzia zuen Kuciakek, eta mehatxuak jaso zituen hainbatetan lan horien kausaz.

«Adimen artifizial sortzailearen eztanda gertatu aurretik ere, ikerketa kazetariak hasiak ziren esperimentatzen»

LUCIA VIROSTKOVA Bratislavako Comenius Unibertsitateko ikerlaria

2020an izan zen epaiketa: lau lagun zigortu zituzten, eta Kocner absolbitu. Baina kasua ez zen orduan bukatu; izan ere, urte berean Poliziak ikerketako dokumentu mordo bat filtratu zizkien hedabideei. Iturri oso oparoa zen, 2,6 terabytekoa; baziren kontu hutsalak, baina baita eduki mamitsuak ere, hala nola Kocnerren sakelakotik eta ordenagailutik ateratako informazioa, non argi agertzen zen enpresariak hartu-emana zuela herrialdeko gobernuko kide batzuekin, epaileekin, eta baita Kuciak jazarri zienekin ere. Panamako paperen aferan gertatu zen legez, herrialdeko eta nazioarteko kazetariek sare bat osatu zuten gaia ikertzeko, eta adimen artifiziala erabili zuten filtrazioaren edukia sailkatu ahal izateko. «Internetetik kanpo egin zuten lan», Virostkovaren berbetan, «segurtasunagatik, eta arrazoi etiko eta legalengatik». Epaiari helegitea aurkeztu zioten, eta datorren urtean beste epaimahai batek epaituko du ostera Kocner.

«Gizarte zatikatua»

Ikerketa kazetariena ez ezik, hedabide publikoen kontua ere bada adimen artifiziala. Salzburgoko Unibertsitateko ikerlari Thomas Steinmaurerrek sare publikoaren balioa aitortu du, eta eraldaketa digital betean zerbitzu publikoek dituzten erronkak eta betebeharrak aletu ditu. Plataforma digitalen ereduak «zaildu» egin du negozio eredu jasangarriak erdiestea. Horrez gain, audientzia ere bada kezka iturri hedabide publikoentzat: haien ikus-entzuleak zahartzen ari dira, eta, aldiz, gazteek euskarri berrietara jotzen dute nagusiki. Algoritmoek ahalbidetzen duten eduki pertsonalizatua ere hizpidera ekarri du Steinmaurerrek, «gizarte zatikatua» eragiten duelakoan.

«Zaila bihurtzen ari da, batez ere kontsumitzaile gazteentzat, eduki digitaletan kazetaritza bereiztea»

THOMAS STEINMAURER Salzburgoko Unibertsitateko ikerlaria

Eta, hala ere, hedabide tradizionalek badute zeresana horretan, ikerlariaren irudiko. Besteak beste, edukien egiaztatzaile gisa joka dezaketelako. «Zaila bihurtzen ari da, batez ere kontsumitzaile gazteentzat, eduki digitaletan kazetaritza bereiztea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.