ETB1eko Eskamak kentzen telesaila, euskaraz telebistan dagoen bakarra, maiatzaren 10ean amaituko da. Lehen denboraldia bukatzeko bi atal gelditzen dira, eta ez da gehiago grabatu —abenduaren 31n bukatu zituzten grabaketak—. Telesaila bigarren denboraldi bat izateko bidean da, ordea, K2000 ekoizpen etxeak azaldu duenez. ETBk K2000 eta La Competencia etxeei biblia berriak idazteko enkargua egin die. Eta gidoilariak trama berrien oinarria prestatzen ari dira gaur egun. K2000tik azaldu dute oraindik ez dutela ETBrekin ezer sinatua baina biblia berriak idazteko telebistaren enkarguak «interesa» dagoela erakusten duela.
ETB1eko telesailak ikusle datu apartak izan zituen estreinako atalean, otsailaren 23an: %4,3ko ikusle kuota Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (39.000 ikus-entzule). Ondoren etorri diren atalak ez dira datu horretara iritsi, baina, aste gehienetan, ETB1en batez bestekotik gora ibili da fikzioko saioa. Bosgarren atalak, adibidez, %3,5eko ikusle kuota lortu zuen. Aurreneko hamar atalen batez bestekoa %2,53 izan da.
Egiteko bidean da bigarren denboraldia, baina, grabaketei ekin arte, aste dezente igaro daitezke. Horrenbestez, maiatzaren 11tik udazkenera bitartean ez du ETBk euskarazko telesail berririk emango. Lau hilabete egin dituzte Miramongo dekoratuek hutsik, fikzio berririk grabatu gabe. Goenkale-k iraun zuen 21 urteetan, sarri egiten zuten aldi berean euskarazko beste telesail bat. 2016. urtea hasi denetik, euskarazko atal bakar bat ere ez da grabatu.
'Nekane Amaya', 'Go!azen'...
Eskamak kentzen telesailaren aurretik, eta Goenkale-ren grabaketak 2015eko otsailean amaituta, Aitaren etxea telesaila eman zuen ETB1ek irailetik urtarrilera. Pausoka ekoizpen etxearen telesail historikoak, ordea, denboraldi bakarra izan zuen, 15 atalez osatua. Berriki, Greziako telebista publikoak akordioa sinatu du Pausokarekin, Aitaren etxea euskaraz grezierazko azpidatziekin emateko.
Pausokak, bestalde, une honetan baditu proiektu batzuk martxan ETBrako. Jabier Garcia Bikuñak zuzenduta, Nekane Amaya telesail laburra ari dira grabatzen ETB2rako. Lehen atala amaitu dute; aste honetan ekin diote bigarrenari, eta, oraingoz, bost atal egingo dituzte. Vaya semanita-ko esketxetatik ateratako pertsonaia da oinarria: Nekane Amaya ijito abertzalea. Maribel Salasek jokatzen du rol hori.
Euskarazko fikzioari ere helduko dio berriro Pausokak. Uda honetan, Go!azen telesail musikalaren atal berriak grabatuko dituzte. 2008. urtean, izen bereko telefilma estreinatu zuen ETBk, eta, handik bi urtera, hamabi atalez osatutako telesaila iritsi zen.4-12 urte arteko neska-mutikoen artean %34ko batez besteko ikusle kuota lortu zuen. ETBk arrakasta hura berreskuratu nahi du orain. Aktore gehienak berriak izango dira.
'Eskamak kentzen' telesailaren atal berriak idazteko eskatu du ETBk
K2000 etxeak esan du oinarriak idazteko fasean daudela, eta ez dutela ezer sinatu oraindik

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu