Isabel Cobo gasteiztarraren ahotsa SER irratian entzuteari utzia diote entzuleek. Titulu asko ematea tokatu zaio urteotan, baina, orain, bere bizitzako tituluak errepasatu ditu.
Inoiz ezagutu al zaituzte nor zaren ahotsagatik?
Bai. Agian ezagutu eta nire izenez deitzea ez hainbestetan, baina askotan galdetu izan didate ea irratian lan egiten dudan. «Zu... zu nor zara...? Ezaguna egiten zait zure ahotsa... Irratian egiten duzu lana?». Askotan esan dizkidate halakoak. Urte askoan entzun nautenek dakite nire izena; beraz, zailagoa da jendeak nire izenez deitzea.
Zer sentitzen duzu hori gertatzen denean?
Ikustekoak izaten dira haien aurpegiak [hasi da barrezka]. Jendeak irratia entzuten duenean, beste aldean dagoen pertsona nolakoa den imajinatzen du bere irudimenean. Normalean, kalean ezagutzen gaituztenean, ez dute esperotakoa aurkitzen. «Huts egin diot: 25 urteko neska bat nintzela pentsatuko zuen, eta atso bat aurkitu dute», pentsatu ohi dut nik haien harridura aurpegia ikustean. Argi dago ahotsak ez duela definitzen irratiaren beste aldean dagoenaren itxura.
Irratiaren xarma da hori?
Hori da irratiak daukan onena, eta oraindik irautearen arrazoi nagusietako bat. Magikoa da irratia, ez baita guztia erakusten; beraz, irudikatu egiten da.
Zure izeba, Judith Cobo, Radio Vitoriako ahots historikoetako bat izan zen. Badirudi familiatik datorkizula esatari izatea.
Hura esataria zen bakarrik, ez kazetaria. Beraz, kazetaritzarako grina ez zitzaidan hari esker etorri: esataria baino lehen, kazetaria naiz ni. Baina bai, hark eraman ninduen irratira lehen aldiz, eta hari esker gustatzen zait irratia ere. Baina berriz esango dizut: ni kazetaria naiz.
Orduan nola piztu zitzaizun kazetaritza egiteko gogoa?
Eta zuri? Funtsean, jakin-minak bultzatzen du kazetaria kazetari izatera. Ez da kontatzen dioten lehen horrekin konformatzen, eta gehiago jakin nahi du beti. Horregatik naiz kazetaria, jakin-minak bultzatzen nauelako, besterik ez. Argi neukan, bokazio bat ere ez zen izan, egin ahala joan da bokazio bihurtuz. Gainera, EHUko bigarren kazetaritza promoziokoa izan nintzen; zuentzat bidea sortzea tokatzen zitzaigun guri.
Irratiak egin zizun lekua, baina.
Irratia asko entzuten genuen etxean. Mundu guztiak entzuten zuen irratia, eta horrek eragin zidan. Halere, bestelako kazetaritza ere egingo nuke irratirik ez balego, baina irratiaz maitemindu nintzen hasieratik.
Irratian ere izango zenituen kazetari erreferenteak...
Frankismoaren ondoren hasi ginen lanean gure belaunaldiko kazetariak. Zuek, kazetari gazteok, badituzue erreferenteak. Gure kasuan ezberdina zen, baina batzuk bazeuden: Iñaki Gabilondo, Mariano Ferrer... asko ziren, nahiago dut izenik ez esan, zeren esan gabe utziko ditut asko. Baina ez ziren hainbeste demokrazia hasi eta segituan lanean hasi zirenak. Gainera, ez genituen hainbeste komunikabide.
Zu ere irratian hasi zinen, erreferente asko bezala.
Irratiaren magiak konkistatu ninduen. Orain, bideoan eta zuzenean grabatzen dituzte irratsaio asko, baina beste magia bat zeukan lehen. Irratiak duen berehalakotasuna ez du beste hedabide batek ere: gertatu ahala kontatzen dira gauza asko.
Urteotan, etxean baino ordu gehiago pasatu dituzu SER Vitoriako egoitzan?
Radio Bilbaon hasi nintzen arren, nire ibilbide profesionalaren zati handiena pasatu dut bertan. Gasteizera itzuli nintzen SER Vitoria ireki zutenean, eta han egon naiz ordutik.
Eusko Jaurlaritzaren, Eusko Legebiltzarraren eta beste erakunde batzuen lehen urratsen lekuko izan zinen. Kazetari beteranoek aukera izan zenuten hori guztia eta gehiago bertatik bertara bizitzeko.
Eskerrak beterano esan duzun eta ez zaharra, bestela... kar-kar-kar. Jose Angel Cuerda Gasteizko alkate izan zenetik, guztiak ikusi ditut. Carlos Garaikoetxea ere ikusi nuen lehendakari; lehen Eusko Jaurlaritza... Ai ama, zenbat gauza.
Euskal gatazkaren garairik gordinenean ere lan egin duzu. Gatazkaren inguruko milaka albiste eman dituzu. Nolakoa zen hori guztia irratitik kontatzea?
Gogorra izan zen, oso gogorra. Izugarri kostatzen zait garai hartako gauzak oroitzea. Pistolak, tiroak, bonbak... horizen egunerokoa. Gertutik jarraitzen genuen guztia, eta inguruko jende askori eragin zion. Alde egin behar izan zuten adiskide askok: alde batekoek zein beste aldekoek. Hori da egin dezakedan laburpena.
Erabat zeharkatu zintuen horrek?
Zalantza barik. Ni erretiratu aurretik, ETAren armagabetzea zuzenean kontatzea amesten nuen, eta lortu nuen. Egun hartan bertan zuzenean kontatu nuen. Irratian izan dudan momenturik onena izan zen. Nire belaunaldiko guztiok zeharkatu gintuen gatazkak.
Bestelako albisteak ere kontatuko zenituzten, ezta?
Gasteizko jaiak irratian ematen lehenak izan ginen, kalera ateratzen eta dena kontatzen lehenak. Kaleko jendeari eman genion hitza: horren asmatzaileak izan ginen. Irrati askok kopiatu egin ziguten gerora.
Zu hasi zinenetik gaurdaino, asko aldatu al da irratia egiteko modua?
Sakelako telefonorik gabe egiten genuen lan, Internet barik... ezer gabe egiten genuen lan. Baina azkar joan da eboluzionatuz, eta asko erraztu dira gauzak.
Gazteenek ere irratia egiteko beste proposamen batzuk ekarriko zituzten.
Nik ez dut ikasi lehengo kazetariengandik bakarrik; oraingoek ere asko erakutsi didate. Ez naiz inoiz ados egongo gazteek ezer ez dakitela eta beraiek hobeto egiten zutela esaten dutenekin. Asko irakatsi didate berriek. Ideia onak dituzte, eta energiarekin sartzen dira.
Albiste manipulatuen garaian bizi garela uste duzu?
Beti existitu dira manipulatzen duten kazetariak; kontua da agerikoagoa dela gaur egun. Sare sozialek eragin dute hori, baina beti egon dira kazetari eta politikari manipulatzaileak.
Zer egin kazetari fidagarria izateko eta manipulazioaren amua ez irensteko?
Informazioa kontrastatu behar da beti; kazetariak ezin du sinetsi kontatzen dioten lehen gauza hasieratik: ezin da inoiz iturriaz fidatu. Kazetaritzak gauzak ondo egiteko tresnak ematen dizkio kazetariari.
Irratian, oker esandakoak eta akatsak hor geratzen dira; nahi gabe izango dira gehienetan, baina ohikoa da hitzak oker ahoskatzea, adibidez. Barre ere egingo zenuen...
Nik ere baditut batzuk; gero esango dizkizut, pribatuan [barrezka]. Jendeak, baina, azkar ahazten du entzundakoa; hori da irratiak daukan onena. Irratiko esatari guztiok ditugu hainbat akats eta despiste. Hori ere bada irratiaren xarma.
Egunero politikaz hitz egiten zenuen zuk, etenik gabe. Nekeza zen?
Estres handia geneukan; egunero sartzen ginen albistegi nazionalean gauzak kontatzeko. Beti gertatzen ziren gauzak, zoritxarrez ez oso onak. Asko mugitzen ginen. Albisteak gutxitu egin ziren azken urteetan, baina gogorra zen, halere.
Aritu zara tokiko informazioa ematen?
Azken urteetan batez ere, baina bestela ez. Izugarri gustatu zait tokiko informazioa ematea: uste dut beharrezkoa eta erreferentziala dela. Gutxietsia dago, nahiz eta horiek izan herritarrei interesatzen zaizkien gauzak. Garrantzitsua da informazio nazionala, baina gertukoa da garrantzitsuena haientzat. Larria iruditzen zait komunikabide askok tokiko informazioa programaziotik ezabatu izana; audientzia asko galtzen dute horrela. Gaur egun, Radio Vitoriak eta SER Vitoriak egiten dugu lekuko irratia Gasteizen. Irratia asko gerturatu da herritarrengana: hitza eman die, parte hartzeko aukera... eutsi behar zaio horri.
Irratiaz aritu gara elkarrizketa osoan, baina itzultzeko gogoa sortu zaizu?
Ez; baietz uste nuen, baina ez zait sortu. Lankideak gehiago ikusi nahiko nituzke, baina egiten ditugu planak. Gainera, ni irratitik erretiratu naiz, baina kazetaritzatik ez. Eguneroko irratiko lana ez dut gehiago nahi, oso gogorra da-eta. Orain lasai nago; egingo dut zerbait ondoren, baina ez dakit zer: pentsatuko dut.
Isabel Cobo Gomez. SER Vitoria irratiko kazetari ohia
«ETAren armagabetzea kontatzea amesten nuen, eta lortu nuen»
«Irratiaren magiak konkistatu» zuen behin. Ordutik, lau hamarkada eman ditu Cobok SER irratian Euskal Herriko politika kontatzen. Joan den urtea amaitzearekin bat utzi zuen irratia, baina argi dauka ez duela kazetaritza sekula utziko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu