ETAren inguruko beste fikzio lan bat

La1 kateak egun gutxi barru estreinatuko du 'La Frontera' telesaila. Euskal Herrian eta 1987. urtean dago girotuta.

Itsaso Arana eta Javier Rey aktoreak 'La Frontera' telesailean. TVE
Itsaso Arana eta Javier Rey aktoreak 'La Frontera' telesailean. TVE
urtzi urkizu
2025eko ekainaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

1980ko hamarkadan girotutako telesail bat koproduzitu dute Amazon Prime Video plataformak eta Espainiako TVE talde publikoak, eta, okerrik ezean, datozen egunetan estreinatuko du La1 kateak La Frontera telesaila. Ostiral honetan ziren estreinatzekoak, baina atzeratu egin dute estreinaldi hori, programazioan toki egokia egiteko asmoz. Amazon Prime Video plataformak etzi estreinatuko du, gauzak ondo bidean.

«Pasioz betetako istorio bat, pertsonaien mugen ingurukoa, eta erabaki batzuek markatuko dute dena». Modu horretan iragarri du TVEk telesaila. Bidasoko mugatik gertuko herrietan garatzen da istorioa, 1987. urtearen hasieran.

Testuinguru historiko jakin batean osatu dute istorioa: 1986ko azaroaren 5ean, Sokoa operazioa aurrera eraman zuten Espainiako eta Frantziako poliziek Hendaiako (Lapurdi) Sokoa enpresan; ETAren agiri ugari aurkitu zituzten bertan. Bestalde, Frantziako Gobernua hasia zen mugan etakideak entregatzen Espainiari. Guardia zibilek hiru egunez izaten zituzten etakideak, epaitegietara eraman aurretik. Beste alde batetik, «Frantziak Espainia presionatzen du ETArekin negoziatu dezan», TVEren informazioaren arabera. Txomin Iturbe ETAko buruzagia 1987ko otsailean hil zen, Aljerian. Espainiako Gobernuak eta ETAk negoziazioak hasiak zituztenean. Garai horietan oinarrituz garatu du Par Producciones ekoiztetxeak La Frontera telesaila.

Fikzio lanaren kontakizunari dagokionez, ETAko buruzagiek bilera batean erabakiko dute Iparraldean eta Frantzian atentaturik ez egitea. Baina talde txiki batek bere kontura ekintzak egitea deliberatu du, ETAko zuzendaritzari kasurik egin gabe, eta Parisen atentatu bat egiteko prestaketak hasiko ditu.

TVEren 'La Frontera' telesaila
Javier Rey aktorea, 'La Frontera' telesailean. TVE

Mario Guardia Zibileko kapitaina da telesailaren pertsonaia protagonista —Javier Rey aktoreak jokatzen du rola—. Informatzaile baten bitartez, jakingo du Parisen atentatu handi bat egitekotan direla. Detaile gehiago ez dakizkien arren, bere buruzagiei emango die informazio hori. Espainiako Gobernuak behin-behinean erabakirik ez hartzea erabakiko du. Baina Mario guardia zibila ezin da ezer egin gabe gelditu, eta Frantziako Poliziarengana jotzea erabakiko du. Egitekotan diren atentatu hori eragotzi eta etakide disidenteak atxilotzeko asmoa du guardia zibil protagonistak.

Luis Marias eta David Zurdoren gidoiak

TVEk emandako informazioaren arabera, istorioko gertakariak erlojuaren kontra garatuko dira eta heroi «ia antagoniko batzuekin». Ez hori bakarrik. «Akziozko istorio bat da, fideltasuna eta traizioa tartean dituela, non bakoitzak erakutsi beharko duen zertan sinesten duen eta zein diren bere mugak». Gidoiak Luis Marias eta David Zurdorenak dira.

Telesailaren zuzendariak, berriz, Yolanda Centeno eta Maria Pulido dira. Itsaso Arana da Javier Reyrekin batera beste aktore protagonista. Vincent Perez, Amaia Aberasturi, Goize Blanco, Pepe Lorente, Asier Hernandez eta Mikel Losada ere aktore taldean daude.

Musikaz Paula eta Xabier Olaz musikariak arduratu dira. Argazki zuzendaria, berriz, Francisco Sanchez Polo da.

Filmaketak Gipuzkoako Errenteria eta Hondarribia herrietan, Donostian eta Lapurdiko zenbait tokitan egin zituzten.

ETAren inguruan beste telesail bat estreinatu zuen Max plataformak 2020. urtean: Patria. Fernando Aranbururen izen bereko eleberrian zegoen oinarrituta; Alea Media ekoiztetxeak Espainiako HBOrentzat egindako lan bat zen, eta Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten, Sail Ofizialean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.