ETB 'Eskamak kentzen' telesaila grabatzen hasi da, 2016an emateko

Barbara Goenaga, Loli Astoreka, Itziar Aizpuru, Joseba Apaolaza eta Elena Irureta dira aktoreak

Kontserba lantegi batean dago girotuta ETB1eko telesail berria: Eskamak kentzen. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2015eko urriaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Goenkale-ren azkeneko atala otsailean grabatu ostean, ETBk iragarri zuen bi telesail egingo zituela. Aitaren etxea izan da lehena —asteazkenean %3ko ikusle kuota izan zuen—, eta Eskamak kentzen izango da bigarrena. Kontserba lantegi batean girotutako komedia izango da bigarren hori. Egunotan hasi dituzte grabazioak Miramongo egoitzan—1.000 metro karratutako dekoratuetan—; eskabetxe lantegiko kanpo aldea, berriz, Mutrikun (Gipuzkoa) grabatuko dute.

K2000 eta La Competencia Producciones (Gym Tony) ekoizpen etxeek ETBrekin elkarlanean egingo dute Eskamak kentzen. ETBko iturrien arabera, 2016ko urtarrilean estreinatuko dute.

Iñigo Lezertuak eta Cesar Rodriguez Blancok garatu dute proiektua. Rodriguez Blancok hainbat telesail ekoitzi eta zuzendu ditu Espainiako kate pribatuetan: Doctor Mateo, Con el culo al aire, Cuestión de sexo, Compañeros...

Istorioaren abiapuntuan, Il Tre Veliere kontserba lantegiak hondoa jo du. Jabeak lantegia ixtea erabakiko du. Langileek, aldiz, pauso bat aurrera eman, lantegia erosi eta kooperatiba bat sortuko dute. Zorpetu egingo dira, nahiz eta egoera ekonomiko eskasean egon. Ingurukoak erabakiaren aurka azalduko dira. Arazoak izanik ausart, indartsu eta baikor jokatzeko prest dauden langileen bizitza kontatu nahi du telesail berriak, umore ukituz.

Aktore talde indartsua

ETBko ikusleentzat ezagunak diren aktoreak agertuko dira telesail berrian. Barbara Goenagak, adibidez, Itsasoren rola jokatuko du; New Yorken exekutibo lanetan aritua da, eta bere herriko kontserba lantegian kudeatzaile hasiko da. Lanean argi eta bikain jokatzen du, baina bere bizitza pertsonalean, trakets. Loli Astorekak Mari Carmenen pertsonaia interpretatuko du: Itsasoren ama. Janari denda bat du kaian, eta sentimenduak adieraztea asko kostatzen zaio. Itziar Aizpuru Maite izango da, Itsasoren amona. ETBren arabera, euskal «matriarkatuaren ikurra» eta bere garaiari aurre hartu dion emakumea. Elena Iruretak Xolerena egingo du, emakume kontserbagile taldeko burua. Ahalegin handia egingo du kontserba lantegia salbatu eta langileak bazterrean ez uzteko. Alberto Berzalek Matias marinelaren rola jokatuko du. Itsaso nerabea zenean harekin maitemindu zen platonikoki, eta orain, neska herrira itzuli denean, berriro maiteminduko da. Joseba Apaolazak Genarorena egingo du, kontserba lantegiaren jabea. Lan gutxiago eginez diru gehiago irabaztea da haren asmoa. Ramon Agirrek Ernestoren rola jokatuko du, jabearen zakur leiala. Kontserba lantegiaren ardura dauka, eta langileei lana azkarrago eskatzen die.

Aktore horiekin batera, komedian pertsonaia finkoak jokatuko dituzte Karmele Larrinagak, Maria Urzelaik, Ainara Ortegak, Itziar Atienzak eta Amaia Irazabalek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.