ETB1ek %2,2ko ikusle kuota izan du 2010ean, eta ETB2k %9,4koa

Euskarazko kateak zazpi hamarren eta erdi galdu ditu azken urtean; eta gaztelaniazkoak lau puntu

urtzi urkizu
Donostia
2011ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
2003. urtean ETB1ek %6,2ko ikusle kuota izan zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Handik aurrera ehuneko hori txikitzen joan da urtez urte, 2010. urtean %2,216raino iritsi arte. Hala, azken urtean zazpi hamarren eta erdi galdu ditu euskarazko kateak. 2010. urtean, aurreneko lau hilabeteetan %2,6ko kuota izan zuen ETB1ek, baina maiatzetik aurrera beheraka egin zuen nabarmen eta hilabete batzuetan %2tik behera ere ibili zen (ekainean, irailean eta urrian). Abenduan %2ko kuota izan du euskarazko kateak, azaroan baino bi hamarreko gutxiago.

Kontuan izan behar da kirol emanaldiek ETB1en bataz bestekoa igo egiten dutela. Txapeldunen Ligako partidek, esate baterako, datu onak eskuratzen dituzte. Abenduaren 27an, Euskal Selekzioaren partidak %19ko kuota izan zuen, ETB Sateko ikusleak batuta. Dena den, euskal ikus-entzuleak bereganatzeko zailtasunak ditu azken urteetan ETBk. Aurreko zuzendaritzarekin hasi zen beherakada, eta oraingo zuzendaritzarekin jaitsiera areagotu egin da.

ETB1eko datuetan kontuan hartu beharreko faktore bat ETB3rena da. Haurrei zuzendutako marrazki bizidunak hirugarren katera pasa dituzte. Eta ETB3k joan den hilean %0,7ko ikusle kuota izan zuen.

ETB1en etorkizunaren inguruko hausnarketa abiatzeko txosten bat landu zuten iaz EITBko hainbat lagunek, Joseba Arrutik gidatuta. Lan horren jarraipena da sortzear den euskarazko telebista bultzatzeko aholku batzordea sortzea. Batzorde horren helburu nagusia ETB1 kateari bultzada ematea izango da. Rosa Diez Urrestarazu ETB1eko eduki zuzendariarekin batera lan egingo du batzordeak, eta urtarrilaren bigarren hamabostaldian egingo du lehen bilera. Batzordea kultura, zientzia eta ikus-entzunezko esparruan diren hamabost lagunek osatuko dute.

ETB2k jaitsiera handia izan du

Euskarazko katearen ikusle galera kezkagarria da hainbat ikuspegi sozio-lingustikotik aztertuta. Eta EITBko egungo zuzendaritzak horrekin kezkatuta dagoela adierazi izan du publikoki. ETB2ren jaitsierarekin ere badute kezkarako motiborik. Gaztelaniazko kateak lau puntu galdu ditu azken urtean; 2009an %13,4ko ikusle kuota zuen eta %9,4ra jaitsi da 2010ean. Duela bost urte, 2005ean, %18,4ko kuota izan zuen ETBko bigarren kateak.

2010eko bilakaerari dagokionez, urtarriletik uztailera maldan behera joan zen portzentajea. Abuztuan egin zuen gora. Eta azaroan beste gorakada bat izan zuen. Abenduan %8,2ko kuota izan du, 2009ko abenduan baino lau puntu eta bi hamarren gutxiago.

EITBko zuzendaritzako ordezkariek behin baino gehiagotan adierazi dute jaitsiera horren atzean LTDaren zabalpena dagoela. Kate kopurua hazteak kate gehienei egin die kalte. Dena den, ETBko ikusle datuen beherakadan faktore gehiago daude, tartean ikuslegoak edukiengan duen konfiantza txikia.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Tele5 da gehien ikusten den telebista katea: %18,6ko kuota izan du 2010ean. 2009. urtean hamarren bat gehiago izan zuen. Horrenbestez, Tele5ri LTDak ez dio batere kalterik egin EAEko hiru herrialdeetan.

Telebista kontsumoa gora

Gaur egun, han eta hemengo adituek esaten dute Interneten kontsumoa gora egiten ari dela eta telebistakoa behera. Baina telebistaren kontsumoak behera baino gora egin du azken aldian gure inguruan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herritar bakoitzak 246 minutu pasa zituenegunean telebistaren aurrean. Lau ordu pasatxo, bestela esanda. Katalunian datua oraindik handiagoa da: 257 minutu egunean. Espainiakoa 254 minutukoa da.

Espainian La1 da gehien ikusten den katea. Abenduan %15,5eko kuota izan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.