Pausoka ekoizpen etxeak eta ETBk elkarlanean ekoitzitako A ze banda! musika lehiaketa ETB1 katean ikusi ahalko da gaurtik aurrera, asteazkenero (22:15). Ordu eta erdiko saioa izango da, eta Iban Garatek eta Nerea Rodriguezek aurkeztuko dute. Epaimahai lanetan, berriz, Gatibuko Alex Sardui eta Hesian-eko Zuriñe Hidalgo ariko dira. Bi epaile horiek finkoak badira ere, astero beste bat gonbidatuko dute zein taldek aurrera egiten duten eta zein kanporatzen duten erabakitzeko. Estreinako saioan, adibidez, Iñaki Ortiz de Villalba Betagarriko abeslariak lagunduko die erabakia hartzen.
Euskal Herriko ahots talde onena aurkitzea izango da saioaren helburua. 11 taldek parte hartuko dute lehiaketan, eta lehiak zortzi aste iraungo du, final handian bi talde gelditzen diren arte. Saio bakoitzaren amaieran, talde batek lehiaketa utzi beharko du.
Gorka Garcia ETBko programen zuzendariak A ze banda! apustu «sendoa» dela nabarmendu zuen atzoko aurkezpenean: «Talent show bat da. Musika eta gazteak ditu protagonista, eta emozioak ez dira faltako». Udan beste musika lehiaketa bat eman zuen ETB1ek, eta emaitzarekin pozik gelditu dira ETBn. «Stars. Izarrak kalean saioak oso sentsazio ona utzi zigun», adierazi zuen Garciak. A ze banda!-n, bestalde, Zuriñe Hidalgo, Alex Sardui eta Nerea Rodriguez Euskal Herrian barna ibiliko dira herriz herri, lehiaketan parte hartzeko deialdira aurkeztu diren taldeak ezagutzeko.
Koreografia «indartsuak»
Iban Garate aurkezleak iragarri zuen saioak aurrera egin ahala ikusleek musikariak ezagutuko dituztela. «Artista moduan nola hazi diren ikusi ahalko da; bilakaera bat ikusiko da». Nabarmendu zuen, halaber, adin guztietako ikus-entzuleentzako saio aproposa dela. Kamera aurrean lan gutxiago egindakoa da beste aurkezlea, Nerea Rodriguez: «Musika taldeek, abesteaz gain, koreografia indartsuak egingo dituzte. Belaunaldi berri bat etorri da. Neska-mutil hauek ez dira hain lotsatiak; ingelesez oso ondo dakite, eta ikusleek flipatu egingo dute». Rodriguezen iritziz, «oso show polita» da A ze banda!.
Jabi Elortegi da saioko zuzendaria, Goenkale-ko eta Balbemendi-ko zuzendari ohia. «Beste talent batzuen aldean, ezberdintasuna da bandak bilatzen ditugula». Bilboko fabrika batera eramango dituzte taldeak, eta saioetan soilik epaileen aurrean aritu beharko dute kantuan. Elortegik iragarri duenez, bestalde, final handia antzoki batean egingo dute, «jendez beteta». Finalean epaileak publikoan eseriko dira, eta publikoa izango da epaile.
Gaur gaueko saioan bost taldek parte hartuko dute: Agoizko (Nafarroa) Irati eta Haizea taldeak, Gordexolako (Bizkaia) Isasiko Ama abesbatzako kideak, Bilbo eta Portugaleteko Random taldea eta Zornotzako Lauaxeta ikastolan (Bizkaia) sortutako No Limits taldea.
ETB1ek 'A ze banda!' musika lehiaketa estreinatuko du gaur
11 taldek parte hartuko dute saioan.Iban Garate eta Nerea Rodriguez izango dira aurkezleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu