ETB1ek 'Baskoniako Historia bat' saioa estreinatuko du gaur gauean

Alberto Santana eta Josu Venero dira programaren zuzendariak.Hamahiru atal emango dituzte

Josu Venero saioko zuzendaria eta Edu Barinaga ETBko zuzendaria, atzo, Barakaldon. ETB.
urtzi urkizu
2015eko irailaren 10a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Gutxitan jorratu dute telebistan Euskal Herriko historia. Azkeneko urteetan, askotan ez behinik behin. Alberto Santana historialariak eta Josu Venero errealizadoreak, aldiz, Euskal Herriko historiaren gaineko ikuspegi «kritiko» eta «eguneratua» eskaintzeko saio bat prestatu dute: Baskoniako Historia bat. ETB1ek gaur estreinatuko du, 22:25ean.

Euskal Telebistako arduradunek iragarri dutenez, ikerketa aurkikuntzaren munduan barne bidaia «erakargarria» egingo du saioak. «Zehaztasun historiko zorrotzarekin», iraganeko gertakari nagusietako egoera eta protagonistak berrituko ditu, historiaurretik hasi eta gaur egunera arte.

Berriki egin diren ikerketak hizpide hartuta, topikoen eta sinesmenen inguruko eztabaida irekiari helduko dio saioak. Zuzendarien arabera, kondairak desmitifikatuko ditu, eta iraganeko hainbat gertakari ilun argituko ditu.

Saioa egiteko, Venerok eta Santanak hainbat zientzia alorretako adituen laguntza izan dute. Jorratuko diren gaien inguruko datu berri eta interesgarriak eskainiko dituzte horrela. Irudi ikusgarriek jantziko dute, gainera, historiaren kontakizuna.

Iaz Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten Baskoniako historia bat: Euskalduntze berantiarra dokumentala da saioaren jatorria. Ildo harri jarraituz, ikuspuntu zientifikoarekin aztertu dituzte Euskal Herriko historiako gertakari garrantzitsuenak.

Signo Digital ekoizpen etxeak eta Euskal Telebistak ekoitzi dute saioa, Euskaltelen babesarekin.

Antzinako euskaldunak

Kobazuloetako bizitzatik eta Euskal Herriko antzinako herrien ohitura eta bizimoduetatik abiatuta egingo dute kontakizuna saioan, hamahiru ataletan. Lehen hirien sorrera, foruen eraketa eta Europako iraultzen indarra aztertuko dituzte datozen asteetan.

Genetika eta arkeologia aurkikuntza berrietan oinarrituta, euskaldunen jatorriaren inguruko zalantzak argitzen saiatuko dira egileak. Galderak egingo dituzte, halaber, antzinako euskaldunen bizitzaz eta haien talde izaeraz.

Paleolito garaiko kobazuloetan aurkitu dituzten margolanak aztertuz eta analisirako teknika berrien bitartez, Euskal Herriko lehen biztanle modernoen gaineko hainbat datu emango dituzte. Erromanizazio aurreko eta ondorengo euskal gizartea nolakoa zenazalduko dute. Euskararen hedapenaz ere mintzatuko dira. Saioak Erdi Aroaren amaierako familia talde handien arteko gudei eta Nafarroako erresumaren azkeneko erresistentzia ekintzei tartea egingo die. Frantziako Iraultzan euskaldunek nola parte hartu zuten ere kontatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.