ETB1 kateak ikusle galera handia izan du azkeneko zortzi urteetan. 2003. urtean %6,2ko ikusle kuota zuen, eta, ordutik, behera egin du, 2011ko ekainean %1,3ko kuotara iritsi arte. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datuak dira horiek (Nafarroakorik ez dago).
2010. urteko ekainarekin alderatuta, euskarazko kateak puntu erdia galdu du. Baina jaitsiera are handiagoa da 2011ko aurreko bi hilabeteetako datuei begiratuta. Apirilean %2,7ko ikusle kuota izan zuen ETB1ek, Txapeldunen Ligako Real Madril-Bartzelona finalerdiei esker; maiatzean, %2,2ra jaitsi zen; eta azken hilabetean bederatzi hamarreko galdu ditu. Audientziak neurtzen direnetik, ETB1ek ez ditu hain datu txarrak izan.
Euskarazko kateak %2,2ko batez besteko kuota izan zuen 2010. urtean, 2003an baino hiru aldiz gutxiago. 2011ko batez bestekoa, berriz, %1,96koa da. ETBn egun euskaraz emititzen duen beste kate bat bada: ETB3. Kate horren kuota %0,7-0,8 ingurukoa da. Haur programazioa ETB3ra pasa da, baina horrek bakarrik ez du ekarri ETB1en jaitsiera. Izan ere, aurreko zuzendaritzarekin ere beheruntz egiten ari zen euskarazko katea: %6,2tik 2003an %3,4ra 2008an.
Eusko Legebiltzarrak aurreko astean ETB1en egoera aztertu eta neurriak hartzeko eskatu zion EITBko zuzendaritzari. Aralarrek aurkeztutako mozioan eta alderdi guztiek onartutako erdibideko zuzenketan, Eusko Legebiltzarrak EITBko zuzendaritzari eskatzen dio ezar dezala lanerako metodologia bat eta proposa dezala lanerako egutegi bat, «urtea amaitu baino lehen ondorioak aurkezteko bide emango diona». Ondorio horiek 2012ko udaberrian aplikatzea eskatzen du mozioak.
EITBko zuzendaritzak bultzatuta, iaz ETB1en etorkizunaren inguruko hausnarketa abiatzeko txosten bat lantzen aritu zen talde bat. Txostenetik emandako pauso nagusia ETB1eko edukien zuzendari figura sortzea izan zen. Rosa Diez Urrestarazuk hartu zuen kargu hori, baina bost hilabetez baino ez zen aritu zeregin horretan. Ekainean, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko talde zuzendari eta komunikabideen zuzendari lanak betetzera pasa zen Diez Urrestarazu. Bere ordez ez dute inor jarri, eta ordutik Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak hartu du ardura bere gain.
ETB2 eskas ekainean
ETB2 kateak %7,7ko ikusle kuota izan du ekainean, aurreko hilabetean baino bederatzi hamarreko gutxiago; duela bi urteko ekainean %13,4ko kuota zuen. 1992. urtetik gaztelaniazko kate publikoak izan duen ikusle kuotarik txikiena da aurtengo ekainekoa.
ETB2 kateak %18,4ko batez besteko kuota izan zuen 2005. urtean. 2009an %13,4ko kuotara jaitsi zen. Azkeneko bi urteetan, ostera, beherakada are nabarmenagoa izan da. 2010eko batez bestekoa %9,4koa izan zen, eta 2011ko lehen seihilekoan %8,3koa izan da.
Tele5, La1ren aurretik
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Tele5 da liderra, %18,2ko kuotarekin. Espainian, azkeneko hamar hilabeteetan La1 izan da ikusle gehien izan dituena. Ekainean, berriz, Tele5k azkenean aurrea hartu dio: %15eko ikusle kuota izan du Tele5k, eta %14,6koa La1k. Antena3 da hirugarrena, %11ko kuotarekin.
Telebista kontsumoari dagokionez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herritar bakoitzak hiru ordu eta 39 minutu pasa zituen pantaila txikiaren aurrean. Espainiako batez bestekoa hiru minutuz handiagoa da, eta Kataluniakoa 11 minutuz gora dago. Katalunian TV3 da gehien ikusten den katea: %13,8ko kuota.
Komunikazioa
ETB1ek historiako ikusle kuotarik txikiena izan du ekainean: %1,3
ETB2k %7,7ko kuota izan du: 1992. urtetik txikiena, eta duela bi urtekoa baino 5,8 puntu gutxiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu