ETB1ek margolarien 'reality' bat estreinatuko du gaur gauean

'Arimaren margolariak' saioan zortzi lagun lehiatuko dira, hiru adituren begiradapean

Donostiako Antiguako tunelean aurkeztu zuten Arimaren margolariak saioa, igandean. ETB.
urtzi urkizu
2019ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Euskal Herriko margolaririk onena aukeratzeko helburua du Arimaren margolariak izeneko saioak, eta, horretarako, zortzi lagun arituko dira lehian gaurtik aurrera ETB1 katean (22:00). Atal bakoitzean, margolaritzaren hainbat teknika erabiltzeko gaitasuna eta artea erakutsi beharko dituzte lehiakideek. «Geure lurraren arima margotzea izango du xede saioak», iragarri du ETBk. Horretarako, teknika, talentua eta sentimendua izango dituzte nagusi. Newmedia ekoizpen etxeak egingo du programa, ETBrekin elkarlanean, eta zuzendaria Sonia Rua izango da.

Lehiakideek astero hiru adituren begiradapean margotu beharko dute. Koldobika Jauregi eskultorea, Arantza Orbegozo erretratugile eta muralgilea eta Jorge Malkorra artista eta psikologoa dira programako adituak.

Lehiakideak, berriz, honako hauek izango dira: Jokin Telleria (Beasain, Gipuzkoa), Idoia Iturri (Erandio, Bizkaia), Javier Igoa (Lesaka, Nafarroa), Maria Goñi (Iruñea), Beatriz Gonzalez (Usansolo, Bizkaia), Pablo Blanco (Zangoza, Nafarroa), Mertxe Arana (Doniostia) eta Yoni Salaberria (Goizueta, Nafarroa). Arana da zaharrena, 76 urte baititu, eta Salaberria gazteena: 22 urte ditu.

Astero margolariek gai bat izango dute ardatz. Gaur, lehen saioan, esate baterako, itsasoa izango dute oinarri: Pasaian (Gipuzkoa) hasiko dute bidea. Albaola ontziolan, antzinako baleontzien espiritua egurrean islatu beharko dute. Koldobika Jauregik azalduko die lehiakideei egurra nola margotu behar duten. Bertan, immunitate proba jokatuko dute. Ondoren, Ondarroako kaira (Bizkaia) joko dute, kaleratze proba egitera: arrantzale lanean jardungo dute, eta margolariek arrantzaleen egunerokotasuna eraman beharko dute mihisera. Proba egin eta gero, galeria batera joango dira denak, koadroak aztertuko dituzten tokira. Hiru adituek koadroak aztertuko dituzte, eta saioa nork laga behar duen jakinaraziko dute gero. Immunitate proban, berriz, herri bakoitzeko hamabost lagunek herri epaimahai bat osatuko dute eta koadrorik onena aukeratuko dute.

Bigarren atalean, Gernikako bonbardaketa eta Picassoren koadroa izango dira ardatza; hirugarrenean, berriz, Zugarramurdira (Nafarroa) joko dute, eta neanderthalen garaian labar-pinturak nola egiten zituzten gogoratuko dute; laugarren atalean, pilota izango da ardatza; bosgarrenean, Ipar Euskal Herritik bidaia berezi bat egingo dute; seigarrenean, industria iraultzaz arituko dira; eta zazpigarrenean, Arabako Errioxa hartuko dute gaitzat. Zortzigarren atala eta azkenekoa finala izango da.

Haizea Barcenilla EHUko irakasle eta BERRIAko zutabegileak urriaren 8an argitaratutako artikulu batean nabarmendu zuen ETBk BBCko The big painting challenge formatua kopiatu duela. «Bereziki aztoratzen nau programak artearen inguruan ematen duen ikuspegiak», idatzi zuen iritzi artikuluan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.