Burdinazko sarjentu baten menpean jarriko ditu lehiakideak Izan Invictus saioak, kirol gutxi, edo bat ere ez, egindakoak ere sasoitsu jartzeko asmoz. Irailaren 27an estreinatuko dute ETB1en, eta asteazkenero emango dute, 22:15 aldera. Hernaniko (Gipuzkoa) gimnasio batean, Leitzaran ibarrean eta hainbat oztopo lasterketa handi ofizialetan grabatu dute saioa.
«Oztopo lasterketek azken urteotan zelako arrakasta duten eta zenbat antolatzen diren ikusita, horien inguruko reality-a egitea erabaki genuen», esan du Joxean Goñi Izan Invictus saioaren zuzendariak.
ETB1en aspaldi reality-rik egin ez delako eskatu zion zuzendaritzak halako saio bat egitea Goñiren taldeari. Oztopo lasterketen «izugarrizko egutegia dago», Euskal Herrian zein kanpoan, zuzendariak esan duenez. Bi parte hartzaile mota daude halakoetan, azaldu duenez: «Aurrealdean dabiltzanak, irabaztera doazenak edo marka egitera; eta atzeko partean dabiltzanak: lasaiago, mozorrotuta, eta lasterketa amaitzea helburu baino ez dutenak». Umorearekin hartu arren, probak «oso gogorrak» direla adierazi du Goñik.
Errealizazio aldetik ere ez da samurra izan teknikarientzat; batez ere lasterketak grabatzea. «Korrika doan jendea jarraitu behar izan dugu, eta, horretarako, kamera eta kamerari bereziak behar izan ditugu». Kamera txikiak eta hainbat motakoak, eta kamerari kirolariak aipatu ditu Goñik. Halako lasterketa batek 4.000 parte hartzaile ere izan ditzake. «Horien artean korrika egitea, grabatzea eta, batez ere, soinua ondo hartzea zaila izan da».
Julian Iantzik aurkeztuko du Hostoil ekoiztetxearen saioa. Denera, 18 lehiakide arituko dira, bi taldetan banatuta. Horietako bakoitzak kapitain bat izango du. El Conquistador saioan ibilitakoak daude parte hartzaileen artean: besteak beste, Aner Gorrotxategi Gorrotxa, Alex Ortega, Manu Maritxalar, Ismael Pereira eta Maialen Larrea.
Hernani eta Leitzaran
Parte hartzaile guztiak ez dira, ordea, kirolari edo kirolzaleak izango. «Kirolik egin gabeko jendea hartu nahi genuen hasieran, eta halako dexente etorri ziren casting-era. Baina baita kirolari asko ere, eta, azkenean, erdia eta erdia egin genuen», azaldu du Goñik. Lehia handia egon da kirolarien artean. Baina, agian, ikusgarriagoa suertatu da kirolik egin gabekoen trebakuntza. Hernaniko (Gipuzkoa) Denontzat gimnasioan aritu dira horretan. «Lortu dugu batzuek pisua galtzea, sasoian jartzea eta lasterketa handi bat amaitzea, eta denbora onarekin, gainera».
Izan ere, lokatzetan arrastaka ibili beharko dute parte hartzaileek, txarrantxa azpitik pasatu, eta hormetan gora egin, besteak beste.
Isma Mateo trebatzaileak bete du burdinazko sarjentuaren eginkizuna. Goñik kontatu duenez, Mateok oso ondo landu du talde dinamika, «baina serio jarri behar izan duenean, oso serio jarri da. Noski, bere ospea eta gimnasioarena jokoan ditu; beraz, jendea sasoian jartzea lortu behar».
Goñik esan duenez, hasieran berak barre egiten zuen, baina gero probatu egin zuen, eta gogorra izan zen, «txikituta bukatzen duzu».Saioak, batetik, kirola erakusten du, eta, bestetik, parte hartzaileen arteko elkarbizitza. Izan ere, taldekideen artean ere lehiatu beharko dira, lasterketan parte hartzeko postua irabazteko. «Elkarbizitzan tira-bira asko daude, galtzen duzunean gauzak ez direlako politak izaten. Kirolak hori du, jendeak serio hartzen duela».
Denera hamahiru atal izango ditu saioak. Ikusleak harrapatzeko moduko saioa izango dela uste du Goñik. «Baina, ETB1en gauza arraroak izaten direla badakigu, krisian dagoelako». Izan Invictus saioa ETB2ko El Conquistador reality-aren lehengusu txiro euskalduna ote den galdetuta, Izan Invictus «El Conquis baino gogorragoa» dela esan du Goñik. Aurrekontu txikiagoa izateak badu, halere, alde ona, zuzendariaren arabera: «Hemen grabatu dugu, Leitzaranen, eta hori koroaren harribitxia da: leku ikaragarria, ustiatu gabekoa, basatia».
ETB1ek oztopo lasterketen 'reality' bat estreinatuko du asteazkenan
'Izan Invictus' saioan kirolzale ez diren lehiakideak ere sasoian jarriko dituzte trebatzaileek

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu