Urtarrilean makina bat aldaketa egingo ditu ETB1ek bere programazioan. Arratsaldetan, esate baterako, Anjel Alkainek eta Iker Galarzak aurkezten duten Zuek hor eta gu hemen saioa desagertuko da. Gabonen ostean, programa hori asteazkenetan emango dute, 22:30ean. Horrenbestez, eguneroko saioa izan beharrean astean behingo saioa izango da. Ikusle datu txikiek zerikusia izan dute aldaketa horretan.
ETBko iturriek azaldu dutenez, arratsalde hasieran Gu eta gutarrak saioaren bezperako atala errepikatuko dute; ETBko arduradunak gustura daude programa horren emaitzekin, eta kontratua apirilera arte luzatu dute New Media etxearekin.
Bestetik, Azpimarra saioa, Maddalen Iriartek eta Asier Odriozolak aurkezten dutena,orain arte baino ordu erdi luzeago izango da. Azkeneko hilabeteetan ematen dituzten «dibulgazio saio» batzuek ere tartea izango dute arratsaldetan: Teknopolis, Sautrela... Euskal Herria Zuzenean saioa ere, Xabier Euzkitzek gidatzen duena, ordu erdi luzeagoa izango da, eta, horrenbestez, goizago hasiko da.
Aldaketa horiek guztiak urtarrilaren 12tik aurrera egingo ditu Euskal Telebistak.
Saio berriak gauetan
ETB1eko gauei dagokienez, apustu batzuk mantenduko dituzte, eta beste batzuk iritsiko dira. Gaueko programazioa, esan bezala, Gu eta gutarrak saioarekin hasiko dute. Astelehen eta asteartetan, Goenkale telesaila izango da gero. Asteazken gauetan, Zuek hor eta gu hemen ikusi ahalko da. Ostegunetan, Debatea mantenduko dute, eta ostiraletan, pilota emanaldiak.
Asteburuetan, larunbat gauetan Oholtzan saioa aurkeztuko du Ilaski Serranok. Euskal Herrian barna antolatzen diren kontzertu, ikuskizun eta arte eszenikoetako emanaldiak eskainiko ditu ETBk programa horretan, Serranoren aurkezpenarekin. Igande gauetarako, bestalde, saio berri bat gorde dute: Herri txiki, infernu handi. Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadizabal herri txikietan ibili dira, tokian tokiko herritarrei elkarrizketak eginez. Herri bakoitzean, ondotik, ekitaldi handi bat egin dute. Bertan bildutakoek ikusi eta entzun ahal izan dituzte herritarrekin grabatutako pasarteak, Pagadizabalen eta Gurrutxagaren bakarrizketak eta Sebastian Lizasok herriari eskainitako bertsoak. Hamar atal grabatu dituzte, azkenekoa aste honetan bertan.
Astearte gauetarako, bestalde, beste saio berri bat prestatzen ari da ETB: Ganbarazaleak. Bi aurkezle baserrietan, antikuarioetan eta beste hainbat txokotan ibiliko dira, objektu zaharrak bilatzen. Objektuen eta haien jabeen bitartez Euskal Herriko historia kontatzen ahaleginduko dira, modu berezi batean.
ETB1ek programazioa eraberrituko du urtarrilean
'Zuek hor eta gu hemen' astean behin emango dute, asteazken gauez.'Azpimarra' eta 'Euskal Herria Zuzenean' ordu erdi luzeago izango dira

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu