Hostoil ekoizpen etxea —El conquistador del fin del mundo egiten du ETB2rako— euskarazko reality bat prestatzen ari da. Oztopo lasterketetarako prestatu beharko dute lehiakideek, eta entrenamendu horien gorabeherak jasoko ditu programak. Era berean, Eternal running izeneko probetan ariko dira aurrera egiten dutenak. Lehiakideen hautaprobak hilaren 18tik 21era egingo dituzte, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan —Iruñerako eta Gasteizerako hautagai nahikorik ez badago, herrialde horietako hautagaiak Bilbora eta Donostiara bidaliko dituzte—. Programari Izan Invictus izena jarri diote, eta datorren udazkenean estreinatuko du ETB1ek.
Joxan Goñi da saioko zuzendaria —El conquis-en, urte ugari daramatza arduradun—. «Oztopo lasterketak modan daude gaur egun, eta lehenengoetarikoa da Eternal running invencible. Horrekin lotuta dago ETB1eko saioa». Hamar kilometroko bidean, 80 oztopo gaindu behar dituzte partaideek proba horietan.
Goñik nabarmendu du reality-a edozein herritarrentzat irekia dagoela: «Sasoian ez dagoena lasai egon dadila. Bi hilabetean, gurekin egindako lanarekin sasoiko jarriko dira lehiakideak». Eternal running-eko proba batzuk Euskal Herrian egingo dituzte, besteak Espainian, eta final handia nazioarteko lasterketa batean parte hartzea izango da. «Tartean, saioan lehiakideen arteko kanporaketak eta eguneroko entrenamenduak ikusiko dira». Bi hilabeteko lanaren ostean, lehiakide hoberenak iritsiko dira soilik nazioarteko proban parte hartzera.
Elkarbizitzak ere zeresana izango du Izan Invictus-en. «Bi hilabeteak ez dituzte itxita pasatuko, baina elkarbizitza egongo da».
Saioan parte hartu ahal izateko, bi aukera daude: bideo bat bidaltzea —Eitb.eus/invictus webgunearen bitartez— edo izena ematea. Datorren asteko hautaprobetara joan beharko dute izena ematen duten horiek.
Programako zuzendariak uste du herritar orok parte har dezakeela reality-an. «Bideoa ikusita,ematen du egun osoan gimnasioan egon behar dela, baina ez da horrela. Gure asmoa da ikus dadila partaideen bilakaera nolakoa den».
Goñik nabarmendu du «sekulako gogoarekin» daudela berriro reality bat euskaraz egiteko. «ETB1erako azkenekoa 101gaztelu izan zen, eta harrera ona izan zuen. Azkeneko hiru urteetan euskarazko proiektuak egon dira, baina aurrekontu arazoengatik ez dira aurrera atera. Guk beti dugu gogoa ETB1en saioak egiteko».
ETB1eko 'reality' baten hautaprobak egingo dituzte datorren astean
'El conquis'-en ekoizpen etxeak egingo du 'Izan Invictus'. Udazkenean estreinatuko dute saioa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu