ETB1eko saioak azpidatziekin ETB4n eman nahi ditu EITBk

Eusko Legebiltzarrak hala eskatuta, EITBko zuzendaritzak proposamen batzuk egin ditu euskarazko edukien zabalkundeari begira

Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusia Eusko Legebiltzarrean, iazko martxoan, azalpenak ematen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
urtzi urkizu
2020ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Duela bi urte, 2018ko apirilean, Eusko Legebiltzarrak legez besteko proposamen bat onartu zuen, eta bertan EITBko zuzendaritzari eskatu zion euskararen irakaskuntzan, ezagutzan eta difusioan zer zeregin dituen aztertzeko, eta horrekin batera, zer egin behar duen ondorioztatzeko. Azterketak hiru hilabetean egitekoak ziren. Bi urteren ostean, EITBko administrazio kontseiluan aurkeztu ditu zuzendaritzak txostenak, eta egunotan bidaliko dituzte legebiltzarrera —deseginda dago legebiltzarra, eta uztailaren 12ko bozen ostean helduko diote berriz gaiari. Era berean, EITBko administrazio kontseiluak beste bi bilera izango ditu, eta uda ostean berriro osatu beharko dute. Txosten horietan, EITBren proposamena da ETB1eko euskarazko saioak ETB4n azpidatziekin ematea. «Eta behar izanez gero, baita ETB2n ere; hartara, ez-euskaldunek edota euskaldun pasiboek euskarazko edukien lagin on bat jasotzeko aukera izan dezaten».

EITBko zuzendaritzak aurkeztutako azterlanak ebazten du, bestalde, euskarazko kontsumoaren normalizaziorako beharrezkoa dela ETB1erako baliabideak berreskuratzea, «EITBren finantza ahalmena handituz».

ETB2n euskara sartuz joatea jasoa zuen EITBk 2013-2016 urte arteko plan estrategikoan, baita gerora ere estilo liburuan. Oraingo proposamenean, berriz, honako adibide hau planteatu du talde publikoak:«Esate baterako, betiere modu jator eta naturalean izanez gero, zentzuzkoa izan daiteke El Conquistador del Pacífico reality-an euskara gehiago agertzea, hartu beharreko neurriak hartuz euskaraz ez dakiten ikusleek ez dezaten galdu sekuentzia. Adibidez, zentzuzkoa izan daiteke elkarrizketa baten testuinguruan solasaldi tarte bat egitea, kazetariak laburpen txiki bat egiten duela euskara ulertzen ez dutenentzat. Enpatiaz egin behar da, nahi gabeko ondorioak ekidinez».

Azpidatzien gaiari heltzeko orduan, EITBk gogorarazi nahi izan du ETB1 katean islatzen direla gizarte euskaldunaren berezko kontakizunak, «haien istorio eta pertsonaiak oso hurbiletik hartuz». Zuzendaritzaren aburuz, «ETB4k, eta bere kasuan ETB2k, ETB1 kateari laguntzeko zerbitzua egin dezakete ETB1en eskainitako edukiak emanez gaztelaniazko azpidatziekin, audientzia ez-euskaldunari ahalbidetuz euskaldunentzat egindako eta euskarazko produkzioari lotutako ezaugarri eta sentsibilitateak dituzten edukien unibertso berri bat ezagutu ahal dadin».

EITBren planteamenduaren arabera, bere herriarekiko interesa duen euskal audientzia bati «produktu berriak» eskainiko litzaizkioke modu horretan, «orain arte eskuratu ezin zuen profil batekoak». Kontua da gaur egun ETB4 katea artxiboko gaztelaniazko saioak errepikatzeko erabiltzen duela EITBk. Oso noizean behin egiten du euskarazko emankizunen bat, gehienetan kirol arlokoa. Kateak %0,6ko ikusle kuota du, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

28 milioi euro gehiago

EITBko zuzendaritzak, era berean, uste du euskarazko edukiak sendotzeko aurrekontua handitu behar dela. 2009an, EITBri esleitzen zitzaion diru laguntza publikoa 142,8 milioi eurokoa zen, eta hamar urte geroago, 130 milioikoa da. «Zuzendaritzaren jarrera da ETBk bere aurrekontua % 25 hobetu behar duela hurrengo programa kontratuan. 28 milioi euroko finantzaketa hazkundea behar da; horietatik bi heren euskarazko edukiak hobetzeko izan behar dute».

ETB1ek «aurrekontu injekzio gehigarri bat» beharko luke honako hauek aurrera eramateko: «Egunero hamabi orduko produkzio originala, 365 egun urtean; genero-hauta zabala garatzeazerbitzu publikoaren hiru ardatzetan: informazioa, dibulgazioa eta entretenimendua; Gaur Egun albistegiari berezitasun propioa eranstea, erreportaje eta informazio sozial gehiagorekin; entretenimenduaren esparruan, berreskuratzea eguneroko telesail baten produkzioa, gutxienez 40 astez urtean emango litzatekeena; entretenimenduetako gainerako formatuetan nagusitu behar du parte-hartzezko telebistak, sormen askatasuna sustatzen duenak, euskal tasunezko formatuak sortzeko edo egokitzeko, esate baterako: reality-ak, talent-ak, umorea; eta weberako eta sare sozialetarako euskarazko edukiek berariazko sorkuntzak behar dituzte, soil-soilik kontsumo digitalerako izango direnak».

Zuzendaritzaren arabera, beharrezkoak dira dibulgazio formatuak eta fikziozkoak euskaraz, «gaur egun baliabiderik ezagatik nabarmenki baztertuta daudenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.