ETB2, gorantz; ETB1, beherantz

Euskarazko kateak inoizko daturik txikiena berdindu du martxoan: %1,3ko batezbesteko kuota

ETB2ko El conquistador del Caribe saioa liderra da astelehenero, prime time ordutegian. ETB.
urtzi urkizu
2020ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Telebista kontsumoak gorakada handia izan du azkeneko hiru asteetan, COVID-19ak herritar ugari etxean orduak pasatzera behartu dituelako. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, martxoko lehen hamahiru egunetan, herritar bakoitzak 218 minutuz ikusi zuen telebista tradizionala; martxoaren 14tik 31ra, 300 minutura igo da kopurua —bost ordu—. Igoera %37,6koa izan da, horrenbestez. Kate gehienetan izan da kontsumoaren gorakada, baina ehunekoetan aldaketak egon dira—neurgailuak dituzten herritarren joeraren eraginez—. Litekeena da ETB1eko ikusleen kontsumoa handitu izana martxoan, baina kateak telebista eskaintza osoan duen ehunekoa txikiagotu egin da: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ETB1ek %1,3ko ikusle kuota izan du martxoan. Hori da euskarazko kate publikoak inoiz izan duen batezbestekorik txikiena, 2011ko ekainean izan zuena berdinduta. Otsailetik martxora, gainera, lau hamarren galdu ditu ETB1ek. Jaitsiera horretan eragina izan du azkeneko bi asteetan zuzeneko pilota jaialdirik eta beste kirol emanaldirik ez egoteak.

Aldiz, ETB2 kateak gorakada nabarmena izan du: 1,3 puntu hazi da otsailetik martxora, eta %10,5eko ikusle kuota lortu du. 2013ko otsailetik bereganatu duen daturik onena da hori. Batezbesteko horretan eragin handia izan dute Teleberri-k eta El conquistador del Caribe saioak. Herenegun, gaueko Teleberri izan zen eguneko liderra, %24,4ko kuotarekin —azkeneko bi asteetan, datu horren bueltan dabiltza ETB2ko albistegiak—.A bocados sukaldaritza saioak, berriz, asteartean inoizko daturik onena erdietsi zuen: %13ko ikusle kuota. Kontuan hartu behar da koronabirusaren krisiak Euskal Herria jo zuenean, gaztelaniazko kateak saio bereziak jarri zituela martxan: bi albistegi berezi, Juan Carlos Etxeberriak gidatuta; eta Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari lehen elkarrizketa ETB2n egin zioten. Ahalegina txikiagoa izan da ETB1en.

ETB3 katea, berriz, bi hamarren hazi da martxoan: %0,2tik %0,4ra igo da. Bitartean, etxetik ikasten hezkuntza saioak harrera oso ona izan zuen astelehenean: %62,9ko ikusle kuota 4 eta 12 urte arteko haurren artean.

ETB4k %0,6ko ikusle kuota izan du, otsailean lortutako datu bera.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Tele5k jarraitzen du lidergoan —%13,8ko kuota—.

Beste alde batetik, Katalunian katalanezko TV3 kateak %16,4ko ikusle kuota bereganatu du martxoan —ETB2 bezainbeste hazi da: 1,3 puntu—. Telebista kontsumoari dagokionez, igoera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baino apur bat txikiagoa izan da: egunean 210 minututik 283 minutura igo da —%34,8 gehiago—.

Galizian, galegozko TVGk %9,8ko ikusle kuota izan du martxoan, aurreko hilean baino hiru hamarren gehiago. Telebista kontsumoa, berriz, %39,4 hazi da: 221 minututik 308 minutura pasatu da martxoko bigarren hamabostaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.