ETB2ko 'Vaya semanita' adimen artifizial sortzailea erabiltzen hasi da

Jose Luis Abalosen eta Koldo Garciaren auzia umorez lantzeko, anime bat sortu dute adimen artifizialarekin. Esketxak aldeko eta kontrako erreakzioak eragin ditu sare sozialetan.

Adimen artifizial sortzailea erabiliz osatutako 'Vaya semanita'-ko esketxa. BERRIA
Adimen artifizial sortzailea erabiliz osatutako 'Vaya semanita'-ko esketxa. BERRIA
urtzi urkizu
2026ko urtarrilaren 12a
08:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Telebista publiko batek adimen artifizial sortzailea erabili beharko luke? Askotariko iritziak daude eta egon daitezke horren inguruan. Gaia arautu gabe egoteak bide ematen die esperimentuei. Hala, ETB2ko Vaya semanita umore saioan adimen artifizial sortzailea erabili dute umorezko esketx bat sortzeko: Jose Luis Abalosen eta Koldo Garciaren auziari heldu, eta anime bat sortu dute adimen artifizialaren bidez. Off-eko ahots bat entzuten da esketxean kantari, Abalosen eta Garciaren gorabeherak aipatuz, eta PSOE alderdiko beste pertsonaia batzuk sartuz; tartean dira Santos Cerdan diputatu ohi nafarra eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea.

Bideoaren doinua, bestalde, Captain Tsubasa Japoniako animetik hartu dute —Oliver eta Benji futbol jokalariak protagonista zituen hura—. Hain zuzen ere, esketxaren amaieran zera diote Vaya semanita-koek: «Folletoi judizial bat, Oliverren eta Benjiren partida bat baino luzeagoa. Eta hemendik gutxira, Campeones saioaren sortzaileen eskutik, Campechano». Azken horretan, liburu baten azala ageri da, Juan Carlos Borboikoa Espainiako errege emerituaren memoriekin.

Esketxak askotariko iritziak eragin ditu Interneteko sare sozialetan. Badira edukia bera txalotu dutenak, bereziki PSOEren aurka jotzen duelako. Baina beste batzuek gogor kritikatu dute adimen artifiziala erabili izana. Bada aipatu duenik, bestalde, isilarazi egin dituztela Koldo auzia-k Hego Euskal Herrian dituen adarrak. 

Esketxaren lehen planoan, Espainiako bandera ageri da, Espainiako Auzitegi Gorenaren goialdean. Oliverri eta Benjiri erreferentzia egin aurretik, bestalde, «txistorras a mogollĂ³n» esaldia ageri da —txistorrak pilaka, alegia— txistorren eta diru billete mordoaren marrazki batekin.

Ez da lehen aldia

Vaya semanita umore saioan orain arte ez dute eman adimen artifizial sortzailearekin egindako bideorik, eta, beraz, kontu berritzat jo daiteke. Baina EITB taldean lehendik erabili izan dute adimen artifizial sortzailea beste eduki batzuetan; kasurako, Ahalaken fikziozko podcastean.

Iaz, maiatzaren 20an, EITBko Guau plataformak Ahalaken podcasta aurkeztu zuen. Atal bakoitzarekin batera, adimen artifizialak sortutako bideo bat zabaldu zuten sare sozialetan. Zortzi ataletako bideo labur horiek batuz film labur bat osatu zuten gero.

Beste modu batean ere erabili zuten adimen artifiziala fikziozko podcast horretan, EITB Lab-ekoen laguntzaz: adimen artifizialaren bitartez, Pello Zabala zenaren ahotsa klonatu zuten —2022ko otsailaren 2an hil zen frantziskotarra—, «istorioaren mesedetan». Sendiaren eta Elizako haren lagunen baimena jaso zuen EITBk hori egiteko.

Beste telebista batzuetan ere erabiltzen ari dira adimen artifizial sortzailea. Edonola ere, eztabaida iturri da bai gizartean eta bai sektorean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.