Euskal Telebistak urtean 150 pilota jaialdi ematen ditu zuzenean: astean hiru. 2015eko ekainaren 25ean sinatu zuten kontratua ETBk eta Bainet Mediak, hiru urterako. Eta kontratu horren arabera, irudi eskubideengatik telebista publikoak 12.000 euro ordaintzen ditu jaialdiko —1,8 milioi euro urtean—. Kopuruari gaineratu behar zaio langileen eta tresneriaren kostua. Eta Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak Martin Ugalde Foroan esan zuenez, jaialdi bakoitza 22.000-23.000 euro inguru —irudi eskubideak barne— kostatzen zaio ETBri. Horrenbestez, ETBk urtean 3,3 milioi euro inguru jartzen ditu pilotarako. Baineten eta ETBren arteko kontratua 2018ko uztailaren 31 arte izango da indarrean.
Ikusle datuak aintzat hartuta, errentagarria da telebistarentzat pilotan egiten duen inbertsioa. Izan ere, ETB1en batez besteko ikusle kuotaren herena pilota emanaldiek ematen diote. Urrian %1,5eko ikusle kuota izan zuen euskarazko kateak, eta pilota kenduko balitzaio %1ean geldituko litzateke. Zenbait egunetan, kateak eskainitako bi orduko pilota emankizunak ikus-entzule gehiago lortzen dute astegun batzuetako programazio osoak—goizetik gauera— baino.
Kirol irudi eskubideen inguruko balorazioa eskatu dio BERRIAk ETBko arduradunei, baina ez dute erantzunik eman.
ETBren eta Baineten arteko kontratuaren arabera, Aspek, Asegarcek eta Esku Pilotako Enpresen Ligak antolatutako pilota jaialdien eskubideak adjudikatzen dizkio Bainetek ETBri, lurralde zehaztapenekin: Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako esklusiban zuzenean, eta esklusibotasunik gabe diferituan. Nafarroan, berriz, esklusibotasunik gabe zuzenean eta diferituan. Laburpenak eta iragarkiak emateko aukera ere badu ETBk, kontratuaren arabera. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere lurreko telebista digitalaren bidez jaialdiak zabaltzeko aukera du ETBk.
Arrauna, bai; Euroliga, ez
Pilota da egun kirol izarra ETBn. Baina uda partean, arraunak ere hartzen du indarra. ETBk Traineru Kluben Elkartearekin lotu zuen akordioa uztailaren 10ean, eta indarrean egongo da 2018ko abenduaren 31 bitartean. Hitzarmen horren arabera, ETBk ez du sosik ordaintzen estropaden irudi eskubideengatik, baina Traineru Kluben Elkarteak publizitatea jartzeko aukera du EITBko hedabideetan, 50.000 euroko balioan —BEZa aparte—.
Bestalde, saskibaloiko Euroligako partidak emateari utzi dio denboraldi honetan ETBk; 2013-2014ko, 2014-2015ko eta 2015-2016ko denboraldietan Baskoniaren partidak eta Lauko Finala eman zituen ETBk, eta, denboraldi bakoitzagatik, 250.000 euro ordaindu zizkion —BEZa kontuan hartu gabe— Euroleague Poperties elkarte anonimoari. Aurten, berriz, ez da lehiatu eskubideak lortzeagatik. Bilbo Basketen Eurokopa txapelketakoak ematen ditu soilik ETBk.
ETBk 3,3 milioi euro jartzen ditu urtero pilota emanaldiak egiteko
Batez besteko ikusle kuotaren herena pilota jaialdiek ematen diote hilero ETB1 kateari

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu