ETBk Elbira Zipitriari buruzko dokumental bat emango du gaur

ETB1ek 22:30ean emango du Baleuko ekoiztetxeak egindako lana. Pasarte fikzionatuak ditu

Iban Gonzalezek zuzendutako Elbira dokumentalaren fotograma bat. ETB.
urtzi urkizu
2023ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Elbira Zipitria nor izan zen ezagutzeko aukera emango du gaur gauean ETB1ek dokumental berezi baten bitartez. Elbira izeneko lana abenduaren 26an estreinatu zuten Donostiako Kursaalean, andereñoaren heriotzaren 40. urteurrenarekin bat eginez. Orain,telebistaz ikusi ahalko da aurrenekoz.

Zipitria euskal pedagogiaren aitzindariari eskainitako dokumentala da Elbira. Haren bizitzaren pasarte fikzionatu batzuen laguntzaz, haren jatorria, konpromiso politikoa, erbestea, itzulera eta jarduna kontatuko ditu filmak.

Iaz, 40 urte bete ziren Zipitria hil zenetik. Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bultzadarekin eta babesarekin,EITBren, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Emakunderen eta Bermeoko (Bizkaia) eta Donostiako udalen laguntzarekin, Baleuko ekoiztetxeak dokumentala grabatu zuen.

«Euskal izaeraren aldeko borrokalari sutsu baten bizitzari buruzko dokumentala da», ETBk nabarmendu duenez. Zipitriak etxez etxe antolatutako ikastoletan irakatsi zuen euskaraz, klandestinitatean erabat, eta garairik latzenetan ere etengabe jardun zuen. Francisco Franco diktadorearen garaiak ziren Hego Euskal Herrian.

Euskal gizartearen memoria historikoa lantzea eta andereñoaren sakrifizioa aitortzea du helburu dokumentalak. Iban Gonzalezek zuzendu du —ETBrentzat hainbat erreportaje eta dokumental zuzendu ditu aurretik—.

Zipitria gertutik ezagutu zuten pertsonak izango dira protagonista eta haren historiaren narratzaile. Honako hauek agertuko dira: Mari Karmen Mitxelena andereño, Orixe ikastolako (Donostia) sortzaile eta Elbira Zipitriaren laguna; Kontxita Beitia andereño, Zurriola ikastolako (Donostia) sortzailea eta laguna; Mari Karmen Garmendia andereño eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia; Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakaria; eta Iñigo Garaialde eta Koro Zumalabe ikasle ohiak.

Horrez gain, Elbira Zipitriaren bizitzako hainbat pasarte fikzionatu dituzte dokumentalerako: erbestea, Urgull mendira (Donostia) egiten zituen irteerak eta Jose Miguel Barandiaran etnologo eta antropologoarekin izan zuen harreman estua.

Teresa Lopez de Munain aktoreak eman dio bizitza andereñoari. Filmeko pasarte fikzionatu horietan, halaber, Oihana Maritorena, Egoitz Lasa eta Teresa Calo aktoreak agertzen dira, besteak beste.

'Muga deitzen da pausoa'

Euskal Telebistak gaur estreinatuko duena ez da Zipitriaren gaineko ikus-entzunezko lan bakarra. Maider Oleaga zinemagileak Muga deitzen da pausoa film dokumentala estreinatu zuen, 2018an. Zinemagilea Zipitriaren etxean bizi izan zen, eta horrek eraman zuen andereñoaren gaineko film bat egitera. Oleagaren eguneroko bat, saiakera eta ikerketa uztartzen dira dokumentalean. Filminen eta EITB Nahieran zerbitzuan dago ikusgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.