Telebista

ETBk Gasteizen egingo dio ongietorria 2024. urteari

Urtezahar gaueko kanpaiak Gasteizko Plaza Berritik emango dituzte ETB1en eta ETB2n.

ETBren kanpaiak, iazko Urtezahar gauean.
ETBren iazko Urtezahar gaueko emanaldia, Gasteiztik. ETB
urtzi urkizu
2023ko abenduaren 30a
05:00
Entzun

Urte berriari ongietorria emateko, zuzeneko saioa egingo du aurten ere Euskal Telebistak. Bihar gauean, Gasteizko Plaza Berritik egingo dute saio berezia, bai ETB1en, bai ETB2n. Kaixo 2024 saioa Nerea Reparazek, Julen Telleriak eta Miren Nogalesek aurkeztuko dute ETB1en. Reparaz iluntzeko Gaur egun albistegiaren aurkezlea da. Telleria eta Nogales, berriz, Gora bihotzak saioan aritzen dira aurkezle, elkarrekin. Aurreko urtean, Aitziber Garmendia aritu zen emanaldi horretan, eta aurten ez da ariko; haren tokian, aurreneko aldiz Nogalesek aurkeztuko ditu kanpaiak. Reparaz eta Telleria iaz ere aritu ziren zeregin horretan. ETB2 katean, bestalde, zuzeneko saioa Africa Baetak, Ane Ibarzabalek eta Egoitz Txurruka Txurru-k aurkeztuko dute —iaz ere aritu ziren emanaldia egiten kate horretan—. EITBren webgunean ere zuzenean ikusi ahalko dira bi emanaldiak.

ETBk mahatsa eta kotiloi poltsatxoa banatuko ditu Gasteizko Plaza Berrira biltzen diren herritarren artean. Izan ere, talde publikoak dei egin du herritarrek urte berria haiekin ospatzeko.

Kanpaien ostean, su festa batekin emango diote hasiera urteari bai ETB1en eta bai ETB2n. Sei aurkezleek elkarrekin amaituko dute emankizuna, ezusteko gehiago tartean direla. Musika talde batek joko du. Eta dantzariak ere izango dira gaua ospatzeko.

Euskal Herriko hainbat diseinatzaile arduratuko dira ETBko aurkezleen jantziez: Eder Aurre, Sister Sister, Getaryko Iraia Oiartzabal eta Ane Areitio, Neu taldeko Julen Imaz eta Aldabaldetreku jostundegia.

Iaz, Urtezaharreko kanpaien emankizunak %4,7ko ikusle kuota lortu zuen ETB1en, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; ETB2koak, %10,8koa. 2022an ere Gasteizko Plaza Berrian aritu ziren kanpaiak ematen. Kanpaien ostean, Biba 2023! saioak %5,1eko ikusle kuota izan zuen —euskaldunen artean, %10,6koa—. Aurten ere, Biba zuek! magazineko lantaldeak egingo du kanpaien osteko programa berezia: Biba 2024!. Miramongo estudioetan (Donostia) grabatu dute.

Hamaikan gau berezia

Hamaika telebistan, berriz, emankizun berezia prestatu dute urteari amaiera emateko eta berria ondo hasteko. Bihar 23:00etan hasiko da programa berezia, eta 00:30ean bukatuko da Urtezahar gaueko saio berezia. Ekhiñe Atorrasagasti eta Naroa Iturri izango dira saioaren gidari nagusiak —Hamaikako Kolpez kolpe programaren aurkezleak dira—. Bi aurkezleez gain, gonbidatu bereziak ere izango dira: besteak beste, Jon Maia bertsolaria, Dorleta Urretabizkaia aktorea, Iruñe Astitz eduki sortzailea, Nerea Arriola aktorea eta Andoni Ollokiegi musikaria.

Saioan, Hamaikako erredakzioetako parte hartzeak eta bideo bihurriak txertatuko dituzte. Gainera, gauerdian, kanpaiak eta mahatsa jateko ohitura tradizionala izango dute. Amaieran, Andoni Ollokiegiren kantak entzun ahalko dira.

Saio berezi hori Donostian egingo dute, Egia auzoko Le Bukowski tabernan. «Gaueko eta neonezko argien xarma» izango dutela iragarri dute Hamaikakoek. Hurrengo egunetan Hamaikaren webgunean ere ikusi ahalko da programa berezi hori.

Hamaikak, gainera, berrikuntza batzuk izango ditu 2024ko lehen asteetan: urtarrilaren 9an saio bat estreinatuko dute.

Ramon Garcia TVEn

Espainiako La1 kate publikoan, aspaldiko partez Ramon Garcia (Bilbo, 1961) ariko da kanpaien aurkezle —hamabosgarren aldiz arituko da zeregin horretan—. Kontua da urte luzez TVEtik aparte ibili dela Garcia, baina uda honetan El Gran Prix programa aurkeztu du —hemezortzi urteko etenaren ostean itzuli da aurten—. Garciaren alboan, Ana Mena kantari eta aktorea ariko da. Kanpaien gonbidatu berezia, berriz, Jennifer Hermoso futbolaria izango da.

Kanpaiei heldu aurretik, La1 kateak Jose Mota umoristaren programa berezia emango du: Una noche de miedo. Kanpaien ostean, musika ikuskizunez betetako gala bat izango da ikusgai kate horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.