Berrikuntza ugari iritsiko dira ETBko programaziora datozen asteetan. Pello Sarasola eduki zuzendaria ari da erabaki garrantzitsuak hartzen, eta azkeneko bi urteetan izan den ikusle datuen beherakadari buelta ematen saiatuko dira berrikuntza horiekin.
ETB1en, hilaren 13an iritsiko da estreinaldi garrantzitsuena: Iban Garatek Ai Ama! izeneko show-a aurkeztuko du. Astelehenetik ostiralera emango dute, 21:00etatik 21:30era. K2000 ekoizpen etxea ari da saioa prestatzen, eta Miramongo egoitzan egingo dute. Atal bakoitzean gonbidatu ezagun bat egongo da, eta ikuskizunean parte hartzen jarriko dute. Entretenimendua eta ikuskizuna izango dira ardatzak.
Ai Ama! saioak Azpimarra-ren ordutegia beteko du. Ondorioz, Maddalen Iriartek aurkezten duen programa 19:00etan emango dute hilaren 13tik aurrera. Halaber, Azpimarra-k asteroko edizio berezi bat izango du astelehenetan, 23:15 aldera, Goenkale amaitzerakoan.
ETB1eko beste berrikuntza bat Proyeccion ekoizpen etxearen Harian erreportaje saioa izango da. Euskadi directo saioko berriemaile Iban Bengoetxeak gidatuko du Harian, eta erreportaje gehienetan gaur-gaurko gaiak landuko dituzte. Igande honetan hasiko da saioa, Mirandes-Athletic finalerdiari buruzko erreportajearekin.
Aurreko astean, Anitzele elkarrizketa saioa amaitu zen. Haren ordez, K2000 ekoizpen etxea beste formatu bat lantzen ari da. Xabier Euzkitzek gidatuko duen saio berriari Bisitaria izena jarri diote, baina oraindik ez du estreinatzeko egunik.
Maiatzerako gorde du ETBk Bi eta Bat telesailaren atal berrien estreinaldia. Carlos Zabalak eta Eneko Olasagastik zuzenduko dute telesaila, Orio Produkzioak ekoizpen etxearekin. Jose Ramon Soroiz, Elena Irureta eta Ane Gabarain izango dira aktore protagonistak, duela hogei urteko ataletan bezala.
ETB2 katean aurreneko estreinaldia datorren astelehenean iritsiko da: Patricia Gaztañagaren Voy a mil lehiaketa. Egunero emango dute, 14:00etan. Beste lehiaketa bat ere lantzen ari dira gaztelaniazko katerako: Carlos Soberak aurkeztuko du, eta Cien x Cien izena duela aurreratu dute.
ETB2k La transición en Euskadi 13 ataleko dokumental saioa estreinatuko du hilaren 16an. Iñaki Gabilondo kazetariak aurkezle lanak beteko ditu.
Eta otsailean ETB2k estreinatuko duen beste saio bat En boca de todos izango da. Plató 2.0 eztabaida saioak utzitako hutsunea beteko du programa horrek, baina saio horretan gizarte gaiek politikoek baino garrantzi handiagoa izango dute. Aurkezlea Reyes Prados izango da, Euskadi directo-n aurkezle lanetan ibilitakoa.
ETB1ek %1,9 eta ETB2k %9
Urtarrilean, ETB1 kateak %1,9ko ikusle kuota izan du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, abenduan baino bi hamarren gutxiago. ETB2k, berriz, %9ko ikusle kuota izan du, aurreko hilabetean baino lau hamarren gehiago. El conqistador del fin del mundo saioak batez beste %23,9ko kuota izan du, eta horrek igoarazi du, neurri handi batean, ETB2ren datua. 2011. urte osoan %9tik behera ibili zen gaztelaniazko kate publikoa. ETBko lau kateak batuta, berriz, %12ko kuotara heldu da urtarrilean —2011n %11,3koa izan zen—.
ETBri dagokion beste albiste bat ere bada aste honetan: Julian Pavonek ETBko zuzendariaren aholkulari izateari utzi dio.
Komunikazioa
ETBk hainbat saio berri estreinatuko ditu datozen asteetan
Igande honetan 'Harian' erreportaje saioa hasiko da ETB1 katean, eta hilaren 13an 'Ai Ama!' izeneko 'show'-a
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu