ETBk koska bat gora egin nahi du entretenimendu eskaintzan

ETB1ek 'Zinea Zetaz', 'Ztanda', 'Bikote bionikoa' eta 'Lotsagabeak' saioak estreinatuko ditu. ETB2ra beste bost saio berri iritsiko dira

Iñigo Agirrek eta Mikel Perezek Bikote bionikoa saio berria aurkeztuko dute ETB1en. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
urtzi urkizu
2023ko irailaren 7a
00:00
Entzun
ETBren telebista eskaintzak koska bat gora egin nahi du entretenimenduan. Horrekin batera, aktualitatea eta emakumeen kirola izango dira denboraldi berriaren oinarri nagusiak. Hala azaldu zuen atzo Gasteizen ETBko zuzendari Unai Iparragirrek, programetako aurkezleekin batera.

Berrikuntzen artean, Itziar Ituño eta Eneko Sagardoi aktoreek Zinea Zetaz saioa aurkeztuko dute hilaren 21etik aurrera. Euskal Herriko hainbat film emango dituzte saio horretan, eta emanaldiaren aurretik aurkezpen batzuk egingo dituzte Ituñok eta Sagardoik. Programaren lehen denboraldian film hauek emango dituzte: Nora (Lara Izagirre, 2020); Ane (David Perez Sañudo, 2020); Bazen behin Euskadin (Manu Gomez, 2021); Ilargi guztiak (Igor Legarreta, 2020); Handia (Jon Garaño eta Aitor Arregi, 2017); eta Oreina (Koldo Almandoz, 2018).

Entretenimenduzko bi saio berri estreinatuko ditu denboraldi honetan ETB1ek: Bikote bionikoa eta Lotsagabeak. Aurrenekoan, Mikel Perez eta Iñigo Agirre izango dira protagonistak. Zientifikoki giza gorputzaren mugak zein diren erakutsiko diete ikus-entzuleei, eta, horretarako, askotariko probak gainditu beharko dituzte. Lotsagabeak saioari dagokionez, ehun gazte ariko dira lehian 10.000 euroko saria irabazteko itxaropenarekin. Miren Nogales eta Iker Galartza izango dira saio horretako aurkezle eta esatariak. Epaile lanetan, berriz, Odei Jainaga atleta eta Aiora Enparantza aktorea arituko dira.

Beste mota bateko lehia izango da Ztanda saioan. Talent show horretan, kanturako dohainak erakutsi beharko dituzte parte hartzaileek. Hautaprobak egiteko deialdia zabalik da, eta saioa urrian estreinatuko du ETB1ek. Aurkezlea Barbara Goenaga aktorea izango da.

Aurreko denboraldian euskarazko kateak eman zituen hainbat saio datozen asteetan itzuliko dira programaziora: Mihiluze lehiaketak, esate baterako, astelehenean hasiko du denboraldia, plato berriarekin eta proba berriekin; Piztu telebista gaur bertan itzuliko da; Go!azen telesailaren hamargarren denboraldia azaroan hasiko da; astegunetan ikusi ahalko dira Biba zuek!, Txoriene eta Joseba Argiñano Sukalerrian saioak; eta asteburuan, Arte[faktua] literatur saioa, Hitzetik hortzera bertsolaritza programa, Teknopolis zientzia eta teknologia saioa eta Oholtzan musika emanaldien tartea.

Kirolak, ohiko moduan, presentzia nabarmena izango du euskarazko katean. ETBk jakinarazi duenez, emakumeen kirola izango da denboraldi honetako apustu nagusia. Emakume kirolariei buruzko erreportaje eta podcast bereziak egingo dituzte, Basque Team taldekoekin batera. Futboleko, saskibaloiko eta eskubaloiko lehen mailako emakumezkoen partidak emango dituzte, baita Emakume Master Cup eta Woman Winter Series txapelketak ere. Europako lehiaketetan parte hartuko duten emakume taldeen norgehiagokak ere euskarazko katean ikusi ahalko dira datozen hilabeteetan. Gizonezkoen Winter Series zesta-puntako txapelketaren hirugarren aldia udazken-negu partean emango dute.

Bost saio berri ETB2n

ETB2 katean ere makina bat berrikuntza izango dituzte denboraldi honetan. Lehen ere badira sukaldaritza programak, baina beste berri bat estreinatuko dute: Oído Cocina, Aitana Avila sukaldariak gidatuta —hiru bikote lehiatuko dira, eta bikoteko kideetako bat ez da batere trebea kozinatzen—.

Julian Iantzik, TVEko Conquis aurkezteaz aparte, ETB2n Esta casa es una mina lehiaketa berria aurkeztuko du. Yolanda Alzola, Ahikar Azkona eta Mario Campoy ere saio horretan ariko dira.

Juanma Lopez Iturriagak La Caza izeneko reality berria aurkeztuko du. Talent show berezi bat ere estreinatuko dute: 12 Líderes, Helena Resanoren eskutik.

Ane Ibarzabalek eta Diego Ayusek, berriz, Quédate con Ane zuzeneko magazin berria gidatuko dute. Iñigo Segurolaren baratzea eta Javi Riveroren errezetak tartekatuko dituzte saio berrian.

Akelarre saioak jarraitu egingo du, baina errotik aldatuko dute. Izan ere, denboraldi honetan Ana Goitia eta Nerea Garmendia izango dira aurkezleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.