Komunikazioa

Europako laguntzaren dirua Prisaren zorra ordaintzeko erabiliko dute

Zorraren 334 milioi euro, hain zuzen, bonu bihurtuko dituzte HSBC, La Caixa eta Banco Santander bankuek

Prisako langileek elkarretaratzea egin zuten ostegunean, erregulazio espedienteen aurka. BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Prisa komunikazio taldearen egoera ekonomikoa larria da, oso larria. OJDren arabera, maiatzean El País egunkariaren salmentak %20 jaitsi ziren. Urteetan aurrenekoz, eguneko 200.000 ale baino gutxiago saldu zituen. Eta Prisari aspaldian ez zaizkio kontuak ateratzen. Pascual Serrano kazetariak duela hiru urte idatzi zuen artikulu batean kontatu zuen taldeak orduan 5.000 milioi euroko zorra zuela.

Dena den, Prisako arduradunak moldatu dira aurrera egiteko. Batetik, akzioak atzerriko enpresei salduz (AEBetako Liberty fondoa). Bestetik, Cuatro telebista katea Mediaset (Tele5) taldeari salduta. Eta larriagoa dena: bankuak, Europako erreskatea eta herritarren dirua erabilita. Ekainaren 15ean El País-ek berak argitaratu zuen artikulura jo behar da hori baieztatzeko: «Prisak akordio bat lortu du bere zorraren parte bat, 334 milioi eurorenakzioak, La Caixa, Banco Santander eta HSBC bankuekinaldatzeko». Zorra bonu bihurtzeko, alegia. Bankuek, berriz, Espainiako Gobernuak Europari eskatutako laguntzatik jasoko dute dirua. Horrenbestez, Pello Zubiria Argia-ko kazetariak berriki bere blogean idatzitako artikuluan dioena baieztatzen da: «El País erreskatatzen lagundu dugu».

Ekainaren 15eko artikuluan, bestalde, Madrilgo egunkariak azaltzen zuen nola Prisaren 100 milioi euroko zorra Telefonicako bonu bihurtuko zuten.

Herenegun bozkatu zituzten bankuekiko eta Telefonarekiko akordioak Prisaren akziodunen batzar orokorretan.

El País eta Prisa mutur horietara eraman duen gizonetako bat Juan Luis Cebrian kontseilari ordezkaria da. Aste honetan EHUko Udako Ikastaroen hasiera hitzaldia ematen izan da Cebrian, Donostian. «Egiak kontatzen duen kazetaritza» aldarrikatu zuen. «Botereak ezkutatzen dituen sekretuak azaleratzen lagundu behar dute kazetariek».

Che Guevara eta Berlusconi

1976. urtean, El País sortu zenean, ezkerreko ideologian koka zitekeen. Baina azkeneko urteetan eskuinerako bira eman du; horren erakusgarri, 1997an Che Guevararen aldeko editorial bat argitaratu zuten, eta, hamar urte geroago, 2007ko urrian, Che larrutu zuten Caudillo Guevara izenburupean. Halaber, urteotan negozioaideologiaren oso aurretik jarri dute bere jabeek.

2009an, El País-ek Berlusconi inplikatzen zuen zuzenbide ikerketa batzuen berri eman zuen zabal eta luze. Hainbat presio diplomatiko izan arren, Berlusconiren inguruko informazioa ematen jarraitu zuen egunkariak. Cuatro-Tele5 bat egitea iritsi zen arte; Tele5ren enpresa Mediaset Berlusconirena da.

Herenegun greba SERen

Cebrianek iaz 8,2 milioi euroko soldata izan zuela argitaratu dute hainbat agerkari digitalek. Galerak, berriz, 450 milioi eurorenak izan ziren. Eta bien bitartean, taldeko komunikabide bakoitzean aurkezten ari diren erregulazio espedienteen aurka protestan ari dira langileak.

Ostegunean, Madrilen elkarretaratzea egin zuten Prisako dozenaka langilek, taldearen egoitza nagusiaren aurrean, Gran Vian. Hainbat lagunek Juan Luis Cebrianen karetak jantzi zituzten. SER irratiko erregulazio espedientearen aurkako pankartak eraman zituzten. Doluz jantzita ere agertu ziren langile batzuk. «Sindikatuen eta zuzendaritzaren artean sinatutako akordioa ez dira betetzen ari», dio Jose Manuel Gil CCOOko ordezkariak.

Ostiralean, berriz, SER irratikolangileek deitutako greba izan zen. Jarraipen zabala izan zuen deialdiak. Carles Francino goizetako esatari izarrak, esate baterako, bat egin zuen grebarekin. SER irratiko zuzendaritzak 200 langile kaleratzeko asmoa azaldu du, eta horren aurka egin dute protesta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.