Komunikazioa

Europaren konkista jomugan

Urtea amaitzerako, Ipar Euskal Herrian ikusi ahalko da Netflix harpidetza bidezko Interneteko telebista. Ikus-entzunezko sektoreak ez du begi onez ikusi AEBetako konpainiaren lehia.

Adrian Garcia.
2014ko apirilaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
E uropa du helburu. Amerika osoan ikus-entzunezko edukiak eskaini ostean, kontinente zaharreko teleikusleak harrapatu nahi ditu. Netflix AEBetako harpidetza bidezko Interneteko telebista udazken partean ikusi ahal izango da Ipar Euskal Herrian. Ez dirudi, epe laburrera begira, behintzat, Hego Euskal Herrian sartuko denik. Europa hegoalde eta ekialdeko herrialdeak ez zaizkio erakargarriak telebistari, pirateria tasa altuaren ondorioz.

Aurelie Filippetti Frantziako Kultura ministroarekin bildu dira Netflixeko ordezkariak hil honetan. Ez du harrera samurra izan streaming bidezko telebistak. Ikus-entzunezko sektoreak ez baitu begi onez ikusi AEBetako konpainiaren lehia. Canal + katea beldur da harpidedunek behera egingo ote duten. 2013 ez zen bereziki urte ona izan Frantziako ordainpeko telebistarentzat; 360.000 harpidedun galdu zituen iaz.

Frantziako zinemagileak ere kezkatuta daude. Frantziako zinemaren sustatzaileetako bat baita Canal +, baina etekinen arabera inbertitzen du sektorean. UPF Frantziako Ekoizleen Elkarteak Filippetti ministroari eskatu dio «irmo» eusteko «lehiakide zuzen zein desleialaren» aurrean. Ez dago Frantziako Gobernuaren esku, ordea, merkaturako sarrera galaraztea. «Enpresei ezin dizkiegu oztopoak jarri gure merkatura etortzeko», azaldu du Filippettik. Hori bai, ministroak nabarmendu du gainontzeko enpresek betetzen dituzten arauak jarraitzearen beharra.

Zergei izkin egin

Izan ere, AEBetako taldeak Luxenburgon du egoitza; Frantzian baino zerga gutxiago ordaintzen ditu horrela, AEBetako beste teknologia enpresen antzera. Zerga baxuagoak ordaintzeaz gainera, bestelako abantailak ditu egoitza Frantzian ez izateak. Ez du zertan urteko etekinen %20 inguru ordaindu behar Europako eta Frantziako zinema laguntzeko, streaming bidezko beste telebisten antzera.

AEBetako enpresen zergak saihesteko estrategiak gutxi iraun dezake, halere. Europako Batasunak berriki onartutakoaren arabera, datorren urtetik enpresek zergak zerbitzuak kontsumitzen diren herrialdean bertan ordaindu beharko dituzte, eta, ez, orain arte bezala, zerbitzuak banatzen dituzten herrialdean. «Netflixek beste lehiakide bat izan behar du, ez ezkutuko bidaiari bat», dio Frantziako Kultura ministroak.

Prezioak, gora

AEBetan ia 32 milioi harpidedunekin amaitu zuen urtea sareko telebistak. Beste ia 10 milioi ditu 40 herrialdetan barrena. AEBetan egonkortu ostean, Kanadara egin zuen jauzi 2010ean. Hor ditu hiru milioi harpidedun baino gehiago. Latinoamerikan hasi zen zerbitzuak eskaintzen 2011n. Erresuma Batua eta Eskandinavia penintsulako herrialdeetan sartu zen 2012an, eta Herbeheretan 2013an. Urteko lehen hiru hilabeteetan lau milioi harpidedun gehiago eskuratu ditu, eta iragarri du lehen aldiz lau urtean prezioak igo egingo dituela.

Iaz ohartarazi zuen hedapen prozesua moteldu egingo zuela, merkatu berrietara jotzea garestia baitzaio. Herrialdeka erosi behar baititu ikus-entzunezko edukien eskubideak. Europako ordainpeko telebista askok lizentzia eskubideak erosteari ekin diote AEBetako telebistari aurre egiteko.

Telebistaren estrategia da beste inork eskaini ezin ditzakeen edukiak erostea. Esaterako, Breaking Bad telesailaren Better Call Saul jarraipenaren eskubideak erosi berri ditu, AEBetan estreinatu eta berehala Europan eta Latinoamerikan emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.