Aste honetan ekin diote denboraldi berriari EITB taldeko irratiek, eta, nahiz eta aurreko urteko erreferentziazko ahotsei eutsi dieten, hainbat berrikuntza izango dituzte. Euskadi Irratiak ahalegina egingo du sare sozialen aldeko apustua sendotzeko. Urtarrilean jarri zuen martxan irratiak sare sozialetako estrategia berria: eduki digitalez arduratzen den taldea osatu, eta helburuak erabaki zituzten. Hain zuzen ere, irrati linealean ez dauden jarraitzaile gazteengana iritsi nahi dute kanal desberdinetatik.
Bereziki Instagram sare sozialean ari da Euskadi Irratia eduki berezituak zabaltzen: batetik, Ane Zuazabiskarrek Etxetik irten aurretik jakin behar dituzun hiru albiste bideoa egiten du, 09:00ak baino lehen —uztailean eta abuztuan ez dute egin, eta herenegun itzuli zen—; bestetik, Joseina Etxeberriak musika gomendioak ematen ditu, eta Gaizka Izagirrek, film eta telesailenak; aholkuak eta ikastekoak ere ematen dituzte; nazioarteko albiste bereziak; eta oporretarako proposamenak. Emisio linealeko eduki zatiak ere ematen dituzte sare sozialetan.
Era guztietako edukiak sareratzeko asmoa du irratiak: informatiboak, entretenigarriak, kirol edukiak, gomendioak eta elkarrizketa serieak. EITBko irratietako zuzendaritzak azaldu duenez, hasitako bidean sakonduko dute, eduki berritzaileak sortu, eta urratsak egiten jarraitu. Tiktoken ere bidea egiten hasi berri da irrati publikoa.
Euskadi Irratiaren erabaki batek, bestetik, langile batzordearen ezinegona sortu du udan: goizaldeko 01:00etatik 04:00etara ez dituzte orduroko albiste buletinak egin. Aste honetan, ordea, berreskuratu egin dituzte horiek.
Euskadi Irratiko programazioan ez da aparteko aldaketarik iazkoarekin alderatuz. Manu Etxezorturena da aldaketa bakanetakoa: aurreko ikasturtean Beste 40 urtean saioa egin zuen, eta aurrerantzean Kultur leihoa saioa aurkeztuko du —astegunetan, 14:30ean—. Asteburuetako Amarauna saioa aurten Gorka Otaegik gidatuko du. Iñaki Guridik jarraituko du Albiste Faktoria gidatzen, eta 10:00etan Maider Segurolak hartuko dio lekukoa.
'Boulevard', ETB2 katean
Radio Euskadin berrikuntzarik nabarmenetakoa da goizeko irratsaioa telebistan ikusi ahalko dela: Xabier Garcia Ramsdenek gidatutako Boulevard irratsaioa zuzenean ETB2n eta EITBren webgunean ikus daiteke, astelehenetik —Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari egindako elkarrizketarekin hasi zuten ikasturtea—. Hilaren 18tik aurrera, bestalde, Eider Hurtadok Distrito Euskadi saioa gidatuko du, 16:00etatik 19:00etara.
Gazteak datorren astelehenean hasiko du denboraldi berria. Astelehenean bertan Gu saioaren atal berezia egingo dute Bilboko BBK aretoan, 17:00etatik 20:00etara. Bertan, Huntza taldeak kontzertua emango du. Gonbidapenak BBK aretoko webgunean eskura daitezke, doan.
Euskadi Irratiak sare sozialen aldeko apustua sendotuko du
Gaueko buletin guztiak berreskuratu dituzte. Manu Etxezortuk 'Kultur leihoa' aurkeztuko du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak