Bidea ez dute erraza, baina beti aitzina doaz. «Euskarazko hedabideek, sasi guztien azpitik eta laino guztien gainetik, lanean jarraitzen dute», laburbildu du Igor Astibia Teiletxeak, Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteko zuzendariak. Horren erakusgarri dira Euskal Hedabideen Urtekarian jaso diren emaitzak. «Iaz, euskara hutsezko hedabideek beste errekor bat lortu zuten web orrien audientzietan, COVID-19aren pandemia garaiko emaitzak gaindituz», adierazi du NOR ikerketa taldeko Libe Mimenza Castillok txostenaren aurkezpenean, gaur, Uztaritzeko Euskal Irratien egoitzan (Lapurdi). «41 milioi bisita pilatu ditu euskal hedabideen sektoreak». Euskal Hedabideen Behategiaren urtekarian, hedabideen arloko iazko egitasmoak, analisiak eta ikerketak biltzen dituzte.
Euskal Irratien sareak osatu du aurtengo argitalpenaren mamiaren parte handi bat. Euskal Irratiak elkartearen zuzendari Teixa Ihidoik eman du haien egoeraren berri: «Gaur egungo testuinguru ekonomiko, politiko eta soziolinguistiko zailean, euskal hedabideek erronka berdintsuak ditugu: trantsizio digitalera egokitzea, audientzien bilakaerari erantzutea eta euskararen presentzia bermatzea». 2024. eta 2025. urteetan, Europako diru laguntza bati esker, urrats batzuk egin dituzte proiektu digitala aitzinatzeko. «Irrati bakoitzak ekoizpenean integratu ditu sare sozialak, irudia eta bideoa: bideoak, podcastak eta sare sozialetarako formatu berriak lantzen ditugu».
Urtekariaren sar-hitzean, euskarazko komunikabideek funtzio sozial garrantzitsua betetzen dutela azpimarratu du Astibiak. «Funtzio sozial garrantzitsu hori betetzen jarraitzeko, euskarazko komunikabideek, gainerako komunikabideek bezala, erakunde publikoen bultzada behar dute». Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baliabideen emendatze bat izan den arren, ez da sektorearen asetzeko adinakoa izan. Nafarroan, ez da aldaketa nabarmenik izan. Ipar Euskal Herrian, laguntzek bere horretan jarraitzen dute, edo atzera egin dute. Gainera, paperaren, argindarraren, garraioen eta bestelako zerbitzuen prezioak igan dira.Â
«Iaz, euskara hutsezko hedabideek beste errekor bat lortu zuten web orrien audientzietan, COVID-19aren pandemia garaiko emaitzak gaindituz»
LIBE MIMENZA CASTILLOÂ NOR ikerketa taldeko ikerlaria
Hekimeneko zuzendariak nabarmendu duenez, eragileek «argi» dute euskal hedabideek erakarpena dutela. Baina zehaztu du gero ez datorrela aitortza horren pareko bultzadarik. «Hedabideen errealitatea azkarki aldatzen ari da. Orain errealitate berrietara egokitzeko bultzada bat behar genuke».
Ikerketari tartea
Guztira, hiru ataletan banatu hamahiru artikulu biltzen ditu urtekariak. Urtekariaren zati bat sektoreari zuzendua da. Euskal Irratien lekukotasunaz gain, EITBk beren plataformen datuak plazaratu ditu, eta Elhuyar Zientziak, berriz, urte eta erdiz egin duen hausnarketa prozesuaren berri eman du. Euskal Erakunde Publikoko (EEP) Lukas Hiriartek, berriz, Kazetaritza euskaraz unibertsitate diplomaren Ipar Euskal Herriko lehen promozioa du aipagai. Alternantzian eginiko bi urteko heziketa profesionala sortu zuten 2024an, Bordeleko (Okzitania) IJBA, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea (UPPA) eta Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) batuz. Hamar ikaslek ikasi zuten han, eta formakuntzaren bilan baikorra egin du Hiriartek.
Ikerketari ere leku ederra eman dio Behategiak, iaz agertu diren unibertsitate lan nabarmenak zabalduz. Aipatzekoak dira, besteak beste, kazetaritza parte hartzaileari, komunitarioari eta alternatiboari buruz EHUko Ander Goikoetxea Perez eta Udane Goikoetxea Bilbao ikerlariek egin duten ikerketa, eta BERRIAko kazetari Xalbat Alzugarai Etxeberrik idatziriko artikulua, Ipar Euskal Herriko irratietan Korrikaren zuzeneko segipenak duen garrantziaz idatzia.
Behategia.eus webgunean irakur eta deskarga daiteke aurtengo urtekaria.Â