Aurten 30 urte beteko dira lehen aldiz EHZ Euskal Herria Zuzenean jaialdia egin zutenetik, Arrosan (Nafarroa Beherea). «Ospakizuna aukera polita iruditzen zitzaigun EHZren iraganari, orainari eta geroari so egiteko», azaldu du Aitor Servier Etxexuri EHZko ordezkariak. Berriki Uhinen ildoan podcasta jarri dute martxan, baina ez dira horretara mugatuko. «Festibalaren hiru eguneko programazioaz harago jorratu nahi genuen aurtengo ospakizuna». Horiek horrela, podcast bat ez ezik, dokumental bat eta liburu bat ere emango dituzte argitara. Podcastaren lehen bi atalak entzungai dira jada.
Podcastari ekiteko orduan, ez zuten argi zer forma emango zioten. «Baina edukiaren aldetik argi genuen festibalaren espiritua eta izan dituen une garrantzitsu batzuk transmititu nahi genituela», azaldu du Ana Sarria Muxika EHZko ordezkariak. Hartara, beharra ikusi dute jaialdiaren historiaren transmisioan ekarpena egiteko.
Aimar Lopez Erasun EHZko ordezkariak, bestalde, nabarmendu du podcasta beren buruari egiten dioten opari moduko bat dela. «Festibala helduaroan arrunt murgildua dago nolabait, eta sentitzen zen beharrezkoa zela eskerrak ematea eta aitortza egitea jaialdi bat, beste eredu alternatibo bat eta gizartea ikusteko beste ikuskera bat sortu duten horiei». Horretan saiatuko dira podcastaren bitartez. «Zazpi ataletan, egindako lana kontatzen, aitortzen eta eskertzen ahaleginduko gara».
Belaunaldi bat baino gehiago
Sarriak aipatu duenez, askotariko elkarrizketak ari dira egiten podcastean, eta narratzaileak ere txandakatzen ari dira. Lehen atalean, Luma Hirigoienen ahotsa entzuten da gidari gisa; bigarrenean, Irati Fernandezena. «Podcasta sortu dugunok ari gara aurkezle lanetan. Eta polita iruditzen zitzaigun gure ahotsak agertzea, festibalaren alde kolektiboa ere erakusten duelako». Xalbat Altzugarai ere ariko da beste atal batean narratzaile.
Belaunaldi desberdinetako lagunak ari dira gonbidatzen podcastean parte hartzera. Langileak eta artistak badira, baina gehientsuenak EHZ festibalaren laguntzaile izandakoak dira. Belaunaldi bat baino gehiagotakoak.
Uhinen ildoan podcasteko ataletan entzun ahalko dira, besteak beste, Antton Lanes, Amets Aranguren, Kittu Laskarai, Elixabet Aizager, Elorri Arin, Intza Casamajou, Julen Oillarburu, Katti Poxelu, Kattina Haran, Maika Arla, Maite Goihenetxe, Maite Sarasola, Mattin Olzomendi, Naroa Gorostiaga eta Pantxika eta Annde Uthurriage.
Podcastaren atalak EHZren webgunean entzun daitezke. Gainera, atari horretan zabaldu eta astebetera, Iparraldeko Euskal Irratiek —Antxeta Irratia, Gure Irratia, Irulegiko Irratia eta Xiberoko Botza— ematen dute atal bakoitza, astearteetan, 19:00etan.Â
Lopez Erasunek aipatu du podcastaren osagai funtsezko bat artxiboak direla. «EHZ antolatu duen belaunaldi bakoitzak eta elkarrizketatu ditugun antolatzaile guztiek emozio handiz bizi izan dute festibala, haien parte balitz bezala. Beraz, naturalki transmititzen dituzte emozio indartsu horiek podcastean ere. Entzuleari hori guztia iristen ari zaio».
Dokumentalari dagokionez, Kanaldude telebistarekin eta Hiru Damatxo ekoiztetxearekin elkarlanean ari dira grabatzen. Udazkenean estreinatzea espero dute.Â