Euskal Irratiek webgune bateratua estreinatu dute, «bost irratiren etxea» izan dadin

Euskal Irratien sareko bost irratiak biltzen ditu webgune berriak, baina bakoitzaren «autonomia» eta «erreferentzialtasuna» hautsi gabe. Aurkezpen ofizialean, DAB+ emititzeko teknologia berriaren erronka azpimarratu dute.

Euskal Irratiek webgune berria aurkezteko egin duten aurkezpena, atzo, Itsasun. BERRIA
Euskal Irratiek webgune berria aurkezteko egin duten aurkezpena, atzo, Itsasun. BERRIA
Leire Casamajou Elkegarai.
Itsasu
2025eko irailaren 26a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Webgune bakarra, bost webguneren etxe izateko: hori da Euskal Irratien webgune berriaren helburua, eta atzo arratsean estreinatu zuten, Itsasun (Lapurdi). Webgune bakar bat Euskal Irratiak taldeak barne biltzen dituen bost emisio kanaletarako sarbidea ematen duena, hots, bakoitzaren «autonomia» eta «erreferentzialtasuna» errespetatzen duen webgunea. Webgunearen trantsizio prozesuaz arduratu da Inhar Iraizotz, eta hark xehekiago kontatu du zerk bultzaturik abiatu ziren Euskal Irratien iruditeria digitala berritu nahian: «Zera nahi genuen, euskaraz eta hurbiltasunez lantzen genuen edukia, uhinetan baliatzeaz gain, sarean ere baliatzea; eta irratia entzuten ez duten horiengana iristea».

Alta, bazituzten jadanik webguneak eta sare sozialak, baina ez ziren, Iraitzozen ustez, «garaiak galdetutakoari egokitutako plataformak». Beraz, berritu dute itxura, baina hori behar bezala egin nahi zuten, irrati guztien uztartzeko gisan eta webgune berriak «sare baten moduan» funtzionatzeko gisan. Orduan, plataforma bateratua sortu dute, aldi berean irrati bakoitzaren autonomia errespetatzeko xedea duena, «bereziki kontuan harturik irrati bakoitzak bere lurraldean duen erreferentzialtasuna».

Aldaketa prozesu guztietan bezala, denek ez dute segidan begi onez ikusi urrats digital berria, «beldurra sortzen zuelako, bereziki lan egiteko maneretan eraginen zituen aldaketengatik»; itxuraren eguneraketa horrek, funtsean, lan egiteko moldeen egokitzapena dakarrelako, baita molde horien ikasteko beharra ere. Jose Luis Aizpuru Euskal Irratietako erredaktoreburua da, eta aitortu du «iraultza ttipia» izan dela prozesua: «Bagenekien konplikatua izango zela, hilabeteetako lana eskatuko zuela, baina ikasten ari gara. Ez da bukatua». Konkretuki, lan prozesu osoa berriz pentsatzekoa dute, eginbide berri bati denbora eskaini behar baitiote eta horrek ekar baitezake beste eginbide bati denbora kendu behar izatea. «Lehen, berri sailez bakarrik pentsatzen genuen, zer sartu eta zer ordutan... Hor, lan bikoitza egin behar dugu. Eta nola idatzi behar dugu? Zeren webgunerako eta irratirako ez baita ber gisa; gero, behar dea notizia apaindu? Argazkiak, bideoak...».

Halere, iruditzen zaio «satisfazio puntu bat» ematen duela nork bere lana webgunean ainguraturik ikusi ahal izateak. Irratia «medio likido eta arin» gisa definitu du; ordea, webgunea fisikoagoa da, eta albistea «beti hor da biharamunean», ohartarazi duenez. Funtsean, aukera gehiago ematen dizkie informazioa tratatzeko.

DAB+ teknologiaren erronka

Estreinara hainbat jende gomitatuak zituzten, irratien hurbilekoak, politikariak eta abar; eta hor zen Ensemble pour le DAB+ elkarteko kidea ere, Maelo Seuret. DAB+ irratia emititzeko sistema berria da, numerikoki funtzionatzen duena, orain arteko FM frekuentziei konparaturik. Seuretek, bistan dena, mikroa hartu eta teknologia horren abantailak zerrendatu ditu, irrati gehiagoren entzuteko aukera ematen baitu sistema berriak, kalitate hobean, eta frekuentziak aldatu behar izan gabe bidean, adibidez. 

Haatik, Jojo Bidart Irulegiko Irratiko langilearen ustez, zenbait muga ere ekarriko dizkie DAB+ teknologiak, batez ere horiei, euskal irrati gisa. Zalantzan jarri du irrati gehiagoren entzuteko aukera, horrek erran nahi baitu lehiakortasuna handituko duela eta Euskal Irratiak oraino irrati frantses gehiagoren artean itoak izanen direla; gainera, azpimarratu du beste irrati horien ahal teknikoak ez dituztela, eta, beraz, lehiakortasun horri ezinen diotela erantzun. Bigarren arrangura nagusia emisio eremuena dute: lotizamenduka antolatua da DAB+ teknologiaren emisioa, baina, oraingoz, ez da Ipar Euskal Herriko barnealdera iristen.

Baiona zabaldua deitzen zaion lotizamendua pixka bat zabaltzea lortu dute Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Euskal Hirigune Elkargoarekin hitz eginda, baina, oraino ere, Nafarroa Beherera eta Zuberoara ez dira iristen. Egia da biztanleen %88 Lapurdin daudela, baina euskaldunen proportzioa, haatik, anitzez ere handiagoa da barnealdean. Horregatik, ARCOM egiturarekin eta instituzioekin elkarrizketetan segitu behar dute, emisio eremuak negoziatzeko eta euskaldunei euskaraz emititzen segitzeko, Ipar Euskal Herri osoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.