Komunikazioa

Euskal sukaldarien leihoa

'Txoriene' sukaldaritza saioko lehen denboraldia amaitu berri da, baina hurrengorako prestaketekin hasiak dira. Beste aurkezle batek gidatuko du saioa; «aditu profila» izango du.

Hurrengo denboraldian ere astero sukaldari bat gonbidatuko dute Txoriene saiora. ETB.
Adrian Garcia.
2013ko uztailaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Donostiako Aratz jatetxeko Xabier Zabaleta sukaldariarekin amaitu da Txoriene saioko lehen denboraldia. Herenegun eman zuten azken saioa; iraila bitartean errepikapenak emango dituzte. Gustura dago Alberto Arizkorreta saioko zuzendaria, saioak bere helburuak lortu baititu: «Leiho bat zabaldu diegu telebistan Euskal Herriko jatetxe eta sukaldariei».

Nazioartean ezaguna da Euskal Herriko gastronomia. Urtero-urtero bisitari mordoa erakartzen dituzte herrialdeko punta-puntako jatetxeek. Goi mailako jatetxeez gain, gastronomiako eskaintza oparoa da, eta mota eta prezio askotako jatetxeak aurki daitezke. Eskaintza hori azaleratzea izan da saioko helburuetako bat, Arizkorretak azaldu duenez: «Inguruan oso ezagunak diren baina hedabideetan ateratzen ez direnak gonbidatu ditugu. Haien eskua, produktuak eta platerak kalitate handikoak dira. Horrelako sukaldari asko ditugu gurean».

Sukaldaritzaren estereotipo batekin apurtzea ere lortu dutela dio Arizkorretak. Izan ere, askotan gizonezkoen jardunarekin lotu izan da sukaldaritza profesionala. «Emakumeak ekarri ditugu saiora».

Arizkorretak dio sukaldaritza aldetik oso «aberasgarria» izan dela. Batzuetan, gonbidatutako sukaldariek produktuak errepikatu dituzte, baina emaitza oso bestelakoa izan da. «Bakoitzak bere nortasuna jartzen du, bere erara prestatzen ditu jakiak».

Errezetak ikasteko bidea izateaz gain, gonbidatutako sukaldariaren jatetxera ere gerturatzen du saioak. Sukaldarien eguneroko jarduna erakusten duen bideoak tartekatzen dituzte. Gonbidatuentzat aukera ona da haien lana ezagutarazteko. «Sukaldariek esan digute jendea haien jatetxera joan dela saioan egindako platerak eskatzera».

Egitura berezia du Txoriene saioak. Xuban Intxausti aurkezlearen «ezjakintasunaz» baliatu dira saioa arinagoa izateko. Intxausti ez da sukaldari profesionala, eta etxean sor daitezkeen zalantzen ispilua izan da. «Xubanen profila ikasten dagoen pertsona batena da. Txoriene da haren etxea, eta hark sukaldari bat gonbidatzen du egunero bi plater egin ditzan». Intxaustiren galderak oinarrizkoak dira, jendeak gauza sinpleak egiten ikas ditzan. «Jende askok ez daki nola prestatzen den kroketen bexamela, edo nola garbitzen diren txipiroiak». Gonbidatutako sukaldarien profesionaltasuna aurkezlearen ikasteko gogoarekin uztartu dute.

Aurkezle berria

Hurrengo denboraldirako aldaketarik nabarmenena aurkezlearena izango da. Intxaustik ez du aurkeztuko saioa, baina oraindik aukeratzeke dute nork ordezkatuko duen. «Aditu baten profila bilatzen ari gara», azaldu du Arizkorretak. Aholkuak ematen jarraituko dute, baina sukaldaritza maila jasoagoa izango du saioak.

Egitura berdintsua izango du hurrengo denboraldiak; astero sukaldari bat izango da Txoriene saioan. «Sukaldari askorekin hitz egin dugu. Iparraldeko bi eta Bizkaiko beste bi izango ditugu». Saio bakoitzean bi plater egingo dituzte, eta gonbidaturen jatetxeari buruzko ezaugarri nagusiak emango dituzte.

Saioko zuzendariak dio arratsaldeko ordutegian bere lekua egiten ari dela. «Interneten ere errezeta asko jarraitu dituzte». Iraileko programazioa finkaturik gabe badute ere, Arizkorretak uste du arratsaldetan emango dutela, tarte horretako programazioa ekoizpen propioekin indartu nahi baitu zuzendaritzak. Irailaren hirugarren astetik aurrera ikusi ahalko da bigarren denboraldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.