Herritar talde batek kanpaina bat abiatu zuen asteazkenean, Euskal Telebistan euskaldunei gaztelaniaz eginaraz ez diezaieten. Botoa emateko webgunea prestatu du horretarako, eta dagoeneko 1.600 sinaduratik gora bildu dituzte. Webgunearen helbidea honako hau da: www.ipetitions.com/petition/euskaldunakeuskarazetbn.
«Euskaraz nahiz erdaraz berdin hitz egin ahal izatea gauza ederra da. Baina bietan berdin hitz egin ahal izateak ez du esan nahi berdin zaigula batean ala bestean jardutea. Ez luke hala behar, zeren egunen batean herri honetako elebidunei berdin bazaigu euskaraz ala erdaraz egitea, euskara galbidean dela esan ahal izango dugu», dio sinatzeko kanpainan prestatutako agiriak.
Agiri horretan diotenez, Euskal Telebistan elkarrizketak eta adierazpenak euskaraz eta gaztelaniaz egitea aspaldiko ohitura da. Horren ondorioz, «euskara ikusezin bihurtu» da euskaraz bizi ez direnentzat, eta ondorioak «euskararentzat kaltegarriak» dira. Are gehiago: «Adornuko hizkuntza bihurtzen du, euskaraz esandako guztia gero erdaraz errepikatzen delako. Zalapartarik gabeko euskaltzaletasun naturala estali eta ezkutatu egiten du.
«Euskal Telebistako agintari eta langileei eskatu nahi diegu aspaldiko praxia aldatu eta ez eskatzeko euskaldunei erdaraz egin dezaten. Ezer eskatzekotan, euskaraz egin dezaten eska diezaietela». Hain zuzen, «eredugarriak izan daitezkeen pertsonak euskaraz entzuteak» euskararen aldeko hautua egin dutela erakusten duela argudiatu dute. Ekimenaren sustatzaileek gogorarazi dutenez, «ETB euskararen mesedetan lan egiteko sortu zen, baina helburu horri beste batzuk nagusitu zaizkiola bistan da».
Aurreko zuzendaritzarekin egon zen antzeko sinadura bilketa bat, baina Interneteko zabalpenik gabe.
Interneten erreakzio ugari
Ekimenak oihartzun handia izan du Interneteko euskal guneetan. Zuzeu eta Sustatu atarietan, esaterako, albisteari hainbat iruzkin egin dizkiote internautek. Sustatun Oier A.-k honako hau idatzi du: «Telebistan agertzea tokatzen zaion euskaldunak ere badauka zeresana kontu honetan. Kamerariak galdezka etortzen zaizkigunean euskaraz bakarrik erantzun nahi dugula adierazi beharko genuke kanpaina hau eraginkorra izan dadin». Beste internauta batek honako proposamen hau egin du: «Hizkuntza ofizial bietan hitz egitea eskatu behar badute elkarrizketa bat egiterakoan ETB2n eta ETB1en egiten diren emisioei egokitzeko, erdal eledunei eska diezaietela euskaraz egin dezatela ETB1en irten behar dutenerako».
Egun badira gaztelaniazko adierazpenak egiteari uko egiten dioten lagunak. Zuzeun internauta batek aipatzen du Asier eta Aimar Olaizola ETB2n euskaraz agertu ohi direla, azpidatziekin, gaztelaniaz aritzeari ezezkoa ematen diotelako.
Komunikazioa
Euskaldunek ETBn euskaraz egiteko kanpainak 1.600 sinadura jaso ditu sarean
Sustatzaileek ETBko langileei eskatu diete euskaldunei ez agintzeko gaztelaniaz egin dezaten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu