Euskalerria Irratiaren uhinek eta Iruñeko kaleak bat egingo dute aurtengo sanferminetan ere

Euskalerria Irratiak luze eta zabal informatuko du Iruñeko sanferminei buruz: Udaletxe plazan hasi eta bukatuko dituzte jaiak, eta saio bereziak egingo dituzte egunero, kaletik.

Euskalerria Irratiko Reyes Ilintxeta eta Juan Kruz Lakasta, iazko txupinazoan. EUSKALERRIA IRRATIA
Euskalerria Irratiko Reyes Ilintxeta eta Juan Kruz Lakasta, iazko txupinazoan. EUSKALERRIA IRRATIA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2025eko uztailaren 2a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Igande honetan hasiko dira Iruñeko San Fermin jaiak, txupinazoa botata, baina Euskalerria Irratiko kazetarientzat duela pare bat aste hasi ziren. Buru-belarri ari dira prestatzen igandetik uztailaren 14ra arte egingo dituzten saio bereziak. Zuzen-zuzenean emango dute txupinazoaren berri, egunero saio berezi bat egingo dute eta hilaren 14an Udaletxe plazara itzuliko dira festaren amaieraren berri emateko. Zazpi egun pasatuko dituzte Iruñeko kalean, entzuleei sanferminen berri ematen, euskaraz.

Igande honetan, hilaren 6an, saio berezia egingo dute Iruñeko Udaletxe plazatik. Zuzen-zuzenean emango dute txupinazoaren berri saio berezi batean; 10:00etan hasi eta 12:30 aldera bukatuko da. «Bi kazetari izango gara udaletxearen albo batean dagoen eraikineko balkoian, beste bi udaletxearen barruan egongo dira, eta beste bi lagun kalez kale ibiliko dira. Gure egoitzan, gainera, teknikaria eta sare sozialez arduratzen den beste lankidea egongo dira. Beraz, horiek denak arituko gara goiz horretan espresuki txupinazoaren berri ematen», azaldu du Pello Argiñarenak, Euskalerria Irratiko kazetariak.

Astelehenetik ostiralera, berriz, Iruñeko katedralaren atzeko Zaldi Zuria ostatua izango da Euskalerria Irratiaren sanferminetako egoitza. Ostatu horren terrazako mahai batean jarriko dituzte mikrofonoak, eta handik egingo dute sanferminei buruzko saioa egunero, 12:00etatik 14:00etara. Saio horren eduki dena Nafarroako hiriburuko festen bueltakoa izango da. «Musikariak eta elkarrizketatuak izaten ditugu», Argiñarenak azaldu duenez.

«Iruñea osoa pasatuko da gure aurretik. Azkeneko 35 urteotan egin dugun bezala, sanferminen berri euskaraz emango dugu»

PELLO ARGIÑARENAEuskalerria irratiko kazetaria

Zaldi Zuria ostatutik pasatuko diren musikari gonbidatuei dagokienez, hauek egongo direla iragarri du Argiñarenak: «Naxker, Tatxers, Borla, Burutik, Xendra, Apotheke, La Txama, Chica Sobresalto eta Mirari izango dira gurean, eta baita Kuxkuxtu txarangakoak, Igor Martinez gaiteroa eta Bidart anaiak ere, Nafarroa Beheretik etorriak».

Festa non, Euskalerria Irratia han. San Fermin jaiekin lotutako protagonista ugari izango dira 12:00etatik 14:00etarako tarte horretan: Joseba Asiron Iruñeko alkatea, Unai Uhalde Nafarroako Parlamentuko presidentea, konpartsako kideak, jota kantariak, mugimendu feministako kideak, herri sanferminak antolatzen dituzten eragileak, prozesiora joango ez den zinegotzi bat, txupinazoa botako duenetariko bat... German Rodriguezen omenaldian ere izango dira. «Hilaren 7an, esate baterako, historialari bat etorriko da esatera San Fermin ez zela existitu: hori ja demostratuta dago».

Udaletxe plazatik

San Fermin inoiz izan ez bazen ere, badira sanferminak, eta hilaren 14ra arte arituko dira horien berri ematen. Astelehenetik ostiralera 12:00etatik 14:00etara egingo dituzten saioak arratsaldean entzuteko aukera ere egongo da. Goizean goiz, gainera, entzierroen berri jakiteko aukera ere izango dute Euskalerria irratiaren entzuleek. Haiei buruzko buletin monografikoak egingo dituzte, egunero, 08:20an. Hilaren 14an Udaletxe plazatik agurtuko dituzte festak, saio berezi baten bidez. 

«Iruñea osoa pasatuko da gure aurretik. Azkeneko 35 urteotan egin dugun bezala, sanferminen berri euskaraz emango dugu, eta modu alternatibo batean», nabarmendu du Argiñarenak. Hala egingo dute aurten ere, eta informazio horren guztiaren berri izateko, bi bide daude: Internet bidez entzutea—euskalerriairratia.eus webgunean— edo irrati bidez, FM 98.3 frekuentzia sintonizatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.