Komunikazioa. Iban Garate. ETB1eko 'Ai, ama!' saioko aurkezlea

«Euskaraz ez dakitenak ere ekartzea planteatu beharko dugu»

Astelehenetik ostegunera 21:00etatik 21:30era aurkezten du Garatek 'Ai, ama', entretenimendua jomuga duen 'show'-a.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Gaztea bada ere ETBko saioak aurkezten eskarmentu handia du Iban Garatek (Azkoitia, Gipuzkoa, 1982). Aurkezle lanak tarteka zinemako aktore lanekin partekatzen ditu. Euskarazko hainbat filmetan parte hartu du azkeneko urteetan.

Zer balantze egiten duzu Ai, ama! saioaren aurreneko asteez?

Hilabete bat bada hasi ginela. Gu gustura gaude. Aurreneko egunak neurria hartzekoak izaten dira, martxa hartzeko. Hori, behintzat, hartu dugu. Astean lau programa egin behar ditugu, eta horrek izerdi eta neke asko ekartzen ditu. Engranajea martxan denez, hemendik aurrera gora eta gora egingo dugu.

Zer moduz aurkitu duzu zeure burua horrelako show bat gidatzen?

Hori ez da nik esan beharko nukeen zerbait. Nire sentipenak onak dira. Ondo pasatzen saiatzen naiz, eta ondo pasatzen dut programa egiten. Lana da, baina ondo pasatzeko tarte gisa bizi dut. Gonbidatuek ere horretan lagundu digute orain arte. Alde horretatik, gustura gaude, behintzat. Entretenimendu saio bat da, eta entretenitzen saiatu behar dugu.

Mikel Pagadizabalek, Itziar Atienzak eta Xabi San Sebastianek nolako kolorea ematen diote saioari?

Bakoitzak berea, zalantzarik gabe. Pagadik bere unibertso partikularra ekartzen digu, San Sebastianek akzioa eta Atienzak lehia gonbidatuarekin. Oreka bat lortzen da guztiarekin. Bakoitzak bere marka du, eta hori onuragarria da.

Gonbidatu guztiak sentitu al dira eroso? Batzuek ez al dituzue proba txoroegitan jarri?

Nik orain arte inori ez diot kexurik entzun. Proba batzuetan gehiago asmatuko dugu, eta bestetan gutxiago, baina gure asmoa ez da inor konpromisoan jartzea. Gonbidatuak gustura egon daitezela, besterik ez dugu nahi. Jendea telebistara lasai etortzea nahi dugu.

Zer moduz doaz saioaren ikusle datuak?

Ondo. 21:00etatik 21:30erako tarte horretan indarra hartzen ari gara, eta emaitza hobeak lortzen. Batez bestekoak hobeak dira aurrekoak baino. Asko dugu hobetzeko, eta gauzak ondo egin beharko ditugu. Baina denborarekin martxa hartuz joango gara.

Pello Sarasola ETBko eduki zuzendariak adierazi zuen saioaren helburu izan behar zela San Mames betetzeko adina ikusle izatea.

40.000 lagun erronka handia da. Gu erronketarako gaude. Ez dakit zenbatetan lortuko dugun, baina oraindik ez dugu lortu.

Aritz Galarraga telebista kritikariak nabarmendu zuen aurreneko asteetan saioko gonbidatuen artean nagusi zela ETBko jendea.

Gauza bat da norberak zer nahi duen, eta beste bat zer lortzen dugun. Euskara dugu tarteko. Planteatu beharko dugu euskaraz ez dakiten gonbidatuak ere ekartzea, itzulpenak jarriz. Lehen saioetan egia da ETBko lagun asko izan direla. Helburua da bere esparruan erreferenteak direnak gurera ekartzea.

Ikus-entzule batzuek Ai, ama! Antena3eko El hormiguero saioarekin konparatuko dute. Zer esan dezakezu horretaz?

Konpara daiteke nahi den programarekin. Edozein telebista saiok handik eta hemendik hartzen ditu ideiak. El hormiguero da erreferente bat hitza, jolasa eta entretenimendua uztartzen dituena. Baina beste bat ETB1eko Finlandia izan daiteke. Elkarrizketa eta jolasa uztartzen dituzten saioak badaude hor. Zaila da formatu oso berriak asmatzea.

Ikus-entzuleak izaten dituzue platoan. Zer moduz portatzen dira?

Primeran. Ehun lagun inguru etortzen dira egunero. Gogoz datoz, eta, parte hartzea eskatzen zaienean, parte hartzen dute. Termometro onak dira; isilik egon badira, seinale agian ez garela hain fin aritu.

Zein izango litzateke platoan gehien gustatuko litzaizukeen pertsonaia?

Ez daukat bat faboritoa. Erreferentea izatea bere esparruan argumentua da guretzat. Haren lanari buruz hitz egiteko aukera ona badugu, primeran. Publiko zabala dugu, eta beti asmatzea ez da erraza. Politikariak eta enpresaburuak oraindik ez ditugu ekarri, baina seguru horrelakoak ere ekarri beharko ditugula.

Ikusleei galdetu diezaiekezue zer gonbidatu ikusi nahi duten.

Bai, ondo legoke jendearen proposamenekin zerrenda bat egitea. Lantaldean botako dut ideia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.