Uztailaren amaieran Go!azen telesailaren atal berriak grabatzen hasiko dira ETB1erako. Hamar atal izango dira, eta bakoitzaren kostua 80.000 euro izango da. Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak Martin Ugalde Foroan eman zuen datua: ETB1eko telesail baten atal batek 80.000 euroko kostua du. Gaineratu zuen ETBk gaur egun ez duela dirurik urte osoan fikzioa emateko, eta telesailek ez dutela «audientzia nahikoa» ematen. ETB1eko programazioari erreparatuta, egoera argia da: Eskamak kentzen telesailaren hamabi atalak otsailaren 23tik maiatzaren 10era eman zituzten. Eta, ordutik, ETB1en ez dago telesailik. Hilabete batzuk itxaron beharko dira neska-mutikoentzako Go!azen saioa ikusteko. Eskamak kentzen-ek jarraituko duen edo ez, berriz, zalantzazkoa da.
Iturbek berak Kataluniako TV3 katearen Merli telesaila aipatu zuen: katalanezko fikzioaren atal bakoitzak 200.000 euro inguruko kostua du.
Espainiako TVE telebista publikoan egiten diren telesail batzuen atal bakoitzeko kostua, berriz, 700.000 euro baino gehiagokoa da. «Guk garai batean kalkulatzen genuen ETBko telesailak Madrilen egiten ziren ekoizpenen %10ekin egiten genituela», azaldu du Eneko Olasagasti zuzendariak —Bi eta bat izan zen egin zuen azkena, 2012an—.
Frantzian,orain arte egin den telesail garestiena Canal+eko Versailles da; Kanadako Super Channel kable bidezko katearekin batera ekoitzi dute. Atal bakoitzak 2.660.000 euroko kostua izan du.
Euskal Herrian fikzioan aritzen den langile batek azaldu duenez—ez du izenik eman nahi izan— , ataleko 150.000 euro inguru izan beharko litzateke estandarra ETB1eko telesail batentzat. Euskal Herrian langileen baldintzak negargarriak direla gaineratu du, eta lantalde txikiak izaten direla. Aurrekontuaren parte handi bat alor teknikoak eramaten du, eta merkeena gidoiak izaten direla nabarmendu du langile berak. Aktoreei eta gidoilariei lan hitzarmena aplikatzen zaie, gutxienekoa.
Olasagastiren arabera, euskarazko fikzioak berdin jarraituko du EITBren aurrekontua handitzen ez bada. «Aurrekontuaren %75 EITB mantentzeko erabiltzen da. Egoera ez da aldatuko, ez bada diru sail egoki bat jartzen fikziorako. Urtean pare bat gauza egingo dira, eta besterik ez».
Galizian, telesail gehiago
Olasagastiren ustez, TVErekin baino gehiago, Galiziako TVGrekin alderatu beharko litzateke ETB. «TVE beste parametro batzuetan mugitzen da». Galizian galizieraz egindako fikzioak, kopuruan behinik behin, osasun askoz hobea du euskarazko fikzioak baino. 2015-2016ko denboraldian, TVGk eguneroko telesail bateman du (O Faro), eta beste bost telesailen atalak ere bai: Pazo de familia, Serramoura, Hospital Real, Urxencia Cero eta Casa Manola. Datorren denboraldiari begira, aipatutako batzuek jarraituko dute, eta, horrez gain, Dalia, a modista eta Hotel Vidago estreinatuko dituzte —azkena, Portugalgo RTPrekin elkarlanean—. Eta TVGko iturriek azaldu dutenez, aurki beste telesail bat martxan jarriko dutela iragarriko dute. Telesail horiek guztiak egiteko CRTVGk EITBk baino aurrekontu handiagoa duela pentsatuko du batek baino gehiagok. Ez, ba. 2015ean, Galiziako irrati-telebista publikoak 100,7 milioi euroko aurrekontua izan zuen. EITBk, 124,6 milioi eurokoa. 2016an, CRTVGk 102,2 milioi euroko aurrekontua du. EITBk, 129,8 milioikoa. Horrenbestez, euskal irrati-telebista publikoak 27,6 milioi euro gehiagoko aurrekontua du, baina Galizian baino hiru edo lau aldiz telesail gutxiago egiten ditu. Ekoizpen galegoen artean Serramoura izan da arrakastatsuena denboraldi honetan: batez beste %14,4ko ikusle kuota lortu du (159.000 ikus-entzule).
Euskarazkoak egiteko sosik ez
'Game of Thrones' telesailaren atal batek duen kostuarekin, euskarazko baten ehun atal egin daitezke. TVEko 'Cuéntame' hamar aldiz gehiago kostatzen da ETBko telesail bat baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu