Bihar amaituko da Euskaraldia, eta Hernanin (Gipuzkoa) ekitaldi berezi bat antolatu dute herri horretako udalak eta Dobera euskara elkarteak, BERRIArekin batera. Jendaurrean egingo dute egunkariaren Ezer ez eta festa podcasta, Sandiusterrin, 12:00etan hasita, eta solasak eta bertsoak tartekatuko dituzte.
Irene Arrarats Lizeaga eta Maialen Berasategi Catalan BERRIAko euskara taldeko kideak dira podcastaren gidariak, eta iragarri dute «podcast eta bertso saio hibrido bat» izango dela. «Gu hasiko gara hizketan, gure gidoiarekin», azaldu du Berasategik. «Eta halako batean, isilduko gara, eta Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabal bertsotan hasiko dira, librean. Guk esandakoak iruzkinduko dituzte bertsotan». Arraratsek ohartarazi du, dena dela, «nahi duten tokitik eta nahi duten alderditik» helduta kantatuko dutela bi bertsolariek. Euskal Herriko txapelduna bata, eta Bizkaiko txapelduna bestea. «Eta esatariok, neurri batean, ezohiko gai jartzaile bihurtuko gara».

Ondotik, hizketan sartuko dira berriz podcastaren bi esatariak. Eta bertsotan jarraituko dute Lujanbiok eta Ibarzabalek. «Guk badakigu gureak zenbat iraungo duen gutxi gorabehera, baina bertsolarien tarteak... ba, haiek nahi beste», gaineratu du Arraratsek. Publikoaren erantzunarekin ere jokatuko dute.
Zarautzen aritu ziren aurretik
Martxoaren 27an, Zarauzko (Gipuzkoa) Modelo aretoan egin zuten Ezer ez eta festa. Bertsolaririk gabe orduko hartan. «Guretzat esperimentu berri bat izan zen. Publikoa espero baino gehiago etorri zen, espero baino beroago, eta polita izan zen», gogoratu du Berasategik. Arrarats ere gustura gelditu zen: «Sumatu genuen jendearen atsegina, entzuleek ondo pasatu zutela. Horren bultzadaz animatu gara Hernanikoa egitera».

Aginagan (Gipuzkoa), bestalde, bertso saio bat egin zuten iazko azaroan Ezer ez eta festa podcastaren bueltako hizkuntza gaiak hizpide hartuta. Lujanbio eta Ibarzabal aritu ziren bertsotan orduan ere, Uxue Alberdirekin batera; Ainhoa Agirreazaldegi aritu zen gai jartzaile. «Polita baino gehiago, sekulakoa izan zen», esan dute Arraratsek eta Berasategik. Saioa Youtuben ikus daiteke:
Saio haren ondotik, Ainhoa Agirreazaldegik tankerako bi saio antolatu zituen Iraleko ikasle-irakasleentzat. Berasategik azaldu duenez, irakaskuntzako zenbait arlotan dezente erabiltzen ari dira Ezer ez eta festa podcasta: euskaltegietan, Irale programan eta unibertsitateetan ere bai. Atal guztiak BERRIAren webgunean daude entzungai.
Orain arte, ez dira euskarazko podcast asko egin jendaurrean. Baina joera hori aldatzen ari da. «Bidea urratzeko dagoenez, bide oparo eta zabala izan daiteke. Esperimentatzeko ere bai», uste du Berasategik. Arraratsek, ildo beretik, uste du probatu egin behar dela. «Probatu eta ikusi zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Publikoarekin egitea ondo pasatzeko bidea da, eta zuzenekoa izateak beste bizitasun bat ematen dio. Gainera, jendearen arreta handiagoa da, eta komunikazioa errazagoa da, ironiaz noiz ari garen eta noiz ez ikusi egiten delako».