Komunikazioa. Ilaski Serrano. ETBko eta Euskadi Irratiko aurkezlea

«Ezinezkoa da Alkain ordezkatzea; beste leku batetik sartu naiz ni»

Astelehenean Euskadi Irratiko 'Oilategia' saioan hasi zen, Anjel Alkain ordezkatuz. Datorren astean, berriz, 'Mihiluze'-ko zazpigarren denboraldiari ekingo dio Serranok.

urtzi urkizu
Donostia
2011ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Gaztean hainbat urtez ibili zen Ilaski Serrano (Bermeo, Bizkaia, 1976). Orain, eguerdian entzungo da haren ahotsa Euskadi Irratian.

Nola hartu duzu irratira itzultzeko aukera?

Kasualitatez izan da. Anjel Alkainek Euskadi Irratikoa utzi behar zuen, eta harremana dut Pagadi eta Iraolarekin. Proposamena egin zidaten, eta arduradunek ondo ikusi dute. Gainera, aukera egon da telebistako eta irratiko lana bateragarri egiteko.

Oilategia-n ez al zaituzte gehiegi aztoratuko Pagadik eta Iraolak?

Beno, bakoitzak bere aldekoa du. Ni oraingoz gustura nago, eta asko ikasten ari naiz, orain arte egin dudan irratiak ez baitu zerikusirik honekin. Begi bat itxia eta bestea zabalik dut, ea nola den hau.

Alkain ordezkatzea ez da erraza izango, ezta?

Ez da, ez. Baina nik ez dut hartzen ordezkapen baten gisa, ezinezkoa izango litzatekeelako. Ni ez naiz ez aktore, ez bikoizle. Beste leku batetik sartu naiz, aurkezle eta kazetari moduan, gidatze lanetan. Ez da gauza bera izango.

Gaztean urte luzez aritu ostean, kanpoan gelditu zinen beste esatari batzuekin batera. Nola bizi izan zenuen garai hura?

Aldaketa sasoi batean gertatu zen, alde administratiboko arazo batzuengatik. Baina ez zen profesional kontuengatik izan. Ez zen une polita izan, baina ez zuen zerikusirik izan gure lanarekin.

Euskadi Irratiak premiazkoa du Oilategia bezalako umore saio bat?

Nik uste dut berritasuna izan dela. Iazko urtea oso ona izan zen Oilategi-ko egileentzat. Eta nik orain beste luzapen bat eman nahi diot. Oso ondo egokitu den programa bat dela iruditzen zait; freskoa da, eta jende askok entzuten du. Atal berriak sartu ditugu, Alkainek egiten zituen atal batzuk kendu diren bezala.

Telebistari dagokionez, zer aldaketa izango ditu datorren astetik aurrera Mihiluzelehiaketak?

Aldaketa txiki batzuk egingo ditugu. Proba batzuk aldatu ditugu. Katea izeneko proba berria sortu dugu, galdera-erantzunekin. Hitz gurutzatuekin gurpil moduko bat ere egongo da. Gainontzekoan, betiko martxan jarraituko dugu. Formatuarekin oso gustura gaude.

Zazpi denboraldiren ostean, zer behar da ikusleak mantentzeko?

Itxaroten dugu ikusleak hor egotea. Oraino lehiakideak badatoz, eta, gauzak horrela jarraitzen duten bitartean, pozik gaude. Hurbiltasun bat dugu ikusleekin, eta sekretu handirik gabe hurbiltasun horrek ekartzen digu jendeak atea zabaltzea Mihiluze-ri. Oasi txiki horri eutsi nahi diogu.

Lehiakideei dagokienez, pentsatzen al zenuten hainbeste lagun parte hartzeko prest egongo zenik?

Ni neu asko harritu naiz. Jendearen parte hartzea lortzeko ekoizpen lanetan ibili izan naiz beste saio batzuetan, eta ez da erraza izaten. Jendea lasai eta umore onez etortzen da. Guretzat garrantzitsuena da lehiakideak hemendik pozik irteten direla, eta gero lagunak konbentzitzen dituzte etortzeko.

Madrilgo txosten batek Miramon ixtea gomendatzen du. Imajina al daiteke EITB Miramon gabe?

Hori ikusi beharko da zertan amaitzen den. Oraingoz, Miramonen gaude lanean, eta egoitza beharrezkoa dela uste dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.