Komunikazioa

Ezkontza eta hileta hotsak izango dira 'Goenkale'-n, astelehenetik aurrera

Hamabi aktore berrik parte hartuko dute 19. denboraldian; Isidoro Fernandezek, besteak beste

Asier Hernandez, Naiara Arnedo, Karmele Larrinaga, Xabier Perurena, Maria Cruickshank, Eneko Sagardoi,  Iñaki Perurena, Maitena Salinas, Mikel Martinez eta Asier Oruesagasti aktoreak, atzo, Donostian. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Lukas (Mikel Martinez) eta Malen (Amaia Ruiz) astelehenean ezkonduko dira, Goenkale-ren 19. denboraldiko aurreneko atalean. Halaber, aurreneko ataletan, Ibik (Amaia Intxausti) eta Jokinek (Ander Barinagarrementeria) ihes egitea lortzen duten ala ez jakingo da, baita Inesek (Miren Gaztañaga) Germanekin (Asier Hernandez) joatea erabakitzen duen ere.

Hortik aurrera, «ezusteko ugari» izango direla adierazi du Olatz Beobide telesaileko zuzendariak. «Haur lapurtuen auziari bukaera duin bat ematen saiatuko gara». Ikusleei eskerrak eman nahi dizkie Beobidek, haiengatik ez balitz ez leudekeelako lanean. «Denboraldi berrian denetarik gertatuko da. Emozio asko egongo da. Gainera, pentsatu dugu gauzak gertutik kontatu nahi ditugula». Hartara, pertsonaia berriak bide horretatik joango dira. Ikusle gazteei erreferentzia eginez, telesaileko zuzendariak adierazi du Internet bidez ikusleekin etengabeko feedbacka dutela.

Joselu Blanco ETBko programazio buruaren arabera, 18. denboraldia sinbolikoa izan zen. «Eta eguneroko martxan, beste 78 atal idatzi, grabatu eta ekoiztea ez da erraza. Baina publikoa gurekin egon zen, eta hori oso pozgarria da». Aurreko denboraldian, batez beste 40.000 lagun egon ziren astero Arraldeko abenturak ikusten. «Hori kristoren lorpena da egungo telebista nola dagoen ikusita. Gainera, duela bi urtetik hona gazteek gero eta gehiago ikusten dute telesaila». ETBko ordezkariak onartu du konpetentzian lehiakide gogorrak egongo direla. «Baina ziur nago ikusleen fideltasunari eutsiko diogula». Lagun askok galdetzen diote Blancori zein den telesailaren arrakastaren arrazoia. Hark argi du: «Taldearen jarrerarik gabe, ezinezkoa litzateke hau lortzea. Mirari bat da».

Pertsonaia berriak

Denboraldi honetan, pertsonaia berriak iritsiko dira Arraldera: Garbiñe (Amaia Arkotxa) emakume alarguna da, eta bi seme-alabarekin heldu da herrira: Leire (Erika Olaizola) eta Aimar (Gaizka Segi). Arazo ekonomiko larriak ditu, eta etxea galtzeko zorian dago. Bere inguruan beste bi pertsonaia azalduko dira, Lupe (Tania de Roberto) eta Jessi (Zuriñe Benavente). Etorkin hispanoak dira Lupe eta Jessi, eta zer esanik izango dute Arralden. Telesaileko beste aktore berri batzuk honako hauek izango dira: Isidoro Fernandez, Naiara Arnedo, Karmele Larrinaga, Eriz Alberdi, Xabier Erauskin, Iñigo Gastesi eta Eneko Sagardoi. Donostiako aurkezpenean izan zen atzo Sagardoi, aktore gazte berriak ordezkatuz: «Ohore bat da telesailean aritzea. Goenkale-k nire adin bera du, eta anaia bat bezala izan da. Saioa makineria bat da, pertsonaz josia, eta hor moldatzen saiatuko gara». Durangokoa da Sagardoi, eta Karrika antzerki taldean aritu izan da. Telebistan, berriz, Goenkale-koa da bere lehen esperientzia.

Iñaki Perurenak, berriz, modu honetan definitu du telesaila: «ETB jatetxe bat bezalakoa da, eta Goenkale, beti bertan egon behar duen platera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.