Kazetaritzan, literaturan eta ikus-entzunezkoetan ibilbide oso luzea egin du Milan Rakovacek (Rakovci, Kroazia, 1939). Midas erakundearen Otto von Habsburg saria jaso eta hurrengo goizean izan da elkarrizketa, Nova Goriciako (Eslovenia) hotel batean. Terrazara joateko gonbita egin, zigarroa piztu, eta hitz egiteko prest dela azaldu du. Bezperan, euskaldunak asko miresten dituela aitortu zuen afaritara joan aurretik.
Otto von Habsburg saria jasotzean, gogoan izan dituzu Israelek hil dituen kazetari palestinarrak. Gai horretaz ozen hitz egin behar dela uste duzu?
Garrantzitsua da ahotsa altxatzea, noski, Israelek kazetariak eta zibil errugabeak exekutatzen dituenetik. Gerra egiteko modu barbaro bat da. Historian atzera joz, nire aitona Flossenburgeko [Alemania] kontzentrazio eremura eraman zuten Bigarren Mundu Gerran, eta aita Bigarren Mundu Gerraren garaian hil zuten. 5 urte baino ez nituen, eta familiako maiorazko bilakatu nintzen. Jakina, ume bat besterik ez nintzen, baina nolabait umearen maskulinizazio bat gertatu zen han.
Zer sentitzen duzu Midasen sari hau jasota? Zer moduz zaude?
Ondo nago. Lehenik eta behin, esan nahi dut zuetako bat bezala sentitzen naizela. Gauza bat esango dizut: oso gogoan dut Espainiako faxismoak egin zituenak. Francisco Franco diktadorea hil aurretik ETA sortu zen, eta askapen gerra batean elkarrekin bageunde bezala zen niretzat. Alderatzen hasita, aita alderdi komunistako kidea zen, eta harremana zuen italiar antifaxistekin. Han izan genituen parez pare faxista espainiarrak, italiarrak eta alemaniarrak. Eta, beraz, testuinguru horretan ni herri minorizatu batekoa sentitu izan naiz, zuek bezala.
Umetan, Pulara (Istria, Kroazia) joan zinen bizitzera. Eta, gero, gaztetxoa zinela, Zagreb hiriburura. Nolako oroitzapenak dituzu?
Zagrebera 13 urte nituela joan ginen. Ekialdeko mutil bat nintzen Kroaziako hiriburuan, eta ez nintzen batere otzana sentitzen. Langile klasekoa nintzen, eta langileen seme-alabek salbatu ninduten.
Gazte hasi zinen idazten. Gero, gainera, hizkera propio bat sortu zenuen kroaziera, italiera eta esloveniera uztartuz. Nola okurritu zitzaizun hori?
Nire lehen poesia lanak idatzi nituenean, umemokoa nintzen, 10 urte nituen. Kontua da futbolean oso txarra nintzela. Musika eskolan, berriz, biolina jotzen nuen. Idazteko saiakerak egiten hasi nintzen, asko irakurri nuen, eta handik urte batzuetara banekien zer izan nahi nuen: idazlea. Iruditzen zait Herman Melville, Joseph Cornell eta Jack London irakurtzeak egin nindutela idazle. Bestetik, buruan sartu zitzaidan benetako idazlea izateko marinela izan behar nuela, haiek bezala. Akademia militarrera joan nintzen, eta Jugoslaviako Itsas Armadako ofizial bihurtu. Ondoren, nobelak idazteari ekin nion.
Baina izan zenituen beste erreferente batzuk gero.
Bai, noski: Charles Bukowski, Norman Miler eta John Dos Passos.

Kazetariei dagokienez, zein dira zuretzat historiako onenak?
[Sergei] Eisenstein aipatuko nuke, akaso, baina beste batzuk ere bai. Asko izan dira nire erreferenteak.
Dokumental asko egin dituzu telebistarako.
Kroaziako telebistan, arazo piztailetzat jotzen ninduten. Faxismoaren eta antifaxismoaren inguruko dokumentalak egin izan ditut. Eta, halako lanekin hasi nintzenean, telebistako denak harrituta gelditzen ziren. Zeren, begira, lantaldekoei eta kamerariei esaten nien oinetakoak filmatzen hasteko, eta gero poliki-poliki kamera gora eta gora eramateko, eszena buruan amaitzeko. «Zertan ari zara?», galdetzen zidaten. Zerbait berria zen garai hartan. Nire bizitzan berrehun dokumental inguru egin ditut, askotarikoak.
Zer deritzozu historiaren garai honi buruz? Albiste faltsuen eta desinformazioaren zabalkundearen garaia da.
Hutsaltasun moduko bat dago artean. Arteak eremu libre bat behar du, berez. Kontua da ibai basati batek uholde handiak sortuko balitu bezala dela egungo garai hau. Post-literaturaren garaian gaude, baita post-kazetaritzarenean ere. Inori ez zaizkio axola kazetaritza klasikoan albisteak erantzun ohi dituen bost galderak: nor(k), zer, non, noiz eta zergatik. Galdu egin dugu hori, eta ez zaie galdera horiei erantzuten. Kazetaritza bera hutsalkerian murgildu da. Post-kazetaritza, post-oro... daukagu. Dena hutsala.
Adimen artifizialak kazetarien lana ordezkatuko al du?
Uste dut baietz. Oraindik ez, baina luze gabe bai. Ziur nago adimen artifizialak apaingarri bihurtuko duela giza inteligentzia.
Eta iruditzen zaizu hizkuntza gutxituetako hedabideek badutela etorkizuna?
Hizkuntza gutxituak eta dialektoak dira giza espeziari eusteko modu bakarra. Espero dut iraungo dutela. Baina arriskuak hor daude, gero eta hutsalagoa baita dena, eta post-politikoa. Faxistek oztopoak jarriko dituzte aurrerantzean ere: faxistek aurrerapena oztopatzen dute. Hala ere, oraindik espero dut gizakiok aurrera egin ahalko dugula [Rakovacek saria jaso zuen gauean, Igor Devetak Primorski Dnevnik egunkariko zuzendariak egin zuen haren laudatio-a, eta aipatu zuen Kroaziako kazetaria antifaxismoan nabarmendu dela bere ibilbidean].
Kazetaritzan hasi berriak diren gazteei zer gomendatuko zenieke? Zer egin behar da kazetari ona izateko?
Lehenik eta behin, ofizioa maite izan behar da; gero, hezkuntza formala izan; eta hizkuntzak jakitea garrantzitsua da. Zenbat eta hizkuntza gehiago jakin, orduan eta hobeto. Eta aipatu dizkizudan kazetaritzako bost galderak brontzezko plaka batean jarri behar dira, edo eskultura batean, hamar aginduak balira bezala. Eta kazetari batek, dudarik gabe, jakin-mina eta maitasuna behar ditu.