Feminismoaren «narrazio kolektiboa» egin dute 'Berria FM' podcastean

'Berria FM'-k aurrez aurreko emanaldi bat egin zuen herenegun, Iruñeko Katakraken.

Iruñea. BERRIA FM podcastaren zuzeneko grabaketa, martxoak 8aren harira
Uxue Rey, Ane Eslaba, Ainhoa Olaso eta Uzuri Castelo, herenegun, 'Berria FM' podcastaren grabaketan, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
itsaso jauregi 2
Iruñea
2024ko martxoaren 8a
05:00
Entzun

Urtebeteko bidea egin du Berria FM podcastaren bigarren aldiak; 2023ko martxoaren 8an abiatu zuten bidea ospatzeko eta Emakumeen Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko elkartu ziren herenegun, Iruñeko Katakrak liburu dendan. Uxue Rey eta Ane Eslaba BERRIAko kazetariek gidatutako saioa zuzenean ikusteko eta aditzeko aukera izan zuten hainbat BERRIAlagunek, eta horren emaitza BERRIAn eta ohiko plataformetan entzungai dago jada: Norabidea zaintzeaz.

«Oso pozik gaude hemen egoteagatik. Pixka bat urduri ere bai, aitortuko dugu: hau zuentzat berria da, baina guretzat ere bai», horrela eman zion hasiera saioari Uxue Rey kazetariak. Berria FM jendaurrean grabatu zuten lehen aldia izan zen; normalean, Euskalerria Irratiko estudioan grabatzen dute eta. Podcasta nola grabatzen duten ikustera agertu ziren hogei lagunen xuxurlak entzuten ziren, baina Oli Artola eta Lara Madinabeitia BERRIAko ikus-entzunezko saileko langileek sintonia jarri zutenean isildu ziren denak. Adi-adi zeuden, hizlariei begira.

Podcastaren bigarren aldiaren urteurrena ospatzeko, lehenbiziko saio hura bezala, Emakumeen Nazioarteko Egunari eskaini zioten eguna. Baina, hasteko, urtean landutako gaiak errepasatu zituzten. Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra aipatu zuten lehendabiziko saioan, eta hori izan zen herenegungo hitzaldiaren iparrorratza ere, zaintzaren gaia izan baitzuten hizpide. Horrez gain, Espainiako Gobernuak onartutako soilik baietz da baietz legearen erreformaren onarpena landu zuten, Pablo Picassoren jenioa-ren figura zalantzan jarri, eta Talaia Feminista egitasmoa ere aztertu zuten. Indarkeria matxista ere landu zuten saio batean, baina, Reyk esan zuen moduan, «zoritxarrez» astero landu daitekeen gaia da. Azaroan egunero landu daitekeen beste gai baten inguruan aritu ziren: Gazaren aurkako genozidioaren inguruan. «Azken urte honek ekarritako tragediarik larriena da. Hortaz, ezin beste alde batera begiratu, eta Berria FM-k ere egin zion so Palestinari», esan zuen Eslabak.

Zaintza erdigunean

Urteko errepasoa egin eta gero, txaloen artean gonbidatu zituzten bi hizlari oholtza gainera. Ainhoa Olaso Bilgune Feministako eta Denon Bizitzak Erdigunean plataformako kidea, eta Uzuri Castelo soziologoa eta gizarte psikologian doktorea. Azken horrek tesia egin du zaintzaren irudikapen sozialaren inguruan. Agendetan azpimarratuta dagoen Martxoaren 8aren inguruan aritu ziren, eta urtero egunak biltzen dituen kontraesanen inguruan. «Aldarrikapenak kalera ateratzeko eta agenda markatzeko eguna da, baina folklorizatu gabe. Egunerokoan jarraitzen dugu aldarrikapenekin», esan zuen Castelok.

Zaintza eskubide kolektiboa aldarrikatu zuten azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrean eta Martxoaren 8an ere ardatz izango da zaintzaren gaia, Olasok azaldu zuenez: «Zaintza eskubide kolektiboa da pertsona guztiok bizitza osoan zehar askatasunez eta konpromisoz zaintzeko eskubidea». Definizioa errealitate bihurtzeko, zaintzen dutenen eskubideak bermatu behar direla esan zuen Olasok, baina etekina da pauso horren oztopo nagusia. Zaintzaren irudikapen soziala aztertu du Castelok, eta, horretarako, egunerokoan zaintzan aritzen diren langileak elkarrizketatu zituen: botere harremanak, lanaren banaketa eta egoera bortitzak aurkitu zituen haien bizipenetan: «Bizi gara gizarte batean non ez zaion baliorik ematen zaintzari eta ez den ondo banatzen; emakumeak dira gehien zaintzen dutenak, eta pobrezia egoeran daude gehienak». Adineko emakumeen figura erreibindikatu zuen Castelok: gehien zaindu dutenak, baina, gero, gutxien zaintzen direnak. 

Feminismoaren lehentasuna azaroaren 30eko greban sortutako sareak eraikitzen jarraitzea dela esan zuen Olasok, poliki-poliki hainbat esparrutako feministen ikuspuntuak biltzeko eta partekatzeko: «Mugimendu feministak horretan jarraitzen du diskurtso deserosoak, interpelatzaileak eta geroz eta zehatzagoak planteatzen, eta aurten ere horretan ari gara. Azpimarratuko nuke mugimendu feministak egun honetan narrazio kolektiboa osatzeko duen gaitasuna». Txalo artean agurtu zituzten hizlariak, eta haiek hurrengo saiora arte, entzuleak, eta, kasu honetan, baita ikusleak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.