Ez dago geologoei galdetu beharrik: uztailaren 6an, Udaletxe plaza da tentsioaren epizentroa Iruñean. Edonola ere, goizean, txupinazoak festa guztiz leherrarazi aurretik, hiriko bazter guztietara ailegatzen da urduritasuna; hala nola Nafarroa Oinez txokora. Are gehiago, zona horretan, jendeak ez dio zertan itxoin udaletxeko eztandari; txupinazo propioa dute, 12:00etan. Aurten, basoa eskuan eta baxoa ahotan izan dira herritarrak. Bernat Etxepareko ikasle, guraso eta langileek jaurti baitute suziria, baxoa euskaraz pasatzeko eskea ozentzeko.
11:52 erlojuan, eta zirraraz hartuak dira Bernat Etxepareko langile Pello Aranzabal eta guraso Maialen Torre. Orain hilabete luze jakin zuten txupinazoa botako zutela.«Poza sortu zigun, eta ilusioa. Egun berezia delako, Euskal Herriko hiriburuan gaudelako, eta aldarrikatzera gatozelako», azaldu du Aranzabalek, irribarrez. Albo-alboan da Torre, hari zer erants diezaiokeen-edo pentsatzen. Bi hitzekin egin du proba aurrena: «Ohorea da». Eta segituan asmatu du, gainera, barrenekoa askatzen. «Harrotasuna ere bada aldarrikapen hau Hegoaldera ekartzea, Iparraldetik. Azterketa hauek euskaraz pasatzeko eskaerak 30 urte ditu. Ni ikasle nintzenean, bagenuen jadanik aldarrikapen hori, eta, begira, oraindik hala gara», ekarri du gogora, emozionaturik. Umorez, zehaztapena egin du Aranzabalek: «Nafarrek badute burugogor fama, baina nik uste dut guk ere merezia dugula hori...». Esaldiari segida ematekoa zen Aranzabal, baina lagunek solasa eten diote: «Ordua da, zatozte!».
11:56 erlojuan. Ilaran, oholtzara igo dira dozenaka lagun, Baxoa euskaraz lelodun kamiseta berdeak soinean. Izatez, Nafarroa Oinez txokoko arduradun Maider Ansa Zugarramurdi da zuriz doan bakarra. «Zuen borroka gurea ere bada», esan du, Bernat Etxepareko hainbat ikasleri begira.
11:58 erlojuan. Dagoeneko ez dago hitzaldi luzeetarako astirik; bai, ordea, motzetarako tartea. Xanti Landapy Torre eta Lorea Rekarte Doyhenard ikasleak aritu dira hizketan. Eskerrak eman, eta bi mezu nabarmendu dituzte, batik bat. Batetik, gogora ekarri dute asteon haien lau ikaskide ari direla errekuperatze azterketak egiten; «frantsesez, beharturik». Bestetik, azpimarratu dute «borrokari esker» erdietsi dutela brebeta euskaraz egitea.
Listo. 12:00ak erlojuan, eta ziztuan bota dute suziria. Baita irrintzi egin ere, gogotik. Ez agertoki gainean direnen aurpegietan, ezta behean diren horienetan ere; inon ez da sumatzen inbidiarik. Udaletxe plazako kaosean daudenak baino nabarmen goxoago, garbiago eta euskaldunago dira Taconeran.
Herriko Taberna, ahulduta
Oinez txokoaz gainera, euskarak beste hainbat arnasgune izanen ditu aurtengo sanferminetan. Ordea, ez dira izanen aurreikusi adina. Herriko Tabernak bertan behera utzi ditu atzotik 14ra bitarte antolaturiko kultur ekitaldi guztiak, Iruñeko Udalak mehatxatu egin dituelako. Herriko Tabernak 5eko iluntzean eman zuen erabakiaren berri, ohar bidez. Testu horretan, kontatu zuten udaltzainak 5ean bertan joan zirela tabernara, eta orduan agindu zietela jarduerak bertan behera uzteko. Poliziak ohartarazi zien ekitaldi bakoitzeko 60.000 eurorainoko isunak jar diezazkieketela.
Herriko Tabernako kideek zehaztu dute jatetxe eta taberna zerbitzuak eskaintzeko baimena dutela, baina nabarmendu dute «auzoan txertatutako proiektua» dela, «auzoari bizia eman nahi diona». Asmo hori erdiesteko, urtean zenbait aldiz bildu ohi dira inguruko bizilagunekin. Zehazki, martxoaren 7an egin zuten azken batzarra, eta orduan adostu zuten sanfermin hauetarako antolatuak ziren ekitaldi sorta. 15 urtez antolatu dituzte aurtengoaren tankerako egitarauak.
Debekuaren harira, elkartasuna eskatu diete herritarrei, eta, kultur eskaintzaz gozatzerik egongo ez bada ere, «eskaintza gastronomiko zabalaz» baliatzeko iradoki diete.
Festak eta baxoa euskalduntzea
Seaskako Bernat Etxepare Lizeoko ikasle, irakasle eta gurasoek bota dute Nafarroa Oinez txokoko txupinazoa. Herriko Tabernak bertan behera utzi ditu kultur ekitaldiak, udalaren mehatxupean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak