Film emanaldi bateratua antolatu dute biharko Tokikomek eta ETBk

Euskarazko kate ugarik 'Elkano: lehen mundu bira' eta 'Gartxot' animazio filmak emango dituzte

Gartxot: konkista aitzineko konkista filma ikusi ahalko da bihar gauean zenbait euskarazko telebista katetan. BERRIA.
urtzi urkizu
2020ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Tokikom toki komunikabideen bateraguneak eta EITBk sinatu duten akordio bati esker, euskarazko bi film botako dituzte bihar, aldi berean, Euskal Herriko euskarazko telebista askotan. Etxealditik Euskaraldira egitasmoaren barruan biharko prestatutako proposamenaren bueltan antolatu dute emanaldia.

Filmak aldi berean emango dituzte: 16:00etan, Elkano: lehen mundu bira animaziozko zinta ikusi ahalko da ETB3, 28 Kanala (Tolosaldea, Gipuzkoa), Erlo Telebista (Urola Kosta, Gipuzkoa), Goiena (Debagoiena, Gipuzkoa), Goierri Telebista (Gipuzkoa), Hamaika Telebista, Kanaldude (Nafarroa Beherea), Xaloa (Nafarroa) eta Oizmendi Telebista (Lea-Artibai eta Busturialdea, Bizkaia)kateetan. Telebistan ez ezik, EITBren Nahieran zerbitzuan eta Tokikomeko hedabideen webguneen bidez ere ikusi ahal izango da film hori.

21:00etan, Gartxot filma ikusteko aukera izango dute ikus-entzuleek, Gipuzkoako Erlo Telebistan, Goiena Telebistan, Goierri Telebistan, Nafarroa Behereko Kanalduden, Nafarroako Xaloan eta Bizkaiko Oizmendi Telebistan. EITBren Nahieran plataforman ere ikusgai egongo da.

Gartxot: konkista aitzineko konkista 2011. urtean Juanjo Elordiren eta Asisko Urmenetaren zuzendaritzapean egindako animaziozko filma da. Urmenetaren Gartxot komikian oinarritutako zinta da —Arturo Kanpionek idatzitako Gartxot, Itzaltzuko bardoa liburutik abiatutako komikian, alegia—.

Gartxot Itzaltzuko bardoa da istorioaren protagonista: Orreagako (Nafarroa) abade berriak gogoko ez duenez, hura deserriratu eta haren seme Mikelot bahituko du. Latinez kantatuko duen fraide bilakatu nahi du abadeak Mikelot. Lan horretan Benito Lertxundiren kantak entzun daitezke.

Elkano: lehen mundu bira, berriz, iaz zinema aretoetan estreinatutako animazio film bat da. Angel Alonso da zuzendaria, eta Jose Antonio Vitoriak eta Garbiñe Losadak Juan Sebastian Elkanoren ibileretan oinarritu zuten filmerako egindako gidoia. Animaziozko film onenaren Goya sarirako izendatua izan zen.

Euskaraldiaren saiakera

Etxealditik Euskaraldira egitasmoan bezala, hizkuntza eta ohiturak izan dira telebistentzako proposamenaren ardatza. Tokikomek eta EITBk azaldu dutenez, «euskarazko ikus-entzunezkoez gozatzeko» eta «euskarazko ekoizpenen kontsumo ohitura bultzatzeko» egin dute bat telebistek.

«Asteazkena ikuslearen eguna izan ohi denez, zinema aretoetara joan beharrean, zinema etxera ekartzea proposatu nahi diegu herritarrei», adierazi du Euskaraldiko koordinatzaile Rita Aldabaldetrekuk. «Tokikomen,EITBren eta Topagunearen eskutik, datorren proposamenak borobildu eta osatu egiten du egun horretako planteamendua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.