Zinemaren eta hitzen artean biraka aritzen da Marta Bassols (Bartzelona, 1980). Film esperimentaletan parte hartu izan du aktore moduan, konbentzionalak ez diren zinemagileen lanen programatzailea izan da Katalunian, eta ikus-entzunezko hainbat lan idatzi ditu. Això no és Suècia telesail arrakastatsuan ere aritu zen, aktore.
Nola sortu zitzaizuen Yo siempre a veces telesaila egiteko ideia?
Marta Lozak eta biok idatzi dugu. Loza atzerrian bizi izan zen luzaroan, eta ikus-entzunezko teknikari aritu izan da. Amatasunaz pentsatzen hasi zen, eta buruan zerabilen ama baldin bazen akaso lana utzi beharko zuela. Bitartean, ni ama izan nintzen, ausarkeriaz. Umea hazten ari nintzen bitartean, eguneroko asko idazten nituen; gauza batzuk sare sozialetan ere argitaratzen nituen. Orduan Lozak esan zidan ea zergatik ez genuen gai horren inguruko zerbait egiten: film bat, telesail bat... Idazteko elkartzen hasi ginen, eta hori izan zen erein genuen hazia.
Lehen atalean, sexua eta drogak ageri dira, erritmoa frenetikoa da. Gero, bigarren atalean, erabat aldatzen da.
Bai, biraketa bortitza da. Bizitzak horrela aldatzen zaitu, gauzak horrela egiten dituzunean, abiadura horretan. Lehen atala pertsonaien aurkezpena da, eta, hartan, amatasunaz ez hitz egiteko arriskua hartu genuen. Gero, telesailak amatasuna baino askoz ere gauza gehiagoren inguruan hitz egiten du, eta hori ere hasieratik ikusten da. Telesailak irakurketa geruza asko ditu: bizitzak ze-nolako birak eginarazten dizkizun, nola prekarizatu zaitezkeen... Kontua da klixetik atera nahi genuela.
Bartzelonan bizirik irautea da lantzen diren gaietako beste bat, eta etxebizitzaren gaia ere hor da.
Bai, Bartzelonan bizirik irautea, oro har, gero eta gogorragoa da. Eta Bartzelonan bakardadean haztea bidaia bat da, abenturazko pelikula bat bezalakoa. Turistifikazioak, gentrifikazioak... horrek guztiak ezinezkoa egiten du hirian bizitzea. Adibidez, badaude kalea arinago eta alaiago erabiltzea eragozten duten araudiak. Hiria herritarrentzat izatea erreklamatu beharko genuke. Telesailean azaleratzen den salaketa bat da.
Umorez, askotan.
Bai, umorez. Ez genuen zerbait astuna, trinkoa eta dramatikoa egin nahi. Telesaila hiriaren sinfonia bat da, hainbat auzo ikusten dira eta. Bartzelona, film askotan, oso leku cool eta zoragarria izan ohi da bizitzeko. Baina bertako bizimoduak argiak eta itzalak ditu, gero eta gehiago, gainera.
Gaztelania eta katalana nahasten dira, hirian gertatzen den bezala, ezta?
Bai, horixe bera gertatzen da Bartzelonan. Mahai berean, norbaitekin katalanez komunikatzen zara, eta beste norbaitekin gaztelaniaz. Hori horrela islatzea nahi genuen. Movistar Plusi ere koherentea iruditu zitzaion.

Kontziliazioaren gaiaz hitz egin duzu, baina filmaketetako lantaldeetako emakumeei begira. Errealitateaz aritu zara.
Filmaketetan ez da ikusten ama ezkongabe eta familia apalekorik. Ez da batere ohikoa bi baldintza horiek dituzten emakumeak ikustea filmaketetan. Telesail honi begira, funtsezkotzat jo genuen departamentuko buruak emakumeak izatea. Filmaketan haur txikiak zeuden, eta giro atsegina sortu genuen horretarako. Queer taldea ere bazegoen, oso feminista eta oso femeninoa. Koherentea iruditzen zitzaigun dena horrela izatea.
Aktore lanak egiteak ala gidoiak idazteak gogobetetzen zaitu gehien?
Asko gustatzen zait biak egitea. Interpretazioa ikasi nuen, eta gero berehala hasi nintzen idazten. Ezin naiz idatzi gabe bizi; idaztea da munduan egoteko nire modua. Interpretazioak ere oso zoriontsu egiten nau: jolas bat bezalakoa da, erraza egiten zait.
Donostiara etorri zarenez, Ion de Sosa zinemagile donostiarraz galdetu behar zaizu. Haren hainbat lanetan parte hartu duzu.
Lagun handia dut. Gure belaunaldiko autore garrantzitsuenetako bat da, eta sortzaile oso ausarta dela iruditzen zait. Hasieran, industriak ez zion askorik lagundu. Baina tematuta dagoenez gauzak nahi dituen bezala egiten, gure Buñuel berria da. Pixkanaka, gero eta kasu gehiago egiten diote. Zinema ikaragarria egiten du, oso sinbolista. Haren zale amorratua naiz.

Pozik etortzen zara Donostiara?
Hiri honek zoratu egiten nau. Asko gustatzen zait: maiteminduta nago. Zoriontsu izateko jostailuzko dekoratu bat dela ere iruditzen zait. Nahi duzuen guztietan gonbida nazakezue.
Ikus-entzunezkoetan emakumeen begirada asko dauden arren, zinemaren mundua patriarkala da gaur egun?
Jakina. Mundua, oro har, horrelakoa dela uste dut. Eta ikus-entzunezkoetan bide luzea dago egiteko. Pentsa zer den aktore batentzat: gidoiak filmatu baino 24 ordu lehenago iristen zaizkizu, eta haur txiki bat baldin baduzu... nola egiten duzu? Ez bazara norbaitekin bizi, laguntza eskatu behar baduzu... Sektorean kontu asko daude horretarako pentsatuta ez daudenak. Mundua oraindik nahiko patriarkala da, eta bide luzea dugu egiteko. Beste esparru batzuetan argi dago baietz, eta ikus-entzunezkoen munduan ere bai.