Kataluniako egoerak ematen duen jario informatiboarekin adi jarraitzen dute Euskal Herriko komunikabideek. Telebistan minutu asko betetzen ari dira kateak, Kataluniako azken berriekin. Testuinguru horretan, ETB1ek Katalunia: gizarte eredua erreportaje berezia emango du gaur, 22:30etik 23:30era.
Baleuko ekoizpen etxeak egin du erreportajea, eta Xabier Usabiagak aurkeztuko du. Irati Sarasua kazetariak zuzendu du lana. Iragarri du azkeneko egunetan Katalunian egon diren hainbat euskal herritarren iritziak jasoko dituztela. «Anjel Oiarbide Gure Esku Dago mugimenduko bozeramaileak, esate baterako, Katalunian erreferendum egunean ikusitakoaz hitz egingo du, eta, era berean, Euskal Herrian ikusten duen errealitateaz eta Gure Esku Dago-k dituen asmoez mintzatuko da», esan du Sarasuak.
Elkartasunari lotua joango da erreportajearen parte garrantzitsu bat. «Erreferenduma gauzatzen lagundu zuen suhiltzaile batekin egon gara. Kontatu digu zer lan egin zuten, eta ezusteko txiki bat ere ekarri digu». Elkartasunarekin lotuz, Kataluniara erreferendumaren egunean Galdakaotik (Bizkaia) joandako bi gazterekin hitz egingo dute. Kultur munduko lagunek L'estaca abestia kantatzen egin zuten bideokoekin ere mintzatuko dira.
Komunikabideetako kazetariengana jo dute iritzi bila, Sarasuak iragarri duenez: «Martxelo Otamendi, Joseba Arruti eta Humberto Unzueta elkartu ditugu, eta Kataluniak bizi duen egoeraren analisia egin dute». Beste analisi bat egingo dute erreportajean Eguzki Urteaga eta Juanjo Alvarez adituek. «Hemendik aurrerako urratsak aipatuko dituzte, eta Europak egin dezakeenaz hitz egingo dute».
Larraitz Elorriagarekin, bestalde, Interneteko sare sozialen inguruan ariko dira. «Sare sozialen alde onak eta txarrak ezagutu nahi ditugu. Azalduko du zer sinistu behar den eta zer ez».
Kirolari ere egingo zaio erreferentzia emankizunean; Mikel Astarloza txirrindulariari galdetuko diote ea defenda daitezkeen maite ez dituzun kolore batzuk. San Mamesen elkartasun ekintza antolatu zuten bi lagun ere ariko dira hizketan. «Interes berezia dago Euskal Herrian Kataluniarekin. Elkartasuna ere adierazi zaio prozesuari, eta elkartasuna erakutsi duten horiekin egon nahi izan dugu», gaineratu du erreportajeko zuzendariak.
PP kontu eske EITBri
ETB1ek, gainera, zabal eta luze jorratuko du gaur Kataluniako Parlamentuan eta kaleetan gertatzen dena. 16:05etik 19:45era Ahoz aho aurkeztuko du Amaia Cayerok. Mahai batean alderdi politikoetako ordezkariak ariko dira eztabaidan, eta beste mahai batean Jose Ramon Bengoetxea, Maite Ubiria eta Joseba Arruti analistak. Arratsalde osoan zuzeneko konexioak egingo dituzte Parlamentuko bilkurarekin. Gauean, Ahoz aho+ berezia ere ikusi ahalko da, 21:15etik 22:30era —Gure Kasa gaur ez dute emitituko—. Solasean ariko dira Denis Itxaso, Estitxu Garai, Amagoia Gurrutxaga, Galder del Campo eta Iñaki Galdos.
ETB2 kateak ere adi kasu egingo dio egun osoan Katalunian gertatzen denari: Xabier Lapitzek Bartzelonatik aurkeztuko du En Jake, 09:00etatik 14:00etara, El programa de Klaudio-n konexioak egingo dituzte parlamentuarekin arratsaldean zehar, eta Xabier Garcia Ramsdenek albistegi berezi bat aurkeztuko du eguraldiaren tartearen ostean, 22:10ean hasi eta 00:30era arte.
TV3 kateak Més 324 saioan landuko ditu eguneko gertakizunak, Xavier Graseten eskutik, 21:55ean. Ondoren, albistegi berezi bat emango dute, 23:30ean. Antena3ek eta La Sextak ere saio berezi bana emango dute gaur, 22:30ean hasita.
Euskadi Irratiko Faktoria eta Radio Euskadiko Boulevard Bartzelonan egingo dituzte, parlamentuaren atarian. Parlamentuko saioa gertutik jorratuko du euskarazko irratiak, 18:00etan hasita —Artola Bartzelonatik ariko da, eta Ainhoa Etxebeste, Donostiatik—. Bihar ere Bartzelonatik egingo dute Faktoria.
Bestalde, Nerea Llanos PPko legebiltzarkideak Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiaren agerraldia eskatu du Eusko Legebiltzarrean, eta salatu du talde publikoa «independentismoan doktrinatzen» saiatzen ari dela. PPk Iturberi eskatuko dio azaltzeko zer kostu ekonomiko izan duen prozesu katalanaren jarraipenak. «EITBn ez dago pluraltasun politikorik», salatu du Llanosek. «Lehen corralito abertzalea zena, orain independentista katalanen corralito bat ere bada. No-doa ematen du zenbaitetan».
Fokuak Katalunian jarraitzen du
ETB1ek 'Katalunia: gizarte eredua' erreportajea emango du gaur. 'Ahoz aho' bereziak egingo dituzte kate berean, arratsaldean eta gauean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu