Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan doktoretza egin zuen Joan Ramon Rodriguez-Amatek (Vic, Herrialde Katalanak, 1975). Ingalaterrako Sheffield Hallam Unibertsitatean ari da lanean, 2015etik.
Leioako jardunaldiko mahai inguru batean, nazioarteko informazioaz aritu zarete. Zein da zure analisia egun hedabideetan egiten den nazioarteko informazioaz?
Mahai inguruan gai interesgarriak atera dira. Nazioarteko saila ulertzeko modua aldatu egin dela aipatu da. Hizlarietako batek nabarmendu du Espainiako trantsizioaren aurretik nazioarteko informazioa aberatsagoa zela egunkarietan, eta horrela tokiko gai arantzatsuak alboratzen zirela.
Zer da nazioartekoa eta zer ez?
Hor dago beste gakoetako bat. Izan ere, Europako politikekin zer gertatzen da? Tokian tokiko herrialdeei eragiten die. Zer gertatzen da ingurumenarekin? Eztabaidagarria da nazioarteko informazioan sartzea, planeta osoari eragiten diolako, herritarren egunerokoan ere eragina baitu.
Sare sozialetan gertatzen dena ere erakusgarri ona da, ezta?
Dudarik gabe. Sare batean agertu ahal zaizkizu jarraian bizilagun baten urtebetetzea eta BBCren ingelesezko albisteak. Dena nahasten da zure harian, eta hor ez da bereizketarik egiten.
Azkeneko urteetan asko hitz egiten da freelance kazetarien baldintza prekarioez. Nolako eragina du horrek informazioaren kalitatean?
Ikerketa mintegi bat egin dugu bi egunez Leioan, eta horretaz aritu gara. Ikerlarien proiektu bat abian da. Gaien artean, funtsezkoa da kazetarien lan baldintzak aztertzea. Nazioarteko gatazken berri ematen freelance kazetariak ari badira, eta haien egoera kaskarra bada, informazioaren kalitateak sufritu egiten du. Freelance horiek beren kabuz doaz tokietara, baina haientzat zaila da edukiak zabaltzea ez badute aurretik akordioren bat lortu. Gainera, gatazketara segurtasunik gabe joatea arriskutsua da. Haien segurtasuna arriskuan egoteaz gain, tokiko herritarrekin eta beste kazetari batzuekin sareak lortzea zailagoa izaten dute.
Zer iritzi duzu albiste faltsuen auziaz?
Ez dira gaurko asmakizun bat. Albiste faltsuak egon ziren Galiako gerretan Julio Zesar Erromako enperadorea zenean, eta Vietnamgo gerran. Balio estrategikoa dute albiste faltsuek. Gainera, egun produktu gisa azaldu dira albiste faltsuak, eta etekin ekonomikoak ematen dizkiete plataforma batzuei. Hori ikusita, kazetariek arreta jarri behar dute albiste faltsuen ezaugarrietan, eta konfiantza lortu behar dute eguneroko kazetaritza praktikan.
Beste faktore arriskutsu batzuk badaude, ezta?
Bai; adibidez, albiste batean iruzkin jakin batzuk argitaratzen baldin badira, albistearen beraren zentzua aldatzen da. Lankide batzuk hori ikertzen ari dira.
Adimen artifizialak zer eragin izango du kazetaritzan?
Haizeari ateak jarri nahi izatea eta horri aurre egin nahi izatea bide galdua da. Baina gogoan izan behar da zein den kazetarien egitekoa. Adimen artifizialak asko du liluraz, baina tranpa bat da. Adimen artifiziala baldarra da oraindik gauza gehienetarako.
Kazetarien lana garrantzitsua izango al da etorkizunean?
Adimen artifiziala etorkizunean abiapuntu bat izan daiteke zirriborroak egiteko. Baina, gero, kazetariek beren tresnak dituzte, eta informazioa egiaztatu egin behar dute. Bereizi egin beharko da albisteak idaztearen eta kazetari izatearen artean. Hori da gakoa.
Joan Ramon Rodriguez-Amat. Sheffieldeko Unibertsitateko irakaslea
«Freelanceen egoera txarrak eragina du kalitatean»
Nazioarteko gatazken berri ematen duten kazetarien gaineko jardunaldi batean aritu da Rodriguez-Amat, Leioan, EHUn. Sare sozialek informazio jarioan garrantzi handia duela dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu