Garai baten isla izan zen 'Berriak'

Gaurko egunez duela 50 urte argitaratu zen 'Berriak' aldizkari elebidun ezkertiarraren lehen zenbakia. Jon Zabaleta marrazkilaria bertan aritu zen komikiak egiten, eta argitalpenak «eragin handia» izan zuela gogoratu du.

'Berriak' aldizkari elebiduna sortu zenetik 50 urte bete dira gaur. GORKA RUBIO / FOKU
'Berriak' aldizkari elebiduna sortu zenetik 50 urte bete dira gaur. GORKA RUBIO / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2026ko irailaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Gure herriak gehiegi sufritu du berrogei urte hauen zehar. Gehiegi. Eta ez da garaia elkar bereizten gaituenean sakontzeko». 1976. urtearen irailaren 16a zen, eta hala zioen Berriak aldizkariak bi hizkuntzatan, Gaur da eguna testu fundazionalean. «Berriak euskaldunen batasunaren alde dago eta zentzu hortan jokatuko dugu. Gratis edo dubaz ez zaigu ezer eman eta emanen euskaldunoi. Denok nahi dugun Euskal Herri librea eta hobeagoa ez dugu lortuko ez badugu euskaldun guztiok elkar hartzen». Hitz berak, gaztelaniaz. 50 urte gaur. Ez zuen oso bide luzea egin aldizkari hark, baina Francisco Franco diktadorea hil ostean Hego Euskal Herrian sortu zen aurrenekoetakoa izan zen. «Eragin handia izan zuen. Euskaldun asko izango dira Berriak izan zenik ere ez dakienik», esan du Jon Zabaleta marrazkilariak (Hernani, Gipuzkoa, 1950). Komikiak egiten aritu zen aldizkarirako, urtebetez. Azalen bat edo beste ere egin zuen.

Amnistia denontzat leloa zekarren lehen zenbakiak. Gai politikoak gailentzen ziren. Orduko gizarte gaiak ez ziren falta; zentral nuklearren kontrako mobilizazioak, kasurako. Eta halako arnasa libre bat ematen zion Zabaletak, orrialde batean, bere komikietako Xua, Taka eta Klok pertsonaien bidez.

'Berriak' aldizkari elebiduna sortu zenetik 50 urte.
Berriak aldizkariaren lehen zenbakia. 1976ko irailaren 16an argitaratu zen, eta Hego Euskal Herriko kioskoetan saldu. GORKA RUBIO / FOKU

Eduardo Magallon izan zen aldizkariko zuzendaria; Alderdi Komunistaren ingurukoa zela diote garai hura gogoratzen dutenek. Zuzendariordea, berriz, Jacinto Perez Iriarte. Ez ziren garai samurrak ordukoak kazetaritza egiteko. Comando Benito Musolini de Orden Nuevo taldeak heriotza mehatxuak egin zizkien, aldizkaria martxan jarri eta bi hilabetera. Gutun batean gonbita egin zieten herrialdea uzteko, eta bestela hil egingo zituztela esan. Perez Iriarte (Iruñea, 1946-Madril, 2007) La voz de España egunkarian aritutakoa zen, eta Berriak itxi ostean, Interviu aldizkariko erredaktore burua izan zen 1977tik 1980ra. Zabaletak gogoratu du marrazkiz betetako karpeta batzuk eramaten zizkiola Perez Iriarteri, eta hark baliatzen zituela gai batzuetarako ala besteetarako. «Kalean gertatzen zena eta entzuten nuena marrazten nuen. Kaleko unibertsitatea pasatua nuen ordurako».

Ikurrina legeztatzeko auzia ere bor-bor zegoen. Eta Zabaletak azal bat sortu zuen ikurrinaren gaiaren inguruan: hirugarren zenbakikoa, irailaren 30ekoa. Zenbaki hartan, ikurrina «Euskal Herriko populuaren batasunezko agiria» izan dela zioten hedabideko arduradunek, eta testu historikoak erabili zituzten hori arrazoitzeko.

Berriak aldizkari elebiduna sortu zenetik 50 urte
Berriak aldizkari elebidunaren hirugarren zenbakia. Jon Zabaletak egin zuen marrazkia. GORKA RUBIO / FOKU

Irailean lehen zenbakia argitaratu aurretik, komunikabidearen aurkezpen publikoa urte hartako maiatzean egin zuten, Bilbon. Han izan ziren ordu hartako Hego Euskal Herriko ordezkari politiko esanguratsuenetako batzuk. «Informazio plural eta demokratikoa eskainiko dugu, non Euskadiko iritzi demokratiko guztiek lekua izango duten», esan zuten aldizkariko zuzendariek aurkezpenean. Lantaldeak lau erredakzio zituen: Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Administrazio kontseiluan informazio arloko profesionalak zeuden.

Zabaleta marrazkilariak ez zituen pertsonalki ezagutzen aldizkariaren sortzaile eta zuzendariak. Haren bila joan ziren, Donostia aldera. «Jesus Uriarte argazkilaria ezagutu nuen, hori bai, gero Egin-en eta beste hedabide askotan aritu zena». Nabarmentzekoa da, hain zuzen ere, aldizkariaren lehen zenbakien argazkien kopurua eta kalitate maila.

'Berriak' aldizkari elebiduna sortu zenetik 50 urte.
Berriak aldizkarirako Xua, Taka eta Klok pertsonaiak asmatu zituen Jon Zabaletak, 1976an. GORKA RUBIO / FOKU

Lehen aste eta hilabeteetan, aldizkariaren ale asko saltzen ziren kioskoetan. Hala du gogoan, bederen, Zabaletak. «Oroitzen dut azal batzuk egitea eskatu zidatela. Esaterako, alkateen erreboltarena». Bosgarrena izan zen hori, urriaren 14koa. Horren aurreko zenbakia, laugarrena, memoria historikoari lotua izan zen: Eusko Jaurlaritza 1936an sortu zenetik 40 urte beteak ziren, eta orrialde haietan Jose Antonio Agirre lehendakariaren 1936ko abenduaren 22ko diskurtsoa ere argitaratu zuten (gaztelaniaz).

'Berriak' aldizkari elebiduna sortu zenetik 50 urte.
Berriak aldizkariaren bosgarren zenbakiko azala. Jon Zabaletak egindakoa hori ere. GORKA RUBIO / FOKU

Kultur gaiek ere bazuten tokia aldizkarian. Zazpigarren zenbakia horren erakusle: Euskal liburuak izenburupean, literatura eta liburugintzari eskainitako erreportaje zabala egin zuten. Ahots askoren bidez landua, bidenabar. Elkarrizketatuen artean zeuden Kriseilu argitaletxeko zuzendari Luis Haranburu Altuna, Jakin-eko Paulo Agirrebaltzategi, Etor argitaletxeko Enrike Aierbe eta beste hainbat. Mami gehiago ere bazen: Ramon Saizarbitoriaren 100 metro eleberriaren (1976) inguruko eztabaida ere jaso zuten han. Luis Mari Mujika poetari elkarrizketa bat: «Euskararen biziraupenak soluzio politikoak exijitzen ditu». Gabriel Zelaia idazlearen artikulu bat: Una poesía cantada (Kantatutako poesia). Eta albiste bat, ez oso luzea, kontatzen zuena Bilintx liburu denda zabaldu berri zutela Donostiako Fermin Kalbeton kalean —Elkarren denda han dago gaur egun—.

Manex Goienetxeri buruzko elkarrizketa luze bat ere irakur zitekeen zenbaki haietan, Uztaritzen (Lapurdi) egina, Udako Euskal Unibertsitatearen ingurukoa.

Akziodun txikiei esker lortzen zuten aldizkaria argitaratzea; ehun akziodun baino gehiagok jarri zuten dirua 1976an. Publizitateari dagokionez, Gipuzkoako Banku Industrialak orrialde osoa jarri zuen: gaztelaniaz zein euskaraz. 1975ean sortua zen banku hori, eta Bankoa izena hartu zuen gero. Jatetxeen publizitatea ere bazen: Aurrera, Gurutze Berri, Arzak eta Akelarrerena, besteak beste.

Gainbehera hurrengo urtean, 1977an

Aldizkariko kolaboratzaile eta sinatzaileen artean, Arantza Lizaso, Ana Garbati, David Barbero, Jose Maria Garmendia, Arantza Zozaia, Puri San Martin, Peru Erroteta eta lehen aipatutako Luis Haranburu Altuna zeuden. Halaber, kolaboratzaileak zituzten Galizian, Herrialde Katalanetan eta Espainian. Diseinuan eta maketazioan Angel Anboto eta Andoni Martin aritzen ziren. Eta argazkiak ateratzen, Jesus Uriarterekin batera, Ramon Velasco, Jose Antonio Bazo, Luis Ziarrusta eta Jose A. Pastor.

Lehen zenbakietako azalak ikusita, kolorearen erabilera tarteko, inbertsio ekonomiko sendo bat bazen. «Hasieran, dirua gastatu zuten», oroitu du Zabaletak. «Dena oso bizkor ari zen gertatzen, edonola ere. Eta beste komunikabide eta argitalpen batzuk ere jaio ziren. Era berean, alderdi politiko bakoitza hasia zen bere aldizkaritxoa egiten». Marrazkilari hernaniarraren iritziz, «soziologia politikoetan mugimendu ugari» ere izan ziren hilabete haietan.

Berriak-en parte hartu zuten kolaboratzaile batzuen ingurukoek adierazi izan dute mugimendu abertzale batzuetatik «espainolistatzat» jotzen zituztela aldizkarikoak, eta kritikak jaso ohi zituztela. Ezkerreko taldeetako militanteen arteko kritikak ez ziren gutxi Franco hil osteko sasoi hartan. Orduan ere.

'Berriak' aldizkari elebiduna sortu zenetik 50 urte.
Berriak aldizkarian Jose Anjel Iribar atezainari egindako elkarrizketa berezia argitaratu zuten, 1976ko abenduan. GORKA RUBIO / FOKU.

1977ko lehen hilabeteetan, beherantz egin zuen Berriak aldizkariaren zabalkundeak. Finantzaketa behea jotzen hasi zen.

Edonola ere, Zabaletaren irudiko, aldizkari hura zaindua zen irudi eta argazki aldetik. «Polit-polita zen, elegantea». Gogoratu du Genoveva Gastaminza kazetaria ere han ibiltzen zela. «Jende garrantzitsu askok parte hartu zuen». Gaztea zen Zabaleta Berriak-eko marrazkilari hasi zenean, eta irudipena du horrek ate batzuk zabaldu zizkiola gero. «Marrazki eta azal haiei esker ezagutu ninduen jende askok, eta ziur aski horregatik deitu zidaten Egin egunkarian aritzeko. Berriak aldizkariarekin eta Egin-ekin nahikoa arrakasta izan nuen». Ipurbeltz-en, Euskaldunon Egunkaria-n eta Zeruko Argia-n ere jardun zuen marrazkilari Zabaletak.

Zabaletak gogoan du 1977ko Aste Santuaren ostean murrizketak hasi zituztela aldizkarian. «Niri ere kolaborazioa murriztu zidaten». 1977ko ekainaren 8an jaio zen Deia egunkaria. Hilabete berean argitaratu zuen Berriak aldizkariak azkeneko zenbakia. Ekainaren 15ean egin zituzten, gainera, Francoren diktaduraren osteko lehen hauteskunde demokratikoak. Eta handik hilabete gutxira, irailaren 29an, jaio zen Egin egunkaria.

Angel Zelaietak (Mallabia, Bizkaia, 1940) Euskal-kazetaritzaz izeneko artikulu bat idatzi zuen Berriak aldizkarirako; garai hartan zeuden aldizkariak aipatzen zituen. Eguneroko euskarazko prentsa idatzia iristeko falta ziren oraindik hamalau urte. Ez zen oraindik eguneroko euskarazko irrati eta telebista publikorik ere. Baina Berriak aldizkari hartan argitaratu zen euskaraz Fernando Aire Etxar Xalbador-en heriotzaren inguruko kronika bat, 1976. urtearen amaieran. Zabaletari iruditzen zaio badela gogoratu beharreko hedabidea: «Ez da euskaldunon kosmosean gelditu. Baina garai hartan ekarpen oso handia egin zuen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA