Japoniako NHK telebistaren koprodukzioen nazioarteko zuzendaria

Shin Yasuda: «Garrantzitsua da gazteentzako bide berritzaileak planteatzea»

Input konferentzian munduko saioak ikusten aritu da Yasuda, eta hark Japoniako NHK telebistaren hiru programa aurkeztu ditu. Sutsuki defendatu du zerbitzu publikoa.

Shin Yasuda NHK telebistako ordezkaria, Bilbon, maiatzaren 6an. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Shin Yasuda NHK telebistako ordezkaria, Bilbon, maiatzaren 6an. MARISOL RAMIREZ / FOKU
urtzi urkizu
Bilbo
2025eko maiatzaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Asko gozatzen ari naiz munduko askotariko saioak ikusten», esan zuen Shin Yasudak (Tokio, 1974) elkarrizketaren hasieran, Bilboko Euskalduna jauregian. Input konferentzia Bilbon egin zen egunetan erantzun zizkion galderak BERRIAri, proiekzio eta aurkezpen arteko atseden tarte batean.

Irrati-telebista publikoak eraldatze garaian daudela uste duzu?

Japonian eta munduko herrialde askotan komunikabide publikoak oso zaharrak direla esango nuke. Batzuek jada komunikabide klasiko deitzen digute. Komunikabide tradizionalak, alegia. Baina Input konferentziara joaten zarenean, konturatzen zara ez dugula zertan zaharrak izan: oso erakargarriak izan gaitezke, oso berritzaileak, eta oso probokatzaileak ere bai. Bilbon ikusitako lanek ideia eta inspirazio berriak eman dizkidate lanean jarraitzeko.

Zer garrantzi du Japoniako irrati-telebista publikoak zure herriko gizartean?

Aurten ospatzen ari gara irratiaren mendeurrena. NHK oso garrantzitsua izan da beti Japonian, irrati-telebista publiko nazional bakarra baita. Herritarrek gugan konfiantza dute, NHKn dokumental onak egiten ditugulako. Eta gutaz ere fio dira, entretenimenduzko edukiak dauzkagulako, hala nola fikzioa eta musika. Denetarik ekoizten dugu: albisteak, dokumentalak, fikzioa...

Ez da herrialde guztietan hori gertatzen.

Irrati-telebista publiko asko horrelakoak ziren lehen. Baina, orain, hedabide publiko askok, batez ere Europan, ekoizpena murriztu dute. Bestalde, telebista publiko askok ekoizpen enpresa independenteengan jartzen dute konfiantza edukiak ekoizteko. Baina NHKn, oraindik, gure eduki asko ekoizten ditugu. Oso garrantzitsuak gara Japoniako komunikazio esparruan. Hala ere, eta uste dut egoera berdina dela mundu osoan, gazte askok jada ez dute telebistarik edo ez dute telebista tradizionala ikusten.

Soilik sakelako telefonoei erreparatuz bizi dira asko, ezta?

Gero eta gehiago daude Youtuben eta sare sozialetan. Bizkor gertatu da dena: beste hedabide eta plataforma berri batzuekin lehiatzen ari gara. Eta, beraz, oso garrantzitsua da guretzat beti modu berritzaileak planteatzea gazteengana iristeko.

Yasuda Shin NHK telebista japoniarraren ordezkaria
Shin Yasuda NHK telebista japoniarraren ordezkaria, Bilbon, maiatzaren 6an. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Bilbon hiru saio aurkeztu dituzu. Horietako bat 100 Cameras deiturikoa da. Zer proposatzen du?

Behatze dokumental bat da; ehun kamera txiki instalatzen ditugu leku batean, eszenak behatzeko eta atzemateko. Beraz, atal bakoitza ezberdina da. Bilbon proiektatu den atalean, ehun kamera jarri genituen Fukushimako Daiichi zentral nuklearrean; 2011ko lurrikararen eraginez, orain zentral nuklear hori desegiten ari da. Hala ere, langileak kaiola edo babesleku moduko bat eraikitzen saiatzen ari dira hautsitako zentral nuklearraren inguruan, material erradioaktiboak inguruan zabal ez daitezen. Gure saiorako ehun GoPro kamera jarri genituen, egoitza nagusian lana nola egiten ari den ikusteko. Interesgarria da arazo handi eta arriskutsu hori nola konpontzen ari diren ikustea. Gaia denoi interesatu beharko litzaiguke, bere garaian zentral nuklearrak erabiltzea erabaki genuelako.

Beste saio batek HokkaiDiuga Block No.1000 du izena.

Funtsean dokumental labur bat da, jatetxe txiki edo taberna baten ingurukoa. Garapen urbanistikoak denda txikiak ixtera behartzen ditu. Eta emakume batek zuzentzen duen jatetxe txiki batean zentratzen da gure saioa. Dokumentalak toki baten historia laburbiltzen du: urbanizazioa nolakoa den, eta lehen loratzen ziren kulturaren eta bizitzaren proiektu txikiak suntsituz nola joan diren. Berrurbanizazio proiektuaren ondorioak islatzen dira.

Azkenak sexuarekin du harremana, ezta?

Bai, NHK-k ekoitzi zuen Let's Talk About It! publiko gaztearentzat da. Baina saioan ez dira soilik sexu kontuak aipatzen, baizik eta Japonian askotan tabutzat jotzen diren gaiak aztertzen dira. Japonian, gazte askok Youtubera eta Internetera jotzen dute sexuari buruzko informazio bila, ezin dutelako informazio hori jaso eskolatik edo gurasoengandik. Eta, askotan, Youtuben, informazioa faltsua da. Maiz pornografiara iristen dira, gainera. Hedabide publikoa garen aldetik, garrantzitsua da eduki interesgarriak eta entretenigarriak estreinatzea, gazteek informazio zuzena izan dezaten: testuingurua jaso dezaten, eta entretenitzen badira, are hobe.

Nola ikusten duzu telebista publikoen etorkizuna?

Uste dut komunikabide publikoek rol garrantzitsua izango dutela beti gizartean. Plataforma eta eduki gehiago ekoizten diren heinean, jendeak erreferentzia puntu bat bilatzen du. Beste era batera esanda, hainbeste informazio dagoenez, iparrorratz bat bezalakoak dira hedabide publikoak: mundua ikusteko eta mundua ulertzeko iparrorratzak. Beti beharrezkoak izango dira komunikabide publikoak, baita haien informazio inpartziala ere.

Adimen artifizialak zer aldaketa ekarriko ditu?

Ezin dut esan nola aldatuko den telebista, baina uste dut adimen artifizialak sormenaren mundua aldatuko duela. Modu egokian erabiliz gero, sormena areagotu egin dezake. Adimen artifiziala oso onuragarria izan daiteke kasu batzuetan, baina ondo erabiltzen asmatu beharko da. Bestalde, uste dut adimen artifiziala lagungarria izango dela komunikazioan: herrialdeen arteko komunikazioan, baita kulturen artean ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.