gaizka izagirre
'Ekografiak'

'Gaua' eta 'Maspalomas'

2026ko urtarrilaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jaialdi eta zinema-aretoetan ibilbide arrakastatsua egin ondoren, atzo iritsi ziren Hego Euskal Herriko plataformetara Gaua (Amazon Prime Video) eta Maspalomas (Primeran, Filmin eta Movistar Plus).

Hasiera apurtzaile, ikusgarri, esplizitu eta koloretsu batek irekitzen du Maspalomas filma. Bisualki txundigarria da; 35 milimetrotan grabaturiko irudiek ehundura eta kontraste itzela jariatzen dute. Bertan ezagutuko dugu Vicente (Jose Ramon Soroiz) protagonista; 76 urteko gizonezko homosexuala da eta gustuko bizimodua darama Maspalomasen. Ikuspegi ia antropologikoz, Javi Agirrek maisuki ehizatzen du kamerarekin Vicentek arnasten eta bizitzen duen guztia.

Filmaren izenburua letra horiz pantailan agertzen denean, pelikularen alderdi bisualak eta narratiboak haustura basati bat jasango dute. Ekintza nagusiak protagonistaren buruko isuri baten ondorioz Donostiako zahar-egoitza batean sartzen dutenean hasiko dira; bertan bere orientazio sexuala ezkutatzea erabakitzen du. Soroizek egiten duen lana ikaragarria da.

Orduan pelikula erabat aldatuko da, eta festa koloretsu, aske eta bizi horietatik, kolore gris, ilun eta tristeetara igaroko gara; protagonistaren bizitza berriarekin eta bere aldartearekin guztiz bat datorren haustura da. Hortik aurrera Maspalomas konfinamendu psikologikoen, fisikoen eta identitate ezabatuen inguruko hausnarketa sotila bihurtzen da. Arregik eta Goenagak ikuspuntu bakarraren aldeko hautua egiten dute hasieratik.

Gaua filmaren gidoia, berriz, berezia da: ez da kronologikoa. Ipuin laburren, elezaharren eta kondairen mamia darama, eta atalka antolatuta dago, matrioxka baten barruan dagoen ipuin-kontalari baten tankerara.

Eszenaratze lana ia ukigarria da: testurak, arnasketak, marruskadurak… Gaua ez da kontzeptu bat, ikuslearen gorputzean sartzen den presentzia bat baizik. Forma edukiaren eta sentsazioen zerbitzura dago etengabe.

Urkijok Errementari filmeko munstroen iruditeria eta iluntasuna bereganatu ditu, Irati-k zuen emozioa, maitasun-keinuak eta emakumezko pertsonaia sendoak gehitu dizkio, eta guztiari epikotasun-dosi txiki baina eraginkorrak erantsi dizkio.

Gaua eta Maspalomas nortasun propioa duten ezinbesteko bi proposamen dira, eta euskal zinemaren oroimenean iltzatuta geratuko dira betiko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA